Getxoko Aixerrota.
Haize-sorgailuak.

Haize-energia edo energia eolikoa haizeari esker lortzen den energia da.

Haize-energia elektrizitatea sortzeko erabiltzen da gaur egun. Gizakiak aspaldidanik baliatu du haizearen indarra: lehen, haize-erroten bidez; gaur egun, haize-sorgailuen bidez. Sorgailu horiek haizearen energia eolikoa energia elektriko bihurtzen dute.

Eoliko hitza latinetik dator, Eolo mitologiako jainko bat baitzen: haizearen jainkoa, hain zuzen ere.

Haize-energia energia-iturri garbia dela esaten da, haize-energia aprobetxatzen duten sistemek funtzionatzean ez dituztelako erregai fosilak erabiltzen. Ondorioz, sistema horiek funtzionatzean ez dituzte airea eta ura kutsatzen; hala ere, gaur egun sistema horiek fabrikatzeko, garraiatzeko, eraikitzeko eta mantentzeko erregai fosil ugari erretzen dira. Horrela, sistema moderno horiek ere berotegi-efektua indartzen dute, neurri txikiagoan bada ere. Bestalde, haizea energia berriztagarria da, hau da, ez da agortzen. Baina haizearen energia aprobetxatzeko erabiltzen diren sistema modernoak ez dira berriztagarriak, agortzen diren materialez eginda baitaude (altzairua, plastikoak, kobrea, lur arraroak...). Antzina erabiltzen ziren sistemak bai, berriztagarriak ziren, zurez eta harriz eginak baitziren osorik edo ia osorik.

Espainiako Mantxako haize-errotak.

Arazoak aldatu

Gaur egun haize-energia aprobetxatzeko erabiltzen diren sistemek badituzte beste arazoren batzuk ere: batetik, haize-sorgailu handiak behar dituzte, eta instalazio eolikoak haizeak indartsu eta jarraian jotzen duen lekuetan kokatu behar izaten dira; horregatik, askotan mendietan jartzen dira, eta orduan eragin handia dute paisaian. Bestalde, instalazioak eraiki ahal izateko, bideak eta pistak ireki behar dira mendietan, eta haize-errotak jartzeko ere lan-mugimendu handiak egin behar izaten dira. Azkenik, errotetatik hurbil pasatzen diren hegaztiak besoekin jo eta hiltzeko arrisku handia dago.