Ireki menu nagusia
Birus baten (Orthopoxbirus) moteltze prozesua, oiloen enbrioi-arrautzetan kultibatuz

Txerto moteldua birulentziarik gabeko mikrobioak dituen txerto mota bat da. Mikrobio patogenoari bere birulentzia kentzen zaio laborategian era artifizialean, bere immunogenizitatea (antigorputzak sortzeko ahalmena) aldatu gabe. Txerto inaktibatuen aldean, txerto motelduek mikrobio biziak erabiltzen dituzte, birulentziarik gabekoak.

Jakina da txerto motelduek erantzun immune sendoagoa eta iraunkorragoa eragiten dutela txerto inaktibatuek baino. Horregatik, gaur egun erabiltzen diren txerto gehienak (birusenak, batez ere) txerto motelduak dira [1]

Eduki-taula

HistoriaAldatu

1880ean txerto motelduen lehenengo zantzuak aurkitu zituen Pasteur-ek, hegaztien kolerari buruzko ikerketa bat egiten ari zela.

Ikerketaren erdian Pasteur-ek oporrak hartu eta bere laguntzaileari esan zion koleraren bakterioak inokulatzeko oilasko batzuei. Laguntzaileari hori egitea ahaztu zitzaion, eta modu horretan bakterioak ahuldu egin ziren bizidun bat ez infektatzerakoan. Oporretatik itzulita, Pasteur-ek bakterio ahulduak oilaskoei injektatu zizkien, eta hauek ez ziren hil. Koleraren bakterio berriak injektatzerakoan, oilaskoek ere bizirik iraun zuten. Mikrobiologo frantziarrak, nahi gabe, lehenengo txerto moteldua asmatu egin zuen.

Saio horrek jarraipena izan zuen karbunkoaren bakterioarekin egindako ikerketan. 1881ean, Pasteur-ek karbunkoaren bakterio motelduak erabili zituen: 25 ardi txertatu zituen txerto motelduekin, eta beste 25 txertatu gabe utzi zituen. Gero, ardi guztiei karbunkoaren bakterioa inokulatu zien: txertatuek bizirik jarraitu zuten, besteak hiltzen ziren bitartean. Horrek agerian jartzen zuen mikrobio moteldu edo ahulen inokulazioak babesa ematen ziela laborategiko ardiei.

Karbunkoaren bakterioa (Bacillus anthracis) moteltzeko Pasteur-ek bere ohiko tenperaturen gainetik kultibatu zuen. Gaur egun badakigu tenperatura altu horrek bakterioari toxikotasuna ematen dion plasmidoaren galera eragiten duela [2]

AdibideakAldatu

Mikrobio motelduak erabiltzen dituzten txerto gehienak gaixotasun birikoak prebenitzeko erabiltzen dira. Bakteriar gaixotasunen prebentzioa txerto inaktibatuen, batik bat, erabileran datza.


Mikrobioak moteltzeko prozedurakAldatu

Mikrobio baten moteltze prozesuak bere birulentzia kentzen dio mikrobio horri, bere gaitasun antigenikoa mantenduz (hots, zelula ostalariaren antigorputzen ekoizpena bermatuz)

Moteldutako txertoek eraginkorragoak izan arren (epe luzerako babesa ematen baitute gaitz infekziosoaren aurka) moteldutako anduiak aukeratzea, estandarizatzea eta gordetzea zaila da. Txerto biziak ezin dira denbora luzez gorde, eta hozkailuan kontserbatu behar dira [4].

Hiru dira mikrobioak moteltzeko erabiltzen diren teknikak:

  • teknika nagusia eta erabiliena (birusekin, batez ere) ohiko ostalariak ez diren bizidunengatik serie-paseak egitea da. Esate baterako, "X" animalia infektatzen duen birusa "Y" animalia batean inokulatzen da, eta serie-paseak egiten dira hainbat "Y" animalietatik. Azkenean, birus hori "X" animaliarentzat ez da patogenoa izango, X-arekiko birulentzia galdu duelako. Ohikoak ez diren ostalarietatik birusaren pasea beste animalietatik pasatzean egin daiteke, baina baita oilasko-enbrioi edo ehun-kultiboetatik pasatzerakoan ere. Gaur egun bigarren prozedura hori usu erabiltzen da birusen birulentzia moteltzeko.
  • mikrobioa hazkuntza-ingurune artifizialetan mantentzen da luzaro, inongo animaliengan inokulatu gabe. Horretaz gain, hazkuntza-ingurune horietan mikrobioak ez ditu izango bere baldintzarik onenak (tenperatura, hazkuntza-ingurunearen osaketa...); horrek bere moteltze prozesua eragiten du. Mycobacterium tuberculosis (tuberkulosiaren eragilea) bakterioaren moteltze prozesua horrela lortzen da. Bere ohiko hazkuntza-inguruneari behazuna gehitzen zaio, eta baldintza horietan luzaro kultibatuz mikrobioak birulentzia galtzen du.
  • hirugarren teknikak, eta korapilatsuenak, mikrobio patogenoari birulentzia kentzen dio mutazioak eragiterakoan. Birulentzia gutxiko mutanteak andui basatien hazkuntza galarazten duen hazkuntza-ingurune batetik isolatuko dira. Polioaren birusa horrela moteltzen da. A. Sabin-ek 1957an poliomielitisaren aurkako txertoa lortu zuen birulentzia gutxiko birus mutante bat eskuratu zuenean (mutazioak eragin ostean)

ErreferentziakAldatu

  1. Ingraham J., Ingraham C.: "Introducción a la microbiología" vol II Edit. Reverté (1998) 477 orr. IBSN: 84-291-1871-3
  2. Ingraham J., Ingraham C.: "Introducción a la microbiología" vol II Edit. Reverté (1998) 477 orr. IBSN: 84-291-1871-3
  3. Levine, Myron M.; Ferreccio, Catterine; Black, Robert E.; Lagos, Rosanna; Martin, Oriana San; Blackwelder, William C. (July 15, 2007). "Ty21a Live Oral Typhoid Vaccine and Prevention of Paratyphoid Fever Caused by Salmonella enterica Serovar Paratyphi B". Clinical Infectious Diseases 45 (Supplement 1): S24–S28
  4. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:848-849 orr. IBSN: 978-84-9860-026-1