Jazarpena eta bortizkera

Jazarpen edo bullying delakoa pertsona batek edo batzuek beste norbait denbora luze batean zehar behin eta berriz modu anker, mingarri edo bidegabean tratatzea da. Irainak, mehatxuak, bazterketa edo zurrumurru faltsuak erabiltzen dira askotan norbait jazartzeko.

Jazarpena hainbat tokitan gertatu daiteke, eskolan, lantokian, sare sozialetan, mugikorraren bitartez edo beste giro sozial batzuetan, adibidez. Garrantzitsua da ulertzea jazarpena ez dela noizean behin gertatzen den eztabaida edo liskar soil bat, norbait emozionalki edo fisikoki kaltetzeko nahita eta etengabe egiten den zerbait baizik.

Jazarpena oso kaltegarria izan daiteke jasaten duen pertsonarentzat. Estresa, antsietatea edo depresioa eragin edo osasun mentala kaltetu dezake, eta eskolan okerrago ibiltzea ere eragin dezake. Zoritxarrez, jazarpen biktima batzuek ezin izaten dute gehiago jasan, eta ez diete inori ezer kontatzen, ezta beren gurasoei ere, eta azkenean beren buruaz beste egitea erabakitzen dute.

Neska-mutil gazte askok eskolan jazarpena jasaten dute; honi eskola-jazarpena deitzen zaio. Kasu hauetan, ikaskideek ikusten dute zer gertatzen den, baina ez dute hori geldiarazteko ezer egiten, haiek ere jazarpena jasateko beldur direlako. Jazarpen-egoerak ezagutzen dituzten pertsonak, egoera hori geldiarazteko ezer egiten ez badute, jazarpena egiten duen pertsonaren konplize bihurtzen dira.

Inork ez du jazarpena jasatea merezi, eta zuri edo ezagutzen duzun norbaiti gertatzen baldin bazaizue, oso garrantzitsua da horri buruz hitz egitea norbaitekin: heldu fidagarri batekin (guraso, irakasle edo eskolako orientatzaile bat) hitz egitea jazarpena geldiarazteko eta denok seguru sentitzeko eta errespetatuak izateko lehen urratsa izan daiteke. Irakasleek eta eskolan lan egiten duten pertsonek jazarpena ekiditeko moduak aurkitu ditzakete.

Herrialde eta lurralde batzuek jazarpena debekatzen eta zigortzen duten legeak dituzte.