Txikipedia:Kastainetak

Kastainetak idiofonoen familiako soinu-tresnak dira. Kriskitin edo kastañuela ere esaten zaie.

Nolakoak dira? aldatu

 
Kastaineta edo kriskitin txikiak.

Zurez egindako sasi zirkularrak eta ahurrak diren bi pieza dira, parea osatzen dutenak. Goiko aldetik sokatxo batekin loturik daude, parea elkartzeko eta jotzerakoan heltzeko.

Nola jotzen dira? aldatu

Hatzetan loturik, astintzerakoan elkar jotzen dute, erritmoa emanez. Bi neurri eta jotzeko eratakoak daude: batzuk esku barnean hartzen dira, erdiko hatzetan loturik. Besteak txikiagoak dira eta hatz lodian lotzen dira.

Kastainetak euskal herri-musikan aldatu

Gaur egun oso erabiliak ez badira ere, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait eskualdetan dantzariek jotzen dituzte dantzatzerakoan. Garai batean gehiago erabiltzen ziren eta idatzitako dokumentazioan ikus dezakegunez, Euskal Herrian antzina toki askotan jo izan dira.

Batetik, taldeka, herrietako dantza erritual eta ingurutxo moduko dantzetan erabiltzen dira; adibidez, Korpus Eguneko Oñatiko Dantzak, Otsagabiako Dantzak, Eltziegoko Dantzak, Lesakako Inauterietako Goitarren konpartsa eta Iribasko Ingurutxoa. Kasu hauetan, esku osoarekin Iberiar penintsula osoan jotzen diren kriskitin arruntak erabiltzen dituzte.

Bestetik, fandangoa, arin-arina, jota, porrusalda eta abar dantzatzeko erabilitakoak dira. Azken hauek, kasu askotan aurrekoak bezalakoak badira ere, besteetan, txikiagoak izaten dira eta hatz lodian loturik, beste hatzekin klasketa egiterakoan jotzen dira.