Txantxiku arrunta edo Alytes obstetricans Alytidae familiako apo bat da. Arrek arrautzak gorputzaren atzealdean itatsita garraiatzeagatik ezaguna da. Tamaina txikia du eta azal pikortsua. Europa mendebaldean eta Maroko iparraldean aurki daiteke denetariko inguruneetan. Arrek kantu berezigarria dute, identifikaerraza eta anplexu konplexua izaten dute. Zapaburuak identifikatzea ere erraza da, izaten duten tamaina handia dela-eta. Ezkutuko teknika erabiliz, zizareak, intsektuak, araknidoak eta tamaina txikiko bestelako ornogabeak ehizatzen ditu.

Txantxiku arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaDiscoglossidae
GeneroaAlytes
Espeziea Alytes obstetricans
Banaketa mapa
Eguneko zikloagaueko
Alytes obstetricans

Deskribapena aldatu

Tamaina txikiko apoa da txantxiku arrunta. Arrak 52 mmko luzera izatera iritsi daitezke, eta emeak apur bat txikiagoak izaten dira. Gorputza motza eta biribildua da eta gorputz-adarrak motzak eta sendoak. Azala apur bat pikortatua da, garatxo txikiduna bizkarraldean eta pikortatua sabelaldean. Bizkarrean guruin parotideetatik iztaietaraino hedatzen diren bi lerrotan kokaturiko kolore laranjako garatxoak izan ditzakete. Azalaren kolorea aldakorra da, grisa, arrea edo oliba-kolorekoa. Orban txiki berde gorri edo beltzak izan ditzakete, nahiko homogeneoki kokatuak. Ale batzuek sorbalden artean V formako orban argia izaten dute.

Gorputzarekin alderatuta, buru handia dute, mutur biribildu edo apur bat punta zorrotzduna. Begiak handiak dira, irtenak, aldeetara bideratuak. Pupila bertikalak dituzte eta urre-koloreko irisak. Tinpanoa, normalean, nabarmena izaten da, begiaren tamainaren 3/5 edo 4/5. Guruin parotideak txikiak dira eta normalean ez dira nabarmenak izaten. Bomer-hortzak koanen atzean izaten dituzte eta mingaina biribildua eta osoa.

Aurreko gorputz-adarretan ez dute behatzareko mintzik eta lehenengo lehenengotik hirugarrenera hatzak orduan eta luzeagoak dira. Hiru metakarpio-tuberkulu izan ohi dituzte, nahiz eta batzuek bi besterik edukitzen ez dituzten. Erdikoa izan ohi da tamaina txikienekoa. Atzeko gorputz-adarrak laburrak dira, metatartso-tuberkulu txiki bakardunak. Behatzareko mintza oso txikia izaten da.

Dimorfismo sexuala ez da nabarmena, nahiz eta emeak normalean tamaina txikiagoa izaten duten, eta erlatiboki gorputz-adar txikiagoak izaten dituzten. Sudurzuloen arteko distantzia handiagoa izan ohi da emeetan eta tinpanoaren tamaina erlatiboki txikiagoa da. Arrek ez dute araldiko kailurik ezta kanpoko aho-zakurik ere izaten, baina erraz identifikatzen dira arrautzak garraitzen dituztenean. Ernari dauden emeetan obiduktuetako arrautzak ikus daitezke abdomenaren behealdean.

Zapaburuari dagokinez, eklosioan 14 mm neurtzen duten arren, garapenean aurrera egin ahala 6-7 cm-ko luzera lortzen dute eta neguko zenbait larbatan 9-11 cm-ko aleak ere ezagutu izan dira. Ingurunearen arabera, forma eta tamaina aldatzeko gaitasun handia dute: ur geldoetan biribilak izaten dira, eta korronte handiko guneetan, aldiz, luzangagoak. Begi oso txikiak izaten dituzte, buruaren goialdean kokatuak, urre-koloreko irisdunak. Buztaneko hegatsa bizkarraren erdialdean sortzen da eta ertz biribildua du puntan. Kolore arre-berdea izaten dute, batzuetan gorrixka. Urre-koloreko orbanak izaten dituzte gorputz guztian.

Kantua aldatu

Kantua apo-hontzarenaren (Otus scops) antzekoa da. Luzera laburreko (125 ms) nota bakar batek (1,025 kHz) osatzen du kantua, 3 segundotik behin, gutxi gorabehera, errepikatzen dena.

Banaketa aldatu

Europan eta Afrika iparraldean bizi den espeziea da. Ekialdeko muga Herbehereek, Alemania mendebaldeak eta Suitzak ezartzen dute, eta Afrikan Maroko iparraldean besterik ez da ezaguzten[1][2][3]). Iberiar penintsulan banaketa zabala du eta iparraldean ugaria da. Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke, eta nahiko ugaria da[4].

