Lurraren denbora geologikoaren eskema

Denbora geologikoa Lur planeta garatzen hasi zenetik igaro diren milaka milioi urteak dira. Geologoek egindako denbora-eskala bat da, edo, nolabait esateko, Lurraren historia geologikoaren "egutegi" moduko bat.

Denbora geologikoaren eskala edo egutegi hori duela 4.000 milioi urte hasten da, gure planetako lurrazala sortu zenean. Lurra bere gainazala baino pixka bat zaharragoa da, baina sortu zenean materia likido bero batez osatuta zegoen. Hoztu ahala, planetaren azalera solidotu egin zen. Orain arte aurkitutako arrokarik zaharrenek 4.000 milioi urte inguru dituztela zehaztu ahal izan dute geologoek; lurrazalak ere gutxi gorabehera adin hori bera izan behar duela uste dute.

Nola jakiten da harrien adina? aldatu

Lurraren gainazala hainbat arroka-geruzaz osatuta dago; geruzarik zaharrenak leku sakonagoan egoten dira, eta berrienak gorago. Arroka horiek aztertzean, geologoek ikusi dute haietako bakoitzak fosil jakin batzuk izaten dituztela eta ez beste batzuk, eta hori Lur osoan gertatzen da; beraz, arroka-geruza horiek aldi berean osatu zirela jakin dute horrela. Horretan oinarrituta, geologokoek badakite arroka-geruza bakoitza eta bertan aurkitutako fosilak gutxi gorabehera noizkoak diren.

Denbora-eskala geologikoa aldatu

Lurraren historia geologikoa oso luzea denez, geologoek hainbat garai bereizten dituzte, denbora-neurri ikaragarri handietan banatuak; garai horiek ulertu ahal izateko, hainbat garai-mota ere bereizten dituzte, eta, haietako bakoitzaren barruan, hainbat multzo edo atal ere bai.

Denboraren eskala geologikoan erabiltzen den aldi nagusi bakoitzari eona deitzen zaio, eta eon bakoitza denbora-unitate txikiagoetan banatzen da gero.

Kanbriarraurrea aldatu

Lurraren historiako bi eonik zaharrenak kanbriarraurrea izeneko denbora-multzo baten barruan daude: Lurrazala duela 4.600 milioi urte inguru sortu zenetik Fanerozoiko izeneko eonaren hasierara arteko denbora hartzen dute, duela 542 milioi urtera arte, gutxi gorabehera. Denbora-multzo hau Lurraren historiako denbora-tarterik handiena da: 4.030 milioi urte, edo Lurraren historiaren % 87a.

Fanerozoikoa aldatu

Fanerozoiko izeneko eona gutxi gorabehera duela 542 milioi urtetik gaur arte iristen den garai geologikoa da. Haren barruan hiru aro handi bereizten dira: Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa.

Eon honen hasieran, gure planetako lehorreko lurralde guztiak Pannotia izeneko superkontinente batean bat eginda zeuden, baina banatzen hasi ziren. Geroago, beste superkontinente bat osatu zen, Pangea izenekoa. Eta, ondoren, hau ere banatu zen eta gaur egungo kontinenteak eratu ziren.