Antonio Canovaren hiru graziak.

Eskulturagintza arte bisualen adar bat da. Eskulturak hiru dimentsio (luzera, zabalera eta garaiera) dituzten arte-objektuak dira. Eskultura baten diseinuan, garrantzi handia du forma nola erlazionatzen den espazioarekin; diseinuaren beste osagai garrantzitsu batzuk tamaina, testura, argi-itzalak eta kolorea dira, orobat. Eskulturak pertsona edo objektu baten itxura izan dezake, baita artistak asmatutako edozein forma ere.

Eskultura bat mukulu biribilekoa edo erliebeduna izan daiteke. Mukulu biribileko eskulturak beren kasa egoten dira zutik eta alde guztietatik ikus daitezke. Erliebeak, aldiz, ezin dira beren kasa zutik egoten, atzealde bati lotuta egoten baitira; horrexegatik ez daude atzetik ikusteko diseinatuta. Erliebeek eraikinen hormak apaintzen dituzte maiz.

Zer material erabiltzen dira? aldatu

Antzinatetik buztina izan da eskultorearen oinarrizko materialetako bat. Buztina lortzeko eta erabiltzeko erraza da. Behin herri primitiboek brontzea egiten ikasi zutenean, metalak ere asko erabili ziren eskulturagintzan. Metal gehienak oso gogorrak eta iraunkorrak dira. Eskultoreek haien kolorea eta distira aintzat hartzen dituzte.

Zura edo egurra ere denbora luzez izan da zizelkatzeko materialik erabiliena. Afrikako eta Ozeaniako eskultoreen oinarrizko materiala da.

Eskultoreek denbora luzez erabili dute harria kanpoko estatua eta monumentuak egiteko, harriak ondo egiten diolako aurre euriaren eta haizearen kalteari. Eskulturagintzan gehien erabiltzen diren harri motak honako hauek dira: marmola, alabastroa, granitoa, hareharria, kareharria eta harri erdibitxiak.

 
Erliebe erromatarra.

Gaur egungo eskultoreek ohiko material horiek erabiltzen dituzte, baina baita beste asko ere: esate baterako, plastikoak, oihalak, beira-zuntza, neonezko hodiak eta baita hondakinak ere. Gaur egun, hormigoia kanpoko proiektu handietarako erabiltzen da maiz; gogorra, iraunkorra eta merkea delako erabiltzen da batez ere.

Nola egiten dira aldatu

Eskulturak sortzeko modu ugari daude: materiala zizelkatuz, modelatuz, urtuz edo eraikiz. Harria edo zura zizelkatzen direnean, puskak kendu edo ebaki egiten dira edo ezpaldu egiten da materiala, zizel deitzen den tresna bat erabiliz, mailu batekin joka, nahi den forma izan arte.

Material bigunak (buztina, adibidez), aldiz, modelatu egiten dira, eskuak edo beste tresna batzuk erabiliz, nahi den forma izan arte. Ondoren, materiala gogortzen denean, labean sar daiteke, are gogorrago bihurtzeko.

Eskulturak material metalikoekin egiten direnean, metala urtu egiten da eta molde batean sartzen da, forma emateko. Horretarako, lehenago, eskultoreak bere obrarako nahi duen forma eman dio beste material batez egindako modelo bati; gero, igeltsuz inguratzen da eta igeltsua lehortu arte itxaroten da. Lehortu ondoren, igeltsua erditik moztu eta kentzen da, eta modeloaren forma gordetzen du erdi bakoitzak bere barruan. Bi zatiek batera moldea deitzen dena osatzen dute: igeltsuzko pieza bat, barrutik hutsik dagoena, eskultura egiteko erabilitako modeloak utzitako espazioagatik. Azkenik, moldeko bi zatiak elkartu eta, zulo batetik, metal urtua sartzen da. Metala gogortzen denean, modeloaren kopia bat izango da. Modu honetan, estatua batek kopia asko egin daitezke.

Azkenik, eskultore modernoek batzuetan hainbat material erabiltzen dituzte eskultura bat eriakitzeko. Material-pieza desberdinak konbinatzeko hainbat teknika erabil ditzakete, hala nola: soldatu, torlojuz lotu, iltzatu edo itsatsi.

