Karlomagno (Carolus Magnus latinez, edo Karlos I.a Handia euskaraz) frankoen errege eta 800. urtetik 814.ean hil zen arte, Mendebaldeko Erromatar Inperioko enperadore izendatu zuen Leon II.a aita santuak Erroman,eta beraz bere garaiko agintaririk boteretsuenetako bat izan zen. VIII. mendetik X. mendera bitartean Mendebaldeko Europako ia lurralde guztiak (gaur egungo Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo) bere aginpidean batu eta gobernatu zituen Karolingiar dinastiaren sortzailea izan zen.
Frankoen erresumaren loraldia ekarri zuen enperadore bihurtu ondoren; Akisgran hiria (gaur egungo Alemanian) hautatu zuen bere hiribura izateko, eta bere lurraldean, diru, idazkera eta pisu eta neurri sistema komunak ezarri zituen. Hainbat jauregi eta eraikin eginarazi zituen Akisgranen, "bigarren Erroma" bat bihurtzeko asmoz. Karolingiarren garaiko arkitekturak Erromako arkitekturaren eragin handia izan zuen; enperadorearen egoitzako eraikin asko Erromako eraikin batzuen kopia izan omen ziren.
Europa kristautu eta modernizatu zuen estrategi militar handi bat izateaz gainera, zientzien eta kulturaren sustatzailea ere izan zen. Bere garaiko jakintsurik handienetako batzuk, poetak, idazleak eta historialariak ekarri zituen bere ondora, eta haietan oinarritu zen frankoen erresumako kulturaren loraldia. Kultura-iraultza horretan, oso partaide garrantzitsua izan zen Alkuino Yorkekoa britainiar eruditoa, Karlomagnoren administraziorako eskola garrantzitsu bat sortu zuena, antzinako idazle askoren lanak gordetzen zituen biblioteka bat fundatu zuena eta idazkera berri bat (karolingiar hizki xeheak) asmatu zuena.
Hispania musulmana konkistatu nahi izan zuen, baina porrot egin zuen ahalegin horretan; Zaragoza erasotzera zihoala, soldadu gutxiegi zituela-eta, atzera egin behar izan zuen eta, Frantziara bidean Pirinioetatik pasatzean, baskoien lurraldean sartu zen; baskoiek, segada bat prestatu zioten Orreagan, eta bere armadaren erretagoardia galdu zuen 778. urtean.
Karlomagnoren ondorengoak, ordea, ez ziren gai izan haren inperioari eusteko eta frankoen erreinua pixkanaka-pixkanaka indarra galtzen eta zatitzen hasi zen.