Txikipedia:Espektrofotometro

Espektrofotometroa

Espektro elektromagnetikoen kopurua aztertzen du espektrofotometriak. Beste modu batean esanda, objektuaren laginak islatzen duen argi kantitatea edo objektuen laginak xurgatzen duena neurtzen du.

Argi sorta bakarreko espektrofotometroen diseinuan, honako hauek hartzen dute parte:

  • Argi-iturriak laginean distira egiten du.
  • Laginak argiaren frakzio bat transmititzen edo islatzen du.
  • Laginaren argia monokromagailuaren sarrerako zirrikitura doa.
  • Monokromagailuak argiaren uhin-luzerak bereizten ditu, eta horietako bakoitza fotodetektagailuan enfokatzen da sekuentzialki.

Bi espektrofotometro mota daude: argi sorta bakarrekoa eta argi sorta bikoitzekoa. Hona hemen bien ezaugarriak:

  • Argi sorta bakarreko espektrofotometroak argiaren intentsitate erlatiboa neurtzen du probako lagina sartu aurretik eta ondoren. Argi sorta bakarreko makinak argi-maiztasuna neurtzeko tarte zabalagoa du. Gainera, argi sorta bakarreko makinek sistema optiko sinpleak eta trinkoagoak dituzte. Espektrofotometroa beste gailu batean sartzen dugunean (mikroskopioan edo teleskopioan, esaterako), argi sorta bakarreko makinak besterik ez du funtzionatuko.
  • Argi sorta bikoitzeko espektrofotometroak bi argi-ibilbideren arteko argitasun-intentsitatea konparatzen du. Ibilbide batean, erreferentzia-lagina jartzen dugu; eta bestean, probako lagina. Argi sorta bikoitzeko makinak alderatze-neurketak errazago eta egonkorrago egiten ditu.

Espektrofotometro zaharrenak "zeroan" izeneko prozeduraz kalibratu behar ditugu. Substantzia baten xurgapena erreferentzia-baliotzat hartzen da, eta, ondorioz, gainerako substantzia guztien xurgapenak "zeroan" jarritako hasierako substantziaren arabera neurtuko ditugu. Orduan, espektrofotometroak xurgapenaren ehunekoa (%) erakutsiko digu; hasierako substantziarekin konparatuta, xurgatutako argi kantitatea, alegia.

Espektrofotometroek lumineszentzia ere neur dezakete. Adibidez, makinak maiztasun jakin bateko argi ultramorea igor dezake laginera. Horrek lagina eszitatuko du eta distiraraziko du. Detektagailuek laginaren argi-distira neur dezakete hainbat maiztasunen arabera.