Hubble teleskopioa.

Hubble espazio-teleskopioa Lurraren inguruan orbitan jarritako behatoki optiko bat da. 1990ean jaurti zenetik, Hubblek 1,2 milioi behaketa baino gehiago egin ditu eta goitik behera aldatu du astronomia.

Espazioan dagoenez, Hubblek abantaila handia du Lurreko teleskopioekin alderatuz gero. Azken hauetan, Lurraren atmosferak objektu espazialen ikusmena iluntzen du, horietatik datozen argi izpiak xurgatzen edo desitxuratzen dituelako. Aldiz, Hubble teleskopioa atmosferatik kanpo dago eta lurreko teleskopioek baino distira, argitasun eta xehetasun handiagoko irudiak jasotzen ditu.

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak 1977an erabaki zuen Hubble teleskopioa eraikitzea. Izena Edwin Hubble-ri, XX. mendeko astronomo amerikar garrantzitsuenari, egindako omenaldia da. Hubble teleskopioa Lurretik 600 kilometrora orbitan jarri zuen Discovery espazio transbordadorearen tripulazioak 1990eko apirilaren 25ean.

Hubble teleskopio handia da, ispilu batzuetan objektu espazialen argia jaso eta erregistro tresnetara bideratzen duena; ispilu nagusiak 2,4 metroko diametroa du, bigarren ispilu txikiago bat eta argi ikusgarria, ultramorea eta infragorria detektatzeko erregistro-tresnak ditu. Hainbat kamera eta espektrografo ditu, argia osatzen duten koloreetan banatzen dutenak eta astronomoei atmosfera planetarioen, izarren, nebulosen eta beste objektu espazial batzuen konposizio kimikoa aztertzea ahalbidetzen dietenak.

Jaurti eta gero egindako hainbat hobekuntzaren ondoren, egungo Hubblek kamera aurreratu bat du espazio sakonean oso urrutiko objektuen irudiak lortzeko; irudi horiei esker, astronomoek unibertsoko garairik goiztiarrenetako batzuk aztertzeko aukera dute. Zenbait espektrografo ere baditu, izarrek eta quasarrek igorritako argi ultramorea aztertzeko eta eremu handiagoak aztertzeko, hala nola galaxiak. Instrumentu hauen bidez, Hubble astronomoei fenomeno kosmiko batzuen argazki ikusgarriak ematen hasi zen 1993an.

Galaxia espiral bat, Hubble teleskopio espazialak eginiko argazki batean.

Hubble Espazio-Teleskopioaren aurkikuntzek ikuspegi erabat berria eman die astronomoei unibertsoaren historiaz eta osaketaz. Izar gazteen argazkiak ere atera ditu, batzuetan sistema planetario bihurtuko diren izar diskoekin. Teleskopioaren behaketek, gainera, zulo beltzak galaxia gehienen erdian daudelako ebidentzia ere eman dute.

Hubblek gutxienez 2020ra arte funtzionatzea espero da. Ordurako NASAk bere ondorengoa izango den James Webb Espazio Teleskopioa jaurtitzea espero da, Hubblek duena baino baino zazpi aldiz handiagoa den ispilu batekin hornitua.