Habitata aldatu

Askotariko habitatetan aurki daitekeen espeziea da, silize, kareharri edo buztindun lurzoruetan; artadi eta ingurune mediterraneoetatik mendiguneetara. Itsas mailatik 2.500 metroko altueraraino aurkitu dira zapaburuak eta nahiko arruntak dira Pirinioetako goi-mendietan (García-París y Martín, 1987; Vences et al., 2003). Edozelan ere, larba-garapenak ur-eskuragarritasuna dagoen lekuetara mugatzen du anfibio honen banaketa, eta maiz, gizakiak eraikitako iturri, aska eta ur-gordailuetan aurki daitezke. Gune hauen ezaugarriak oso aldakorrak izan daitezke, eta zenbait kasutan ur eutrofizatu, hipoxiko eta azidoetan ere aurkitu dira zapaburuak.

Elikadura aldatu

Lurreko harrapakinez elikatzen da, artropodo txiki, anelido eta moluskuetaz. Txantxikuen urdailetan aurkitu diren elikagai nagusiak araknidoak eta isopodoak izan dira, nahiz eta taxonen ugaritasunari dagokionez, himenopteroak (inurriak), isopodoak, araknidoak, hemipteroak eta ortopteroak diren nagusienak. Harrapakinen tamaina 2,1 eta 28 mm bitartekoa izaten da, normalean. Hala ere, 8 cm-ko harrapakinak ere aurkitu dira apo hauen urdailetan. Metamorfizatu berriek 5-6 mm-ko harrapakinak ehizatzen dituzte, higidura zizarekara dutenak, batez ere[5][6][7].

Bizimodua aldatu

Normalean, iluntzean eta gauean izaten dute aktibitate gehiena, nahiz eta egun lainotuetan egunez ere aktibo egon daitezkeen. Airearen hezetasuna, prezipitazioak eta tenperaturaren eta aktibitatearen artean ez da erlazio esturik aurkitu.

Altuera handiko guneetan hibernatu egiten dute, baina tenperatura aldaketak horren bortitzak ez diren lekuetan urte guztian aktibo iraun dezakete. Goi-mendietako larbek negua uretan igarotzen dute, maiz izotzaren azpian aktibo edo inaktibo[8][9].

Ugalketa aldatu

Ugalketa-garaia aldakorra da ingurunearen arabera. Estazionalitate handiko guneetan, goi-mendietan esaterako, neguaren amaieran hasten da eta uda hasierara arte irauten du. Altuera txikiagoko lekuetan, ordea, ugalketa-garaia luzeagoa da eta arrautzak daramatzaren arrak ia urte guztian ikus daitezke. Emeek errunaldi bakarra izaten dute mendiguneetan, eta leku faboragarriagoetan 2-3 izan ditzakete[10][11].

Arrek gordelekutik kanpo kantatzen dute, tenperaturak hotzegiak ez direnean. Maiz, leku altu eta argiak hautatzen dituzte kantuan aritzeko, nahiz eta beste kasu batzuetan erdi ezkutuan ere behatu diren. Batzuetan hainbat arrek batera kantatzen dute. Lehen urtetik aurrera hasten dira abesten, anuruen artean ezagutzen den kanturik sinpleena.

Emeak ar kantariengana jauzika eta korrikaldi motzak eginaz hurbiltzen dira. Arrei erantzun-kantuak egiten dizkiete, bikotekidearen kokapena finkatu eta harmena azaltzeko, ziurrenik. Emeen deiek intentsitate baxuagoa izaten dute eta zenbait osagai harmoniko txertatzen dituzte. Emeak arrari erantzutean azken horrek altuago eta azkarrago kantatzen du. Anplexuan ere bokalizazioak izaten dira.

Anplexua emea arrarengana hurbiltzean hasten da. Makurtu eta emea arraren azpian sartzen saiatzen da. Arrak emea gorputzaren behealdetik eusten du, hots, anplexu lunbarra egiten dute eta 25 minutu inguru iraun ohi du. Hankak mugituz, emeak arrautzak askatu ahala, arrak ernaldu eta bere gorputzaren atzealdean kokatzen ditu[12][13].

Arrek 65 (20-170) arrautza inguru garraiatzen dituzte eta kasu batzuetan zenbait errute eraman ditzake. Arrik handienek lortzen dute ugal arrakasta handiena eta horiek izan ohi dira arrautza gehien garraiatzen dituztenak.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Zenbaitetan beste anuro batzuekin partekatzen du gordelekua, apo arrunta (Bufo bufo) edo apo lasterkariarekin (Bufo calamita), esaterako. Goi-mendietan, berriz, arrabioarekin (Salamandra salamandra) batera aurkitu izan da. Zapaburuek beste anfibio-espezie batzuekin partekatu ditzakete putzuak[14][15].

