Arabako Lautada Olarizu menditik

Arabako Lautada Araban dagoen eskualde geografiko eta natural bat da. Bertan dago Gasteiz, Euskal Autonomia Erkidegoko(EAEko) hiriburua. Lautada Trebiñutik Nafarroako eta Gipuzkoako mugetaraino iristen da.

Administrazioari dagokionez, lautada bi azpieskualdetan banatzen da: ekialdeko eremua Arabako Lautadako kuadrilla da eta mendebaldekoa, berriz, Gasteizko kuadrilla.

Geografia eta klima

aldatu

Arabako eremurik lauena da, eta oso zabala gainera. Lautada mendiz inguratuta dago: iparraldean Elgea, Urkilla eta Altzania mendilerroak dauzka eta, hegoaldean, Entzia eta Iturrieta mendilerroak. Lautadaren altuera 500-600 m ingurukoa da.

Hainbat ibaik zeharkatzen dute eskualdea, aipagarriena, Zadorra. Ibai hori oso garrantzitsua da bai nekazaritzarako, bai ohiko bizitzarako bertako ura erabiltzen delako.

Lautadako klima atlantiko edo ozeanikoa da oinarrian, baina ukitu kontinental batzuk ditu. Hortaz, neguak hotzak izaten dira eta udak epelak, eta urte osoan prezipitazio ertainak botatzen ditu.

Ekonomia

aldatu

Arabako Lautada bertako nekazaritza-gune garrantzitsuenetako bat da, batez ere garia, garagarra eta beste zereal batzuk lantzeagatik ezaguna. Patatak, lekaleak eta beste barazki batzuk ere hazten dira.

Nekazaritzaz gain, abeltzaintza ere nabarmena da: behiak, ardiak eta txerriak hazten dira.

Industria eta zerbitzuen sektorea ere nahiko garatuta daude, bereziki Gasteiz inguruan. Hauek dira industria-sektore garrantzitsuenak:

  • Autogintza: Michelin eta Mercedes Benz fabrikak dira ezagunenak.
  • Metalgintza eta burdingintza.
  • Energia berriztagarriak.
  • Puntako teknologia eta ikerketa-zentroak: sektore honetan bioteknologiaren eta beste esparru batzuen berrikuntza eta garapena sustatzen da.
  • Energia fosilak.
  • Elektronika.

Horrez gain, Gasteiz garrantzi handikoa da administrazioari dagokionez, bertan daudelako Eusko Jaurlaritzako erakunde nagusiak, esate baterako, Eusko Legebiltzarra eta Lehendakariaren egoitza. Horregatik, hiria Erkidegoko administrazioaren erdigunea da, bertan hartzen dira Erkidego osoari eragiten dioten erabaki politiko eta administratiboak.

Era berean, hezkuntzari begiratzen badiogu, hiria garrantzi handikoa da, bertan unibertsitate eta ikerketa-zentro ezagunak daudelako, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Arabako Teknologia Parkea. Bi horiek eta administrazio publikoek buruz buruz jarduten dute berrikuntzaren eta garapenaren bila.

Garraio-lotunea

aldatu

Arabako Lautada EAEko eta Iberiar penintsulako iparraldearen arteko garraio-lotune oso garrantzitsu bat da, hainbat arrazoirengatik:

  • Hainbat garraio-bide garrantzitsu elkartzen dira bertan eta, hortaz, Iberiar penintsulako hegoaldea eta iparraldea lotzen ditu, baita mendebaldea eta ekialdea ere.
  • Estatuarteko mugetatik gertu dago: Frantziako mugatik gertu dagoenez eta erraza denenez Lautadatik EAEko portu handienetara iristea (Bilbo eta Pasaia), oso abiapuntu ona da estatuarteko merkataritzarako.
  • Errepide-sarea: hainbat autobidek eta errepide nagusik zeharkatzen dute Lautada, nabarmenenak AP-1a (Iparraldeko Autobidea), A-1a (Iparraldeko Autobia) eta AP-68 (Eusko-Aragoiar Autobidea edo Ebroko Autobidea) dira. Bide horiei esker, jendea zein salerosgaiak azkar eta modu eraginkorrean garraiatu daitezke. Errepide horiek Arabako Lautada Espainia hiri garrantzitsuekin lotzen dute, Madrilekin adibidez, eta, Frantziako mugara iritsitakoan, Europako hiri garrantzitsuekin ere.
  • Abiadura Handiko Trena: Gasteiz abiadura handiko trenen (AHT) sarearen parte da, eta, horri esker, garraio-lotune are garrantzitsuago izango da Espainiako eta Europako hiriak lotzerako orduan.
  • Gasteizko Aireportua, Forondako Aireportua izenez ere ezaguna, Espainiako merkataritza-aireportu garrantzitsuenetako bat da. Dena dela, badaude jendearentzako hegaldiak ere. Aireportu salerosgai asko mugitzeko gai denez, funtsezko elementua da eskualdeko logistika-azpiegituran.

Irudi batzuk

aldatu