Iberiar Penintsulako erromatar konkista prozesu historiko bat da, K.a. III. eta I. mendeen artean gertatu zena, antzinako erromatarrek Iberiar penintsulan nagusitasun politiko eta militarra bereganatu zutenean.
Prozesu hori Erromak eta Kartagok mendebaldeko Mediterraneoa kontrolatzeko zuten gatazkaren barnean gertatu zen. K.a. 218. urtean hasi zen, erromatarrak Empuriesen lehorreratu zirenean kartagotarren hornikuntzak mozteko asmoz, eta K.a. 19. urtean bukatu zen, Zesar Augustoren garaian, erromatar armadak kantabriarren aurka borrokatu ondoren penintsula osoko kontrola bereganatu zuenean; kantabriarrak izan ziren Erromak menderatu zuen azken herria, katabriar gerra deitutakoetan.
Nola hasi zen konkista?
aldatuLehenengo Gerra Punikoaren ondoren (K.a. 264-241), Kartago Iberiar penintsulatik hedatzen hasi zen aberastasunak lortzeko, eta gerra galtzeagatik Erromari zor ziona ordaindu ahal izateko. Kartagotarrek penintsulako hegoaldea okupatu zuten, hasieran Hamilkar Barkaren gidaritzapean, eta ondoren, haren seme Hanibalen gidaritzapean. Kartagotar armada azkar hedatzen zela ikusirik, Erromak Ebro ibaian muga ezarriko zutela hitzartu zuen haiekin. Hala ere, kartagotarren lurraldean Sagunto hiria zegoen, Lehen Gerra Punikoan Erromaren aliatu izandakoa. Kartagotarrek, Hanibalek gidatuta, Sagunto setiatu zuten, eta hiriak Erromari laguntza eskatu behar izan zion.
Orduan hasi zen Kartago eta Erromaren arteko bigarren gerra; Bigarren Gerra Puniko izenaz ezagutzen da eta Iberiar penintsulan gauzatu zen. Erromak Hispaniara tropak bidaltzen zituen bitartean, Hanibalek bere armada Italiara bidali zuen Erroma konkistatzen saiatzeko, eta bere anaia Hasdrubalen esku utzi zituen penintsulako armadak.
Horren ondorioz, K.a. 218. urtean Erromak Gneo Kornelio Eszipionen gidaritzapean zegoen armada bidali zuen Iberiar penintsulara, Hanibalen espedizioak jasotzen zuen hornikuntza geldiarazteko. Eszipionek aliatuak bilatu zituen iberiar herrietan eta bere armada Tarraco hirian ezarri zuen.
Azkenik, 12 urtez liskar ugari izan ondoren, K.a. 206. urtean, erromatarrek kartagotarrak garaitzea lortu zuten, eta ondorioz, penintsulako hegoaldea kontrolatzea. Hasdrubalen tropa kartagotarrak penintsulatik irten eta Italiara joan ziren Hanibali laguntzeko. K.a. 197. urtetik aurrera, ekialdeko Pirinioetatik, gaur egungo Portugalgo hegoaldera doan kostako lurralde osoa bereganatu zuten erromatarrek. Iberiar herri gehienek arazo handirik gabe onartu zuten Erromaren nagusitasun militarra.
Nola bukatu zen erromatar konkista?
aldatuKartagotarrak kanporatu ondoren, erromatarrek euren nagusitasuna penintsulako barnealdeko herri zeltiberiarretara hedatu zuten. Herri batzuek aurre egin zieten, baina beste batzuk beraiekin aliatu eta haien armadekin batera borrokatu ziren.
Erromatarrek aurkitu zuten lehen erresistentzia lusitaniarrekin izan zen. Penintsularen mendebaldeko herri horretako buruzagi batek, Viriato izenekoak, erromatarren aurkako gerra bat hasi zuen K.a. 147. eta 139. urteen artean; baina azkenean, erromatarrek lusitaniarrak menderatzea lortu zuten, azken horiek euren buruzagia hil ondoren.
Erromaren aurka altxatu zen beste herri bat arebakoak izan ziren; euren hirian, Numantzian, setio luze bat jasan zuten. Hamar urteko erresistentziaren ondoren, K.a. 133. urtean, erromatarrek Numantzia konkistatu zuten. Harrezkero, Erromak Iberiar penintsula osoa kontrolatzen zuen, eremu kantabriarra izan ezik. Eremu horretako tribu asturrak eta kantabriarrak erromatarren eskumendetik kanpo geratu ziren eta euren mendietan babestu ziren.
Erromatarrek kontrolatzen ez zuten azkeneko lurralde hori ia ehun urte beranduago erori zen. Ordurako, Erroma jada ez zen errepublika bat, inperioa baizik, eta lehenengo enperadoreak, Zesar Augustok, bere suhia, Agripa, bidali zuen tribu astur eta kantabriarrak menderatzera; izan ere, noizbehinka, ondoan zituzten lurralde erromatarrei eraso egiten zieten.
K.a. 29. eta 19. urteen bitartean, kanpainia militar bat burutu zuten erromatarrek, kantabriar eremuko herriak menderatzea lortu zuten arte. Ordutik aurrera, erromatar konkista bukatu eta Iberiar penintsula osoa Erromaren mende gelditu zela esan daiteke; hala ere, erromatarrek hainbat kanpamentu militar mantendu zituzten lautadaren zonaldean, kantauriar mendikatearen oinean, herri horiek begipean kontrolatuta edukitzeko; horregatik pentsa liteke erromatarrek ez zutela eremu menditsua guztiz eta erabat menderatzen.