Tropismoak

Nathalie Sarrauteren "Tropismes" liburua

Tropismoak (frantsesezko jatorrizkoan, Tropismes) kontakizun bilduma bat da, Nathalie Sarraute frantses idazleak argitaratutako lehen liburua, 1939an agertua Robert Denoël argitaletxean.

Tropismoak
Tropismoak itzulpena.
Datuak
IdazleaNathalie Sarraute (2021)
Argitaratze-data1939
GeneroaNarrazioa
Jatorrizko izenburuaTropismoak
Hizkuntzafrantses
HerrialdeaFrantzia
Orrialdeak152
ItzultzaileaL. Alfonso Lopez Labrador

Hitzaren jatorria aldatu

«Tropismo» terminoa hizkera zientifikotik mailegatu zuen Sarrautek. Izatez, estimulu edo kinada baten aurrean landareek burutzen duten mugimenduari deritzo. Tropismoa eragiten duten estimuluak askotarikoak izan daitezke (argia, grabitatearen indarra, gai kimikoak...) eta landareek antzematen dituzte, zentzumen organorik ez izan arren.

Argitalpena aldatu

Liburua 1939ko otsailean kaleratu zen, kritikaren eta irakurleen artean ia batere erantzunik sortu gabe. Mundu frankofonoan, aipamen bakarra Belgikako La Gazette de Liége egunkarian argitaratu zen.[1][oh 1] Idazle ospetsu batzuek —horien artean zeuden Jean-Paul Sartre, Max Jacob edo Charles Mauron—, berriz, ongietorri bero bat egin zioten, egileari modu pribatuan bidalitako gutun eta oharren bitartez.

Nathalie Sarraute urte batzuk lehenago hasi zen testuok idazten, 1932an.[oh 2] Éditions Gallimard eta Grasset argitaletxeek uko egin zioten liburua argitaratzeari, eta kritikak ez zion benetako aitorpenik egin hogei urte geroago, 1957an, Les Éditions de Minuit etxean berrargitaratu zen arte.[oh 3]

Azterketa aldatu

Liburuaren lehen edizioa ia oharkabean pasa bazen ere, Tropismoak kontakizun bilduma jotzen da «Nouveau roman» izenaz ezagutzen den korronte literarioaren sortzailetzat.[2]

Obra honen kontakizunen bitartez, estimuluen erantzunez sortzen diren berezko erreakzio fisiko ahulak, hautemanezinak, aztertu zituen Sarrautek: «higidura definiezinak dira, berehala kontzientziaren mugetara lerratzen direnak; gure keinuen, hitzen edo sentimenduen jatorrian daude, hautematen ditugunak, ustez esperimentatzen ditugunak eta definigarriak direnak».[3]

Sarrauteren ikuspegiz, tropismoak dira sentimendu iheskor, labur, trinko baina ulertezinak, hala nola esaldi estereotipatuak edo egiune sozialak.

Hizkuntza egiuneen itxurazko hutsaltasunaren atzean, baina, giza harreman konplexuak ezkutatzen dira, sentimendu indartsuak, batzuetan bortitzak (giltzapetze, herstura, izu sentimenduak, besteak beste). Sarrauteren irudiz, senez egiten ditugun higidurak dira, besteren presentzia edo hizketa hutsak eragiten dituenak.

Egitura eta edukiaren laburpena aldatu

Kontakizun bildumak hogeita lau testu ditu,[oh 4] elkarrekin loturarik gabeak:

