Hartz Txikia edo Ursa Minor izar taldea.

Hartz Txikia (edo Ursa Minor) konstelazio edo izar talde bat da. Antzinarotik, hainbat herrik hartu diote izar horiei hartz baten tankera. Gaueko zeruan, Hartz Handiaren alboan ikus dezakegu.

Hartz Txikia ipar hemisferioan agertzen da urte osoan, baina ekainean ikusten da ondoen.

Hartz Txikiaren konstelazioa osatzen duten izarrek burruntzali edo katilu baten helduleku luze bat marrazten dutela dirudi.

Hartz Txikiaren heldulekua Iparrizarrean amaitzen da. Berau da Hartz Txikiko izarrik distiratsuena. Iparrizarra deritzo gutxi gorabehera Lurreko Ipar Poloaren gainean kokaturik dagoelako. Geldi dagoela dirudi, gainontzeko izarrak 24 ordutik behin haren jiran mugitzen direla dirudien bitartean. Marinelek eta gauez bidaiatzen duen beste edozeinek Iparrizarra erabili izan dute denbora luzean zehar iparraldea non dagoen jakin ahal izateko.

Mitoak

aldatu

Hartz Txikiaren inguruko historietako batek Hartz Handiaren inguruko mito batekin lotura du. Antzinako greziar mitologiaren arabera, Kalisto ninfa Zeusekin maitemindu zen, jainko nagusiarekin. Seme bat eduki zuten elkarrekin, Arkas. Zeusen emaztea, Heras, oso jeloskorra zen, eta Kalisto hartz bihurtu zuen. Gero, Arkas engainatzen ahalegindu zen, bere ama hil zezan. Arkas geldiarazteko, hartz bihurtu zuen hau ere. Zeusek, orduan, bi hartzak buztanetik heldu eta zerura jaurti zituen. Kalisto Hartz Handia bihurtu zen eta Arkas, berriz, Hartz Txikia.