Atmosferaren erabilera kontrajarriak.

Jasangarritasunak (iraunkortasun edo eutsigarritasun hitzak ere erabiltzen dira) esan nahi du halako jarduera edo egoera bat maila jakin batean mantendu daitekeela nahi beste denboran; gizartearen edozein alderdirekin du zerikusia, baina bereziki ekonomiarekin eta ingurumenarekin. Jasangarritasuna lortzeko, gizakiek egunerokoko alderdi guztietan beraien erabakiak pentsatu behar dituzte. Hori pertson bakoitzaren eta industrien ekintzei aplikatzen zaie.

Ingurumenaren alorreko jasangarritasuna aldatu

Lurreko bizitza guztia ingurumenaren mende dago. Ingurumenetik datozen baliabide naturaletako batzuk elikagaiak, ura, landareak eta mineralak dira. Jasangarritasunak, ingurumenari dagokionez, esan nahi du edozein jarduerari ekiterakoan ziurtatu behar dela etorkizuneko belaunaldientzat baliabide nahikoak geratzen direla.

Gaur egun 7.000 milioi pertsona baino gehiago bizi dira Lurrean. Mila milioika pertsona horiek egunero erabiltzen dituzte planetaren baliabideak; giza-jarduerak modu askotan kaltetzen du ingurumena. Jendeak erabiltzen dituen baliabideetako batzuk ezin dira ordeztu erabili eta gero. Erregai fosil kopuru izugarriak ere erabiltzen ditugu, eta horrek kutsadura eta beste arazo batzuk eragin ditu. Jasangarritasunak ingurumena babestea eta mantentzea du helburu, ingurumenak jarduera hori jasan dezan epe luzean.

Ekonomiaren jasangarritasuna aldatu

Industriak, nekazaritzak eta eraikuntzak oraindik ere erregai fosilak (ikatza, petrolioa eta gas naturala) baliatzen dituzte. Erregai horiek lurraren, airearen eta uraren kutsadura eragiten dute. Erregai fosilak erretzeak berotze globalaren arazoan eragina du. Erregai fosilak baliabide ez berriztagarriak dira. Behin agortzen direnean, betirako desagertuko dira. Jasangarritasuna lortzeko, industriek energia berriztagarrien iturriak erabiltzen hasten ari dira, hala nola, eguzki-energia, haize-energia eta ur-energia. Energia-iturri horiek berriztagarriak dira, hau da, ezin dira agortu. Gainera, kutsadura gutxi sortzen dute.

Eraikuntzak altzairua, hormigoia, egurra eta beste material asko beharrezkoak ditu. Eraikuntza jasangarriagoa egiteko modu bat birziklatutako materialak (adibidez, eraitsitako eraikin baten metalak eta hormigoia) erabiltzea da. Eraikin jasangarrien diseinua, edo arkitektura berdea, eraikuntza bakoitzean ahalik eta energia kopuru gutxiena erabiltzen saiatzen da. Adibidez, eraikin batzuk eguzki-energia bildu eta gordetzeko diseinatuak daude eraikineko berokuntzan erabiltzeko. Eraikitzaileek “teilatu hotza” jarri dezakete, ohiko teilatua baino bero gutxiago xurgatzen duten materialez egindakoa. Horrek eraikina hotzago mantentzen du beroa egiten duenean.

Ura kontserbatzea oso garrantzitsua da, bereziki nekazaritzan. Nekazaritzak munduko ur gezaren % 70 inguru erabiltzen du. Nekazariek ura kontserbatu dezakete tokian tokiko klimara moldatzen diren uztak landatzen. Bestalde, nekazariek euri-ura jaso eta ureztatzeko erabil dezakete.

Zer erantzukizun dugu? aldatu

Gutako bakoitzak energia erabiltzeko dugun modua eta erosten eta erabiltzen ditugun produktuak aldatu ditzakegu jasangarritasunaren alde. Adibidez, gure etxean eguzki-panelak jar ditzakegu. Eguzki-panelek eguzkiaren energia erabiltzen dute ikatza baliatzen duten energia instalazioek sortutako elektrizitatea erabili beharrean. Bestalde, uraren erabilera murrizteko diseinatuak dauden etxetresna elektrikoak (ontzi-garbigailua eta garbigailua) erosi ditzakegu.

Plastikoa etxeko material oso ohikoa da, baina ingurumen-arazo asko sortzen ditu. Izan ere, plastikoak ez dira deskonposatzen, eta zabortegietan espazio asko hartzen dute. Askok ozeanoetan ere bukatzen dute, eta bertan ekosistemei kalte egiten diete. Plastiko gutxiago erabili beharko genuke, eta erabiltzen duguna birziklatu. Beira, papera eta beste material batzuk ere birzikla ditzakegu.

Industriek bezala, erregai fosilik ez erabiltzen saiatu beharko genuke. Autoa erabili beharrean, bizikletaz, oinez edo garraio publikoz mugitu gaitezke.