Txikipedia:Brontze-Aroa» orritik birbideratua)
Brontzezko arma eta erremintak.

Brontze-aroa gizakien historiaurreko garai bat da; zehazki, gizakiak brontze izeneko metala (eztainua eta kobrea nahasiz lortutakoa) erabiltzen hasi zen garaia. Hori hobekuntza handia izan zen gizakiak erabiltzen zituen tresnetarako, brontzea askoz gogorragoa delako ordura arte erabiltzen zen kobrea baino. Brontzeari esker, aldaketa asko gertatu ziren historiaurreko gizarteetan, besteak beste brontzezko armak hobeak zirelako eta horrek abantaila handia ematen zien gerrarako brontzea erabiltzen zutenei.

Ez da erraza esatea noiz hasi zen eta noiz arte luzatu zen garai hau; izan ere, brontzea ez zen iritsi herrialde guztietara aldi berean leku guztietan. Badakigu Ekialde Hurbilean, gutxi gorabehera, K.a. 4000. urtean hasi zela; Asian, berriz, K.a. 3000. urte inguruan; eta Europan, berriz, beranduago, baina ez leku guztietara garai berean.

Brontze-Aroaren ezaugarri garrantzitsuenakAldatu

Brontzea erabiltzen zuten herriek errazago izan zuten beren etsaiak garaitzea eta menderatzea, eta brontzerik ez zuten herri asko desagertu egin ziren horren ondorioz. Horrela, indar militar handia eta antolakuntza sozial garatuagoa zuten herriek lehen zibilizazio ahaltsuak sortu zituzten: Egipton, Mesopotamian, Indian eta Txinan. Ikertzaileen arabera, brontzea Mesopotamian hasi zen lantzen, eta handik zabaldu zen munduko leku askotara.

   Ba al dakizu    
Brontze-Aroa izena

C. J. Thomsen izeneko ikertzaile daniarrak eman zion garai honi XIX. mendean.

Zibilizazio horiek lehen hiriak eraiki zituzten; bizimodu nomada utzi eta sedentario bihurtuz joan ziren; nekazaritza eta abeltzaintza ere asko zabaldu ziren, bai eta merkataritza ere, eta horrela gizarte aberatsak sortu ziren. Horrek hazkunde demografiko nabarmena ekarri zuen; hots, gizakiak asko ugaldu ziren. Eta zibilizazio horiek kultura eta idazkera garatu zituzten. Lanaren espezializazioa ere sortu zen: pertsona batzuk halako lan edo eskulangintza jakin batean espezializatu ziren: soldaduak, arotzak, errementariak, nekazariak...

Bestalde, hildakoenganako kultua ere zabaldu zen eta lehen hilerriak agertu ziren; hildakoak kobazuloetan eta trikuharrietan lurperatzen zituzten, eta pertsonaia garrantzitsuak hilobi gero eta aberatsagoetan.

 
Axtrokiko urrezko ontziak, Eskoriatza inguruan aurkituak, Brontze-Aroaren amaiera aldekoak omen dira.

Brontze-Aroaren barruko garaiakAldatu

Brontze-Aroaren barruan, historialariek hiru garai bereizten dituzte:

  • Antzinako Brontze-Aroa: Brontze-Aroaren lehen zatia K.a. 3300-2100. urte bitartean izan zen, baina ez leku guztietan batera. Lehendabiziko aztarnak Grezia aldekoak dira. Garai honetako gizarteak oso primitiboak ziren oraindik; arrantzan eta ehizean ibiltzen ziren, brontzezko armak agertzen hasten dira, baina brontzezko erreminta eta tresna gutxi erabiltzen ziren oraindik.
  • Tarteko Brontze-Aroa: K.a. 2100-1500. urte bitarteko garaia da. Brontzearen erabilera asko zabaldu da eta, horri esker, indar handiko armadak agertzen hasten dira. Aurrerakuntzak gertatzen dira ekonomian eta hirietako azpiegituretan (eraikuntzan, kaleen antolakuntzan etab.), eta herri desberdinen arteko harremanak ugaldu egiten dira, eta, horren bitartez, merkataritza zabaltzen da.
  • Azken Brontze-Aroa: Brontze-Aroaren azken zatia K.a. 1500-900. urte bitarteko garaia da. Trantsizio-garai bat da, Brontze-Aroaren eta hurrengo Burdin-Aroaren artean. Zibilizazio handiak agertzen dira, aurrerapen ekonomiko eta sozial handiekin eta baita gerrarako ere, brontzezko arma eta armadurei esker.