Euskal Herriko zona klimatikoak.

Euskal Herrian, bi klima nagusi daude, itsasaldeko klima atlantikoa eta klima mediterraneoa; eta, horien arabera, lau zona klimatiko bereizten dira:

Eremu atlantikoa aldatu

 
Donostiako klimograma.

Eremu honetan, bi isurialdeak bereizten dituen banalerrotik Iparralderako lurraldeetan, alegia (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroako ipar-mendebaldea, Arabako iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Behereko iparralde eta erdialdea eta Zuberoako iparraldea), itsasaldeko klima atlantikoa dute.

Eremu atlantiko honetako klima hezea eta euritsua da urte osoan eta ez dago garai lehorrik, ozeano Atlantikoaren eraginez eta isurialde honetako orografiaren laguntzagatik. prezipitazioak erregularrak izaten dira urte guztian, baina udazken eta neguan egiten du euri gehien. Urteko batez besteko prezipitazioa 1.200 mm eta 2.000 mm artekoa izaten da.

Tenperaturari dagokionez, aire-masak ozeanoko ur epelen gainetik igarotzean epelduta iristen dira itsasertzera, eta, hortaz, gaueko eta eguneko tenperatura-bitarteak edota udako eta negukoak ez dira oso handiak. Tenperaturak, beraz, nahiko moderatuak dira: udak leunak izaten dira, batez beste 19-20 °C-ko tenperaturarekin; hala ere, inoiz edo behin, bero zakarreko bolada laburrak ere izaten dira, eta tenperatura 40ºC-ra ere iristen da, batez ere udan. Neguak ez dira oso hotzak izaten, 8 °C-ko batez bestekoarekin. Urteko batez besteko tenperatura 13 °C-koa izaten da.

Trantsizioko eremua aldatu

 
Gasteizko klimograma.

Arabako lautadan eta Nafarroako erdialdean, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren ezaugarriak dituzte; hau da, tenperatura eta prezipitazioak aurreko bi klima-motei dagozkien balioen artean daude; baina klima ozeanikoaren ezaugarriak gailentzen dira, ez baita benetako uda lehorrik izaten.

Iparraldean, itsasotik hurbilago dagoen neurrian, hegoaldean baino euri gehiago egin ohi du. Iparraldeko zatian negua da urtarorik euritsuena; hegoaldekoan, berriz, euritsuena udaberria da. Udan, oro har, ez du euririk egiten. Urteko batez besteko tenperatura, 11-12 °C bitartekoa da. Negua luzea eta hotz samarra izaten da.

Eremu mediterraneo-kontinentala aldatu

 
Vianako klimograma.

Isurialdeen banalerrotik hegoaldera dauden lurretan (Nafarroako erdialdeko hegoaldean, Arabako Errioxan eta Arabako mendebaldeko mendialdean), klima mediterraneo-kontinentala dute. Hau da, leku hauetako klima mediterraneoa da, oro har, baina klima kontinentalaren ezaugarriak ere baditu: uda lehorra da eta tenperatura-aldaketa handiak daude udatik negura eta egunetik gauera.

Eskualde hauetan, itsasoaren eragina ia nabaritzen ez denez, urtaro batetik besterako tenperatura-bitarteak nahikoa handiak dira. Udako zenbait hilabetetan, batez besteko tenperaturak 22ºC-ren gainetik ibili ohi dira; neguak nahiko hotzak eta prezipitazio gutxikoak izaten dira, eta tenperatura baxuek izotza ekartzen dute eta lainoa errazten.

Prezipitazioei begiratzen badiegu, udaberria da urtarorik euritsuena, maiatza bereziki. Atlantiko eta mediterraneoko aire-masak sartzen direnean, ekaitz bortitzak izaten dira. Uztailetik irailera bitartean, euri gutxi izaten da, 30 mm baino gutxiagoko prezipitazioak. Dena dela, leku hauetan, ez da udako hilabete lehorren eta gainontzeko hilabete euritsuagoen arteko bereizketa nabarmenik ikusten, klima mediterraneoan gertatu ohi den bezala; urtean zehar, hileko batez besteko prezipitazioak beti izan ohi dira nahiko urriak, eskuarki 50 mm baino baxuagoak, eta hilabete batetik bestera alde handirik gabe, gainera. Beraz, nahiko klima kontinentalizatua dela esan daiteke, nahiz eta klima mediterraneoaren barruan sartu.

Mendialdeko eremua aldatu

Batez ere Pirinio aldean, hau da, Nafarroako ipar-ekialdean, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hegoaldean, baina, oro har, 1.300 m-tik gorako mendialdeetan ere (Gorbeia, Aralar, Aizkorri), mendialdeko klima dute.

Tenperaturari dagokionez, bertakoa izaten da klimarik hotzena, izozte ugarirekin. Udak bero samarrak baina laburrak izaten dira: hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22°C baino baxuagoa da (klima ozeanikoan bezala). Negua luzea eta hotza da (0-1 °C batez beste).

Prezipitazioak ugariak dira. Erregularrak urte guztian zehar, eta beraz, ez dago aro lehorrik. Abendutik maiatzera bitartean, maiz egiten du euria, eta askotan elurra ugari egiten du neguan. Dena dela, zaila da eredu orokorra ematea, mikroklima asko agertzen baitira, mendiaren kokapen, orientazio eta abarren baitan.