Azal toxikoa du txantxiku arruntak eta harraparien kontrako moldaera arrakastatsua da hau. Izan ere, txantxikuaren pozoin-guruinek ekoizten dituzten jariakinak, Euskal Herriko anfibioen artean gogorrenetarikoak baitira[16].

Txantxikuaren harrapari nagusiak uretako sugeak (Natrix sp.), zenbait ugaztun, lertxunak eta hegazti zankaluzeak dira. Zapaburuak, berriz, uretako sugeez gain, odonatuek, ditiszidoek, uhandreek eta arrabioaren larbek ehizatzen dituzte[17][18].

Bitxikeriak aldatu

Oñatiko biztanleei Txantxiku deitzen zaie batzuetan, apo honen omenez.

Erreferentziak aldatu

  1. Sowig, P., Fritz, K., Laufer, H. (2003). Verbreitung, Habitatansprüche und Bestandssituation der Geburtshelferkröte (Alytes obstetricans) in Baden-Württemberg. Zeitschrift für Feldherpetologie, 10: 37-48.
  2. Uthleb, H., Scheidt, U., Meyer, F. (2003). Die Geburtshelferkröte (Alytes obstetricans) an ihrer nordöstlichen
  3. Weber, G. (2003). Verbreitung und Bestandssituation der Geburtshelferkröte (Alytes obstetricans) in Nordrhein-Westfalen. Zeitschrift für Feldherpetologie, 10: 61-66.
  4. Pleguezuelos, J. M. (ed.). (1997): Distribución y biogeografía de los anfibios y reptiles en España y Portugal. Monografía Tierras del Sur. Univ. Granada. Asoc. Herp. Esp. Granada. 542 pp.
  5. Ewert, J. P., Burhagen, H. (1979). Configurational prey selection by Bufo, Alytes, Bombina and Hyla. Brain Behavior and Evolution, 16: 157-175.
  6. Mou, Y. P. (1985). Alimentation d'une population d'Alytes obstetricans dans l'ouest de la France. Alytes, 4: 147-152.
  7. Lizana. M., Ciudad Pizarro, M. J., Pérez-Mellado, V. (1986). Uso de los recursos tróficos de una comunidad ibérica de anfibios. Revista Española de Herpetología, 1: 207-272.
  8. Brown, L. E., Crespo, E. G. (2000). Burrowing behavior of the midwife toads Alytes cisternasii and Alytes obstetricans (Anura, Discoglossidae). Alytes, 17: 101-113.
  9. Campeny, R., Casinos, A. (1989). Densities and buoyancy in tadpoles of midwife toad, Alytes obstetricans. Zoologischer Anzeiger, 223: 6-12.
  10. Galán, P., Vences, M., Glaw, F., Arias, G. F., García-París, M. (1990). Beobachtungen zur biologie von Alytes obstetricans in Nordwestiberien. Herpetofauna, 12: 17-24.
  11. Márquez, R., Verrell, P. (1991). The courtship and mating of the Iberian midwife toad, Alytes cisternasii (Amphibia, Anura, Discoglossidae). Journal of Zoology (London), 225: 125-139.
  12. Demours, P. (1741). Crapaud mâle accoucheur de la femelle. Histoire de l’Académie Royale des Sciences, 1741: 28-32.
  13. Boulenger, G. A. (1912). Observations sur l'accouchement et la ponte de l'Alyte accoucheur "Alytes obstetricans". Bulletin de la classe des sciences de l’ Académie royale de Belgique, 9-10: 570-579.
  14. Bosch, J. (2002). Alytes obstetricans (Laurenti, 1768). Sapo partero común. Pp. 82-84. En: Pleguezuelos, J. M., Márquez, R., Lizana, M. (Eds.). Atlas y libro rojo de los anfibios y reptiles de España. Segunda impresión. Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Asociación Herpetológica Española, Madrid.
  15. Serra-Cobo, J., Lacroix, G., White, S. (1998). Comparison between the ecology of the new European frog Rana pyrenaica and that of four Pyrenean amphibians. Journal of Zoology, 246: 147-1
  16. Heinzmann, U. (1970). Untersuchungen zur bio-akustik und ökologie der geburtshelferkröte. Oecologia, 5: 19-55.
  17. Barbadillo, L. J. (1987). La Guía de Incafo de los Anfibios y Reptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. Incafo, Madrid.
  18. Lizana, M., Martín-Sánchez, R. (1994). Consumo de una puesta de sapo partero común (Alytes obstetricans) por un grupo de tritones ibéricos (Triturus boscai). Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 5: 27-28.

Bibliografia aldatu