Doraemon.

Doraemon Japoniako manga liburu-sail bat da, Fujiko F. Fujiok asmatua. Gero, marrazki bizidunen telesail oso ezagun bat egin zuten. Istorioen protagonista Doraemon izeneko katu robot bat da, Nobita Nobi umea laguntzera etorkizunetik iritsia. Doraemonek poltsiko magiko bat du, eta hortik XXI. mendeko tresna pilo bat ateratzen du, Nobitari laguntzeko. Euskal Herrian, telesaila euskaraz ETB 1 kanalak eman zuen lehendabizi, eta oso ospetsua da; orain ETB 3n ematen dute.

Istorioa aldatu

   Ba al dakizu   
Hasieran, Doraemonek belarriak zituela eta horia zela?

Doraemon Nobitaren birbirbiloba batek etorkizunetik bidalitako robota da, eta bere funtzioa orainaldia aldatzea da.[1] Doraemon etorkizunean bizi zenean, belarriak zituen eta horia zen, baina, behin, sagu-robot batek belarriak jan zizkion; Doraemonek hainbeste negar egin zuen ezen malkoek haren hori kolorea ezabatu zuten eta urdin geratu zen.[2]

Doraemonen istorioa XXII. mendean hasten da. Robot akastun bat zen, familia txiro batek erosi zuena. Familia honek, Nobitaren oinordekoak, pobrezian bizi ziren beren arbasoaren eraginez. Sewashi izeneko birbirbilobak orduan erabaki zuen egoerak ezin zuela horrela jarraitu; hori dela eta, Doraemon iraganera bidali zuen, Nobita laguntzera pertsona hobea izateko. Horrela, etorkizuna alda zitekeen eta familiaren bizi baldintzak hobetuko ziren.

Doraemon iraganera heltzean, Nobitaren idazmahaiko tiraderatik ateratzen da; berarekin bizitzen geratzen da, pertsona prestu bat bihurtzen dela eta porrot egiten ez duela ziurtatzeko. Nobita arazoetan sartzen den bakoitzean, Doraemonek bere laugarren dimentsioko poltsikoan trasteren bat bilatzen du eta etorkizuneko aparatu hauek erabiltzen ditu Nobitari laguntzeko.

Marrazki bizidunetan, Nobita etorkizunera bidaiatzen denean, bere bizitzaren egoera egokia dela ikus daiteke: Sishukarekin ezkonduta dago eta seme bat dute; ez da ikusten Doraemon beraiekin bizi denik, ordea. Behin Nobita gizon prestu bat bihurtuta, badirudi ez dela berarekin geratzen. Nobita gaztearekin abenturak bizitzen ez dagoenean, bere jatorrizko mendera itzuli ohi da hain zuzen ere.

Internetetik zabaldu den beste teoria bat da Nobita minbizia duen ume bat dela, beti bizi izan dena ospitalean eta Doraemon bera ez dela benetakoa, Nobitak bere buruan sortu duen pertsonaia bat baizik, eta bere lagunekin bizitako abentura guztiak ez direla benetan gertatu, berak irudikatu dituela. Dena den, istorio hau ez da inoiz frogatu eta ez du inongo sinesgarritasunik; askotan zabaltzen diren interneteko beste istorio beltzetako bat da bakarrik. Hala ere, aipagarria da asko zabaldu delako.[3]

Iturriak aldatu