Esklusaren funtzionamendua erakusten du bideo honek.

Esklusak lur aldapatsuan dagoen ibaibide edo kanal batetik ontziak edo itsasontziak pasatu ahal izateko balio duen eraikuntza bat da. Batzuetan, ibai, ubide edo kanal batean nabigatu daitekeen bide-tarteetako ura maila edo altuera desberdinetan egoten da lurraldearen orografiaren eraginez, eta ondorioz, esklusa batek ura igo edo jaitsi egiten du halako tarte batean, ondokora pasatu ahal izateko. Urarekin batera, esklusan dagoen ontzia ere igo edo jaitsi egiten da, ondoko esklusaren maila berean kokatu arte.

Ibaiak edo kanalak oso aldapatsuak izan ohi dira zati batzuetan. Ondorioz, ibilguak ez dira oso sakonak izaten, edo ur-jauziak egoten dira. Ontzi batek ezingo luke toki horietatik nabigatu. Horregatik hainbat esklusa eraikitzen dira leku horietan, altuera-desberdintasun hori gainditzeko. Desberdintasun hori oso handia denean, beste aukera bat dago: ontzia soilik igotzen duen ontzi-jasogailu erraldoia. Horrek energia gehiago behar du, baina ur gutxiago erabiltzen du. Hala ere, ontzi batzuk astunegiak dira igogailu baterako.

Nola funtzionatzen du esklusak?Aldatu

Esklusak ate bana izaten du, urate deitutakoak, tartearen mutur bakoitzean; urate horietako bat itxita egoten da beti; orduan, ontzia esklusara iristen da irekita dagoen uratetik. Ondoren, irekita zegoen uratea itxi egiten da, esklusa itxita utziz. Orduan, esklusari ura gehitzen edo kentzen zaio, hurrengo esklusaren ur-maila berean jarri arte. Urarekin batera, ontzia ere jaitsi edo igo egiten da, bere bidearekin jarraitu ahal izateko. Ondoan dauden bi esklusen ur-maila berdindu denean, haien arteko uratea zabaldu egiten da, ontzia hurrengo esklusara igaro ahal izateko. Horrela, ontziak bidaia jarrai dezake, behar diren esklusetatik pasatuz.