Azaleko poro normalak, puntu zuria eta puntu beltza

Aknea larruazalaren gaitz bat da, batez ere aurpegian agertzen diren pikortak eragiten dituena eta bereziki gaztaroan eta nerabezaroan azaltzen dena. Pikortez gain, puntu zuriak, zaldarrak eta kisteak ere eragin ditzake.

Nerabe eta gazte askori ateratzen zaizkie aknearen pikortak. Oro har, aurpegian ateratzen zaizkie, baina baita lepoan, sorbaldetan, bizkarraren goiko aldean eta bularrean ere.

Aknea pubertaroan gertatzen den aldaketa hormonalaren ondorioz gertatzen da. Hazi ahala eta gorputza garatzen joan ahala, hormona horiek sebo-guruinak estimulatzen dituzte sebo gehiago sortzeko, eta sebo asko sortzen denean, olio horrek poroak buxatzen edo ixten ditu eta aknea sortzen du.

Zergatik sortzen da?Aldatu

Larruazalean halako zulotxo batzuk izaten ditugu, ile-folikulu edo poroak deituak. Poroek sebo-guruinak dituzte, seboa izeneko gai koipetsua sortzen dutenak, azalaren kanpoaldea babestu eta olioztatzeko.

Gehienetan, guruin hauek sebo kopuru egokia sortzen dute eta poroak ondo egoten dira. Baina, batzuetan, gehiegizko seboak, larruazaleko zelula hilek eta bakterio izeneko germenek poroak ixten dituzte, eta horrek aknea eragin dezake.

Hori gertatzen denean, poroa itxi eta haren barruko edukia azaletik ateratzen da pixka bat, puntu zuri bat osatuz. Zikinkeriaren erakinez, puntu zuriaren goiko zatia ilundu egin daiteke eta zaldar bat sortzen da. Batzuetan, ordea, poroetako paretak hautsi egiten dira, eta, ondorioz, seboa, bakterioak eta larruazaleko zelula hilak azal-mintzatik barrura pasatzen dira. Horrelakoetan, pikorta edo granoa deitzen dugun kolore gorriko infekzio txiki bat sortzen da. Bestalde, larruazalaren geruza sakonago bateraino iristen direnean, infekzio handiagoak eragin ditzakete, kisteak alegia.

Zer egin daiteke aknea kontrolatzeko?Aldatu

Zenbait neurri har daitezke pikorta gehiegirik ez izateko:

  • Aknea eragiten duen koipea gutxitzen saiatzeko, garbitu aurpegia egunean bitan ur epelarekin eta xaboi leun batekin edo azala garbitzeko krema batekin.
  • Ez igurtzi aurpegia gogor. Izan ere, igurzten baduzu, aknea okertu egin daiteke eta azala narritatu. Garbitu kontu handiz eskuekin eskuoihal bat erabili beharrean.
  • Makillajea erabiltzen baduzu, ziurtatu etiketan esaten dela "ez dauka oliorik" edo "ez du aknerik sortzen". Eta aurpegia garbitzen duzunean, eman denbora nahikoa makillaje guztia kentzeko.
  • Ile luzea baduzu eta aurpegia ukitzen badizu, eduki aurpegitik urrun eta garbitu maiz, olio gutxiago pilatzeko.
  • Beisboleko kapelek eta beste buruko batzuek pikortak sor ditzakete buruko larruazalean. Ez erabili holakorik, aknea okertzen ari dela uste baduzu.
  • Garbitu aurpegia ariketa fisikoak egin eta izerdi asko bota ondoren.
  • Saiatu aurpegia ez ukitzen.
  • Pikortak ez estutu edo lehertu.
 
Lepo inguruko aknea.

Bestalde, farmazietan aknea kontrolatzeko krema eta sendagai asko saltzen dira, aknea gutxitzen edo arintzen laguntzen dutenak. Produktu desberdinak proba ditzakezu, ondoen zerk funtzionatzen duen jakiteko. Benzoilo-peroxidoa edo azido salizilikoa duten produktuak, oro har, nahiko egokiak dira aknea tratatzeko. Benzoilo-peroxidoak aknea eragin dezaketen bakterioak desagerrarazten ditu, eta azido salizilikoak, berriz, zaldarrak eta puntu zuriak.

Aknerako produktu bat erabiltzen duzunean, ziurtatu erabilpen-jarraibideak behar bezala betetzen dituzula. Ez erabili bertan esandako kopurua baino gehiago, azala oso gorri jar baitaiteke edo gehiegi lehortu. Gainera, produktuari alergia ez diozula ziurtatzeko, ideia ona da lehen aldian kantitate txiki bat bakarrik probatzea. Eta ez etsi, hurrengo egunean hobekuntzarik ikusten ez baduzu: aknearen aurkako sendagaiek luze jo dezakete hobekuntza lortu arte.

Akne-kasu larriak dituzten gazteek medikuaren edo dermatologoaren laguntza eskatu beharko lukete (azaleko arazoak tratatzen dituen medikuarengana joan, alegia). Sendagileek denda batean eros ditzakezunak baino botika indartsuagoak errezetatuko dizkizute. Akneari aurre egiteko errezetatutako produktuen artean krema indartsuagoak daude, bakterioak desagerrarazten dituzten antibiotikoak eta pikortak sendatzen laguntzen duten kremak.