Arrautzak ekoizteko oilo-haztegi intentsiboa

Abeltzaintza intentsiboa elementu artifizialak (instalakuntza itxiak eta mekanizatuak) dituen leku batean animaliak hazten dituen abeltzaintza mota da. Itxura industriala duten haztegiak (abeltegi edo pabilioiak) erabiltzen ditu, eta animaliak ez dira libre egoten. Produktibitatea eta errentagarritasuna handitzeko helburua dute haztegi hauek; hau da, ahalik eta denborarik laburrenean eta ahalik eta kosturik txikienekin etekin handiak lortu nahi dira.

Abeltzaintza mota honetan sartzen dira, adibidez, oiloak, esne-behiak edo txerriak ekoizten dituzten haztegi handiak:

  • Oilo-haztegiak: oilo asko edukitzen dituzte leku itxietan, pentsua besterik ez dute jaten, hormonak ematen dizkiete azkarrago hazteko, eta egun osoan edukitzen dute argia piztuta, gehiago jan dezaten. Arrautzak ekoizten dituzten oilo-haztegietan, oiloak kaioletan sartuta egoten dira denbora guztian. Supermerkatuetan salgai dauden oilasko eta arrautza gehienak honelako haztegietatik atera dira.
  • Behi-haztegiak: batez ere esnea ekoizten dute; horretarako, sistema mekanizatuak erabiltzen dituzte, esnea azkar eta masiboki jezteko, askotan abereentzat mingarriak diren makinak erabiliz.
  • Txerri-haztegiak: haragia ekoizten dute. Txerriak leku txikietan itxita edukitzen dituzte, eta janari ugari jatera behartzen dituzte, ahalik eta azkarren loditzeko eta haragiari etekin handia atera ahal izateko.

Zer abantaila ditu? aldatu

  • Ekoizpen handiak lortzen dira oso merkatu handientzat.
  • Merkatuaren behar eta eskariaren arabera egokitzen da.
  • Eroslearen ikuspegitik, produktu merkeak eskaintzen ditu, kopuru handitan ekoizten dutelako.
  • Produktuak homogeneoak (oso elkarren antzekoak) izaten dira, eta hori erakargarria izaten da merkatuarentzat.
  • Abeltzaintza estentsiboak baino espazio gutxiago behar izaten du.

Eta zer desabantaila? aldatu

  • Produktuak abeltzaintza estentsibokoak baino kalitate txikiagokoak dira.
  • Energia eta ur asko kontsumitzen dute.
  • Lurra gehiago higatzen du, abeltzaintza estentsiboarekin alderatuta.
  • Animalien ongizatea ez da zaintzen.