Etna sumendiaren erupzioa 2002. urtean.

Etna Italiako sumendi bat da, Siziliako ekialdeko kostaldean dagoena, Messina eta Catania izeneko hirietatik hurbil. Gaur egun 3.329 m ditu, eta, horrenbestez, Europan dagoen sumendirik altuena da. Hala ere, erupzioen eraginez, garaiera hori aldatuz joan da denborarekin: adibidez, 1900ean 3.290 m zituen, eta 1978an 3.345 m.

Gaur egun lau krater ditu, eta munduko sumendirik aktiboenetako bat da: izan ere, erupzio asko izan ditu historian zehar; hala ere, jende asko bizi da inguruetan.

Historia apur bat aldatu

Sumendi honek 2,5 milioi urte daramatza sumendi aktiboa izaten. Garai historikoetan, Antzinako greziarrek hainbat kondaira zituzten hari buruz; adibidez, Hefesto izeneko su-jainkoaren eta ziklope erraldoi begibakarren lantokia zela.

Erupzio izugarri bat izan zuen 1669an eta hainbat herri eta hiri suntsitu zituen, bai eta Catania hiriko zati bat labapean utzi ere. Ezin da jakin zenbat jende hil zen, baina asko izango ziren, zalantzarik gabe.

Geroago, beste 26 erupzio izan zituen 1900. urtera arte, eta beste batzuk geroago. Joan den 1983an, lau hilabete iraun zuen erupzio bat izan zuen.

UNESCOk Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu zuen 2013an haren balio natural eta kulturalengatik.