Ikasi Otsorekin Abeltzaintza estentsiboari buruz.

Abeltzaintza estentsiboa, ganadua larreetan, zelaietan eta antzekoetan elikatzen duen abeltzaintza mota da. Eredu honen kontrakoari abeltzaintza intentsiboa deitzen zaio. Larre edo zelai horiek ganaduaren jabearenak izan daitezke, edo beste jabe partikular batenak, edo komunalak.

Abeltzaintza mota honetan, animaliak bizi-baldintza naturaletan bizi dira, eta, horri esker, osasuntsu eta emankor mantentzen dira eta botika eta albaitaritza-arreta gutxi behar dute. Abeltzaintza mota honetan, aberea gizakiak aldarazitako ekosistemaren parte da, eta janari naturala edo artifiziala hartzen du (ukuiluan edo bordan). Abeltzaintza estentsiboak naturaren zikloei jarraitzen die eta, era berean, hurrengo belaunaldiei sistema honen elementuak helarazi nahi dizkio, jaso zirenean bezain ongi edo hobeki.

Zer abantaila ditu? aldatu

  • Aberea osasuntsuago bizi da abeltzaintza intentsiboan baino. Izan ere, abeltzaintza estentsiboan aberea libre egoten da denbora askoan, eta ariketa fisikoa egiten du. Abeltzaintza intentsiboan, berriz, aberea lotuta edo itxita egoten da ia beti, estres handiagoa izaten du, eta apenas egiten duen ariketa fisikorik.
  • Petrolio eta antzekoen premia txikia du.
  • Klima lehorretan, lurra estaltzen duen landaredia iraunarazten laguntzen du, eta higadura eta basoko suteak gertatzeko arriskua gutxitzen du.
  • Ekosistema naturalak gehiago zaintzen ditu, biodibertsitatearen mesedean.
  • Sistema honetan ekoizten diren produktuak kalitate handiagokoak izaten dira.
  • Abereek tratu hobea izaten dute.
 
Abeltzaintza estentsiboaren adibide bat.

Zer desabantaila ditu? aldatu

  • Klimaren eta beste zenbait arrazoiren ondorioz, ekoizpen urriagoa du. Hala ere, petrolioan eta pentsuetan gastu txikiagoa du. Beraz, abeltzainak batzuetan irabazi txikiagoak ditu abeltzaintza intentsiboan baino, baina beste batzuetan handiagoak dira irabaziak.
  • Animalia bizi den giroa nekezago kontrolatzen da.
  • Eguraldiaren menpeko da.
  • Kontsumitzaileen eskaerari egokitzeko zailtasunak izaten ditu, produkzio txikiagoa lortzen baitu.
  • Lur-eremu zabala behar izaten du.