Gizako piramideak.

Gizako piramideak antzinako Egiptoko hiru monumentu dira. Egiptoko piramide ezagunenak dira, eta, gainera, munduan iraun duen Antzinate klasikoko munduko zazpi mirarietako bakarra.

Piramideetako bakoitzak bere izena du, barruan ehortzita edo lurperatuta daukan faraoiaren edo egipziar erregearena, hain zuzen. Ondorioz, bata Keopsen piramide handia da, bestea Kefrenen piramidea eta hirugarrena Mizerinoren piramidea.

Piramideak eta esfingea

Duela lau mila bostehun urte inguru eraiki ziren, baina, hala ere, oso egoera onean daude, oso sendo eta egonkorrak direlako eta harriz eraikita daudelako. Dena dela, berez, hirurek kareharrizko estalki bat zuten gainetik. Estalki horren zati handi bat jada ez dago piramideetan, beste eraikin batzuk eraikitzeko erabili zirelako.

Piramiderik altu edo garaiena Keopsen piramidea da, 146 metrorekin. Gizakiak ez zuen eraikin altuagorik eraikitzea lortu 1311 urtera arte, Erdi Aroan beraz, Ingalaterrako Lincolneko katedrala eraikitzean.

Inork ez daki zehazki nola eraiki ziren piramideak. Agian hareazko aldapak edo arranpak erabili zituzten, baina horrek denbora asko eskatuko zuen. Piramideak eraiki zituztenak esklaboak izan zirela uste izan da luzaroan, baina gaur egun soldatapeko langileak zirela pentsatzen da.

Non daude piramideak?Aldatu

Hiru piramideak Egiptoko Giza edo Gih-Seh hiritik gertu daude, Kairotik gertu. Giza hiriak hiru milioi biztanle baino gehiago ditu eta Egiptoko hirugarren hiri handiena da.

Piramideen inguruko eremua nekropoli edo hildakoen hiria deitzen da. Bertan hilobi asko daude, ez soilik errege eta erreginenak, baizik eta haien familia eta Estatuko pertsona garrantzitsuenak ere. Hiru piramideen hegoaldean, esate baterako, hiru piramide txiki daude, erreginen piramideak deiturikoak.

Piramideetatik hurbil, Gizako Esfinge Handia dago. Esfingea animalia mitologiko bat da, lehoi baten gorputza eta gizaki baten burua duena. Mota honetako hainbat estatua daude, baina Gizakoa da handiena eta ezagunena. 73 metro luze da.

Erdi Aroan arabiar agintari batek piramideak suntsitu nahi izan zituen. Zorionez ez zuen lortu, baina Mizerinosen piramidean ikusgarri dira oraindik ere haren asmoek utzitako aztarnak eta arrastoak.