Arnasketa gure organismoak eta beste animalia batzuenak egiten duen prozesu fisiologiko bat da; prozesu horretan, oxigenoa hartzen da airetik eta karbono-dioxidoa kanporatzen da. Gure gorputzeko arnas aparatuak egiten du prozesu hau.

Birikak.

Hartutako oxigeno hori gero odolera pasatzen da, eta hortik organismoko zelula guztietara iristen da. Gure gorputzeko zelulek oxigeno hori behar dute energia lortzeko. Izan ere, ariketa fisikoa egiten dugunean, energia gehiago behar izaten dugu, eta energia hori lortzeko, arnasketaren bitartez hartzen dugun oxigenoa behar dute zelulek.

Arnasketan bi prozesu bereizten dira: birika-aireztapena eta gas-trukea.

Birika-aireztapena

aldatu

Airea biriketara sartzea eta haietatik irtetea da prozesu honetan egiten dena. Prozesu hau bi fasetan egiten da:

  • Arnasgoran, airea biriketan sartzen da eta toraxaren bolumena handitu egiten da. Airea sudurretik eta/edo ahotik sartzen da arnas aparatura. Airea gure gorputzera sartzen denean, apur bat epeldu eta hezetu egiten da biriketara iritsi baino lehen, aire hotzak kalteak eragin baititzake. Bestalde, airea sudurretik hartzen dugunean, mukiek eta sudur-hobietan ditugun bilo edo ile fin txikiek airea apur bat garbitzen dute, dituen zikinkeria batzuk bertan harrapatuta geratzen baitira. Gero, trakea izeneko hodi batetik pasatzen da eta bronkio izeneko bi hodi handitan banatzen da. Azkenik, biriketara heltzen da. Une horretan, birikak zabaldu eta handitu egiten dira. Haietan, aireko oxigenoa odolera igarotzen da.
  • Arnasbeheran, airea biriketatik irteten da eta toraxaren bolumena txikiagotu egiten da. Izan ere, airea oxigenorik gabe geratu ondoren, sartu den tokitik ateratzen dugu kanpora. Fase honetan, birikek airea kanpora bultzatzen dute, eta txikiago bihurtzen dira. Aireak kontrako bidea egiten du: bronkioetatik eta trakeatik igarotzen da eta sudurretik edo ahotik kanporatzen dugu.

Gas-trukea

aldatu

Airea biriketara sartzen denean, biriketako albeoloetan gasak trukatu egiten dira. Hau da, aireak duen oxigenoa odolera igarotzen da gorputzeko zelula guztietara garraiatzeko, eta odolaren bidez albeoloetara iritsi den karbono-dioxidoa biriketatik igaro ondoren kanpora botatzen dugu.