Txantiloi:2010-39 Nabarmendutakoa

Hirigintza diziplina da, hiria eta, orokorrean, lurralde jakin bat ordenatzeko eta antolatzeko erabiltzen dena. Zeharkako diziplina da, eta bere baitan, besteak beste, Arkitektura, Zuzenbidea, Ingeniaritza, Ekologia, Soziologia eta Politika esparruak aurki ditzakegu.

Egile batzuk Artearen esparruan kokatzen dute Hirigintza, Arkitekturarekin lotura nabarmendu eta gero. Beste batzuk, aldiz, teknikatzat dute, hots, helburu bat lortzeko (kasu honetan, hiria edo lurralde-antolamendua) erabiltzen diren prozedura edo baliabide sorta. Hemen kokatuko genituzke arestian aipatutako esparruok.

Hirigintza interes orokorraren aldeko jarduera da. Lehenbiziko plangintzek motibazio defentsiboa edo militarra izan zuten helburu, eta, dudarik gabe, horrek kolektibitatearen aldeko jarrera argia azaltzen du. Egungo legedietan funtzio publikoa argi eta garbi azaltzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren legeak erakusten duen moduan: hirigintza, hain zuzen, interes orokorraren alde diharduen funtzio publikoa izango da, eta ez «hirigintzaren arloan sortzen diren gainbalioak esku pribatuek lortzeko bidea»