Hominizazio-prozesuaren garapena.

Hominizazioa primateen leinu bat eboluzioaren bidez pixkanaka gizaki bihurtu zuen prozesua da.

Gaur egungo gizakiarengana iritsi arte giza espezieak izan duen eboluzio-prozesu hori etengabe dago aztergai. Izan ere, azter dezakegun guztia aurkikuntza arkeologikoetatik ateratako teorietan oinarrituta eraikitzen da. Horregatik, ez da harritzekoa gaur egun dakiguna –ustez dakiguna– hankaz gora geratzea datu berriak lortzen direnean, aurkikuntza berri batzuen ondorioz. Urrutirago joan gabe, Atapuercan Homo Antecessor (gizon esploratzailea) deritzona aurkitu zenetik, nabarmen aurreratu behar izan dugu gizatalde primitiboak Europara iritsi ziren garaiari buruzko teoria, nahiz eta aditu guztiak ez diren ados jartzen.

Orain arte aurkitu diren aztarnarik zaharrenak Afrikakoak dira; Australopiteko deritzonaren aztarnak dira. Berau tente ibiltzen den hominido bat zen, eta, hain zuzen ere, eskuak libre zituenez gero, objektuei heltzeko eta erabilera bat emateko ahalmena zuen. Frogatua dirudi eskuen erabilera eta adimenaren garapena erlazionaturik daudela; eskuen erabilerari esker, hominidoak trebeago bihurtuz joan ziren eta, horren eraginez, adimenaren erabilera frogatzen duten objektuak sortzera iritsi ziren, bai eta ideiak eta pentsamenduak garatzera ere, haien ingurunera egokitzeko eta ingurune hori aprobetxatzeko.

Harri edo makila bat halako helburu jakin batekin erabiltzeak adimenaren erabilera esan nahi badu, orduan harri bat beste batekin jotzea ebakitzeko gaitasuna ematearren -Homo Habilis delakoak egiten zuen bezala-, aurrerapen handia da giza adimenaren bilakaeran. Hurrengo pauso bat izan zen teknika hori hobetzea, harri osoari bi aldeetatik ebakitzeko gaitasuna ematea lortu arte, gutxi gora-behera bi aldeetatik zorroztuz (bifazak); pauso hori, Homo Erectus delakoak eman zuen, ia erabat tente ibiltzen zen espezie batek. Neandertalen tresnen perfekziora edo Homo Sapiens delakoaren tresna-ugaritasunera iristea -harriak ez ezik, adarrak eta hezurrak ere erabiltzen baitzituen azken honek-, gaur egungo gizakiarengandik oso hurbilera gerturatzea da.

Homo Erectusek edo Neandertalek natura, sua, janzteko larruak eta abar erabiltzeak behaketaren bidez ikasten zutela esan nahi badu, sua pizten edo arropak egiten ikasteak, aldiz, gure espezieak gaur egun duen mailara iristea adierazten du.

Bestalde, hildakoak lurperatzea halako erritual bat bihurtzen denean, gizakiak beste aurrerapauso bat egin duela esan dezakegu, salto bat lehen hominidoen sen hutsetik Neandertalen edo Homo Sapiensen espiritualtasunera. Giza eboluzioaren azken maila honetan topatzen dugun sormen-ekintza –haitzuloetako hormetan margotzea–, adimenaren eta sentiberatasunaren bilakaeraren frogarik onena da, harri bat halako helburu jakin batekin erabiltzen hasi zen prozesu baten helmuga.

Gizateriaren bilakaera markatzen duen adimenaren garapenarekin bateratsu, aldaketa fisiko batzuk ere gertatzen joan ziren, hominizazioarekin lotuta:

  • Garezurraren edukieraren handitzea eta, ondorioz, burezurraren fisionomiaren aldaketa, batez ere, bekoki edo kopeta aurrerantz mugitzen delako.
  • Gorputzaren jarrera gero eta bertikalagoa.
  • Eskuen garapena.
  • Altuera eta gorpuzkera.

Ikus, gainera aldatu