Irudian, kimikariek askotan erabiltzen duten destilazio sinplearen diagrama dago zatikatze-zutaberik gabe. Erabiltzen den moduan dago adierazita:
1. Bero-iturria (Bunsen erregailua)
2. Destilazio-matrazea (forma biribila du)
3. Destilazio-burua
4. Termometroa
5. Kondentsadorea
6. Hozteko uraren sarrera
7. Hozteko uraren irteera
8. Tanta destilatuak biltzeko matrazea

Likido bik (osagaiak) edo gehiagok osatutako nahasketan osagaiak elkarrengandik bereizteko metodoa da destilazioa. Osagaien irakite-tenperaturaren tartea zenbat eta handiago izan, orduan eta hobeto gertatzen da destilazioa. Nahasketa berotzen dugunean, irakite-tenperatura baxuena duen osagaia irakiten hasten da, eta lurrun bihurtzen da. Orduan, lurruna kondentsadoretik pasatzen da. Horrek lurruna hoztu, eta likido bihurtzen du. Likido horri destilatua deritzo. Jatorrizko edukiontzian geratzen denari hondakina deritzo. Bereizketa fisikoaren prozesua da, eta ez erreakzio kimikoa. Bereizketa hobetzeko, destilazio zatikatua (bi irteera baino gehiago dituen destilazio-zutabea) erabil dezakegu. Esate baterako, petrolio findegiek destilazio zatikatua erabiltzen dute petrolio gordinak arazteko eta hainbat erabileratarako likidoak bereizteko.

Destilazioa aspaldi egiten da, alkoholak destilatzeko eta edari alkoholdunak ekoizteko. Horretaz gain, oso erabilia da industria mota askotan.

Distilazioa edozein lekutan egin dezakegu, etxean zein laborategian; baina herrialde gehienetan, legez kanpokoa da alkohola lizentziarik gabe destilatzea.

Sarritan, destilazioa itsasoko ura gatzgabetzeko ere erabiltzen dugu. Kasu horretan, gatza urarekin soluzioan dagoen solido da. Alkoholaren edo petrolioaren destilazioan, ostera, soluzioaren bi likido edo gehiago bereiz ditzakegu.