Eskulturaren historia aldatu

Mundu osoan aurkitu dira historiaurreko eskulturak. Lehenengo eskulturak material naturalez eginak zeuden, adibidez, buztinez, harriz eta boliz. K.a. 3000. urtetik aurrera, jendea brontzez eta beste metalez egindako eskulturak ere sortzen hasi zen.

 
Eskultura grekoa.

Lehen zibilizazioetan eskultura erlijioarekin lotzen zen batez ere. Mesopotamian ia-ia eskultura guztia tenpluetan erabiltzen zen. Antzinako Egiptoko jendeak errege eta jainkoen eskultura erraldoiak egiten zituen, haien boterea nabarmentzeko. Gainera, estatua eta erliebe asko egiten zituzten hilobietan erabiltzeko.

Antzinako Grezian, eskultura K.a. 400. urtean iritsi zen bere puntu gorenena. Garai hartan, grekoen helburua gizakia eta jainkoak haien forma perfektuenean erakustea zen. Haien estatua gehienak lasai daudela dirudi, bai itxuran eta baita posturan ere. Antzinako erromatarrek, beranduago, eskultura grekoaren kopia asko egin zituzten. Horrela, tradizio grekoa babestu zuten ondorengo belaunaldientzat.

Gure aroko III. mendetik aurrera, kristautasunaren eraginez, artistak erlijio berriari loturiko irudiak sortzen hasi ziren. Erdi Aroan zehar (gutxi gorabehera 500. urtetik 1500. urtera arte), eskultura europar gehiena elizen eraikuntzarekin zuzenki lotuta zegoen.

Indian ere erlijioan zentratu zen eskultura. Gupta aroan, gure aroko 300. urtetik 500. urtera arte bitartean, eskultura budistaren adibiderik onenetako batzuk sortu ziren.

Errenazimentua, Barrokoa eta Neoklasizismoa aldatu

Europako Errenazimentua deituriko aroa (1300. urteko erdialdetik 1500. urtera arte) artelan bikainen garaia izan zen. Errenazimentuko artistak antzinako Grezia eta Erromako estilo klasikoetan inspiratu ziren. Errenazimentua Italian hasi zen. Donatello eta Michelangelo artista italiarrak garaiko eskultorerik hoberenen artean zeuden.  

XVII. mendean, Barrokoa mendebaldeko artearen estilo garrantzitsu bat bilakatu zen. Eskultura barrokoa dramatikoa da eta apaindura ugariz beterik egoten da. Zentzumenetara eta emozioetara jotzen du. Eskultore barroko nagusia Gian Lorenzo Bernini artista italiarra izan zen.

Estilo neoklasikoa («klasiko berria» esan nahi duena) Europan XVIII. mendean oso ezaguna izan zen. Errenazimentuan bezala, garai hartako eskultoreek grekoen eta erromatarren antzinako edertasun-idealak berpiztu nahi zituzten. Italian Antonio Canova izan zen estilo honetako eskultore nagusienetako bat.

Eskultura modernoa aldatu

 
Nestor Basterretxea, Bakearen usoa (Donostia).

XIX. mendearen amaieran, Auguste Rodin eskultore frantsesak aurreko tradizioari aurre egin zion. Gizakiaren irudian tentsioa eta emozio iheskorrak adierazi nahi zituen. Gainera, batzuetan testura duten azalak erabiltzen zituen, bizitzaren eta mugimenduaren zentzua handitzeko. Horrela, Rodinen eskultura tradizio klasikoko leuntasun hotz eta inpertsonaletik bereizten da. Bere boterearen eta dramaren zentzu indartsuarekin, haren lanek eragin handia izan zuten bere garaiko eta aro modernoko eskultoreengan.

XX. mendean eta orain arte, eskultoreek formekin eta materialekin esperimentatu dute. Eskultore batzuek, hala nola, Henry Moorek, Barbara Hepworthek, edo Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza euskaldunek, eskultura abstraktuak sortu zituzten, mundu ikusgaiko ezer modu errealistan irudikatzen ez dutenak. Horren ordez, eskultore horiek formetan zentratu ziren. Eskultore batzuek eguneroko objektuak erabili zituzten, ikusleak objektu horiek beste argi batekin ikus ditzaten. Marcel Duchampen bizikleta-gurpila eskultura, adibidez, bizikleta baten gurpil zaharra da, sukaldeko aulki baten gainean alderantziz jarrita dagoena. Duchampen helburua ez zen obra polita izatea, baizik eta ikuslea pentsaraztea artea zer den eta zer izan daitekeen.