  • I: Jendetza bat dago erakusleihoen aurrean.
  • II: Gizon batek ezin eraman du ingurukoen pentsamendu nola-halakoa.
  • III: Panteoiaren auzoan, pertsonaia bakartiak, oroitzapenik gabeak, etorkizunik gabeak, zoriontsu dira.
  • IV: Hitzezko dantza bitxi aldi berean anker eta jolasti bat garatzen da, gizon baten eta zenbait emakumeren artean.
  • V: Emakume bat izozturik dago zain.
  • VI: Emakume larderiatsu batek inguruko guztiak zanpatzen ditu gauzen pisuaz.
  • VII: Emakume batek hitz egiten du eta beldur da sentitzen duelako epaitzen duela hitz egiten ez duen gizon batek.
  • VIII: Aiton bat pasieran dabil bilobarekin, begiramen itogarri batez babesten du eta beraren heriotzaz hitz egiten dio.
  • IX: Gizon batek hitz egiten dio emakume bati hark ez duelako hitz egiten.
  • X: Emakume batzuk berriketan dira te areto batean.
  • XI: Emakume bat «intelektualtasun» egarriz dago.
  • XII: Frantziako Ikastetxeko irakasle batek «botere eta misteriorik gabe» uzten ditu Proust eta Rimbaud.
  • XIII: Emakume batzuk itsuturik doaz oihal jakin bateko janzki baten atzetik.
  • XIV: Emakume sentibera eta fededun batek besteren garraztasuna erakartzen du.
  • XV: Neska gazte batek tupust egiten du miresten duen zahar baten ezgaitasunekin.
  • XVI: Bikote zahar batek etsipen bizitza bat darama.
  • XVII: Bikote gazte bat pasieran dabil haurrarekin.
  • XVIII: Landetxe ingeles baten baretasunean, «ile zuriko andereño bat» te orduaren zain dago.
  • XIX: Gizon ahul batek ez du deus egiten ingurukoen tratu txarren aurka.
  • XX: Gizon bat inguruko emakumeek lasaitzen eta itotzen dute txikitatik.
  • XXI: Emakume zentzudunegi batek ihes egiteko eta samintzeko desira sentitzen du bat-batean.
  • XXII: Gizon batek babesa bilatzen du gauzen erakarmenaren aurka.
  • XXIII: Emakume bat itzultzen da, gogoz kontra, gorrotatzen duen familiara.
  • XXIV: Gizon batek ingurukoen etsaitasun isila pairatzen du.

Euskarazko itzulpena aldatu

Nathalie Sarrauteren Tropismes kontakizun bilduma euskarara itzuli zuen Luis Alfonso Lopez Labradorrek, 2021ean, Tropismoak izenburuaz, baina ez zuen argitaletxe komertzial baten bitartez kaleratu. Soilik ale bakan batzuk inprimatu zituen eta eskuz koadernatu.

 
Liburuaren hasiera

Argitaratu gabeko itzulpena aldatu

Ezaugarriak aldatu

Luis Alfonso Lopez Labradorrek 2021ean egindako itzulpena jasotzen du Tropismoak izenburuko liburuak, 152 orrialdeko ale batean. Liburuaren neurriak dira 190 mm x 124 mm. Itzultzaileak berak eskuz koadernatuta dago, 3 mm-ko kartoiz pieza bakarrean eratutako azal, bizkar eta kontrazal gogorrez. Halako koadernatze motari dagozkion babes-orriak azalaren osteko eta kontrazalaren aitzineko bi orrialdeetan.

Paper zuriaren gainean dago inprimatuta testua, offset 90 gr-ko paper birziklatuan. Azalaren osteko eta kontrazalaren aurreko babes orriek beix kolore lau ilunkara dute (RGB 172, 135, 74), 300 gr-ko offset paper sendoan.

Liburuaren azala, bizkarra eta kontrazala pieza bakarrean daude eginak. Barruan, paperezko orrialdeen kaierak hariz elkarri josita daude bost josturatan, eta multzoa itsatsita, babes-orrien bitartez, azala, bizkarra eta kontrazala eratzen dituen kartoizko piezari.

Azala, bizkarra eta kontrazala osatzen duen piezaren gainak lur kolore arrea du, ilunago (RGB 96, 48, 0) goiko herenean, argiago (RGB 150, 75, 0) beheko bi herenetan. Bi aldeak bereizten ditu 0,8 mm-ko jostura lerro horizontal bat irudikatzen duen marrazkiak. Beste horrenbeste, azalaren erdi aldean (50 mm) jostura bera irudikatzen duen marrazkia dago goitik behera. Multzoak larruzko azaleztatze bat irudikatzen duela esan daiteke.

Azalean, beheko alde argiagoan, liburuaren izenburua ageri da, tinta beltzez osorik letra larriz idatzita: lehen lau letrak (TROP) goitik behera daude idatzita, eta izar pentagonal bat dute amaieran; azken sei letrak (ISMOAK) ezker eskuin daude idatzita, azpian azpimarra izurtu bat dutelarik. Multzoak L moduko bat eratzen du. Bizkarrean, egilearen izen-deiturak ageri dira, tinta beltzez eta letra larriz idatzita (N. SARRAUTE). Kontrazalean ez dago deus idatzirik.

 
Aitzineko babes-orriak

Testua maketatuta eta orrikatuta dago, liburu komertzialen gisara; Times New Roman tipografia erabiltzen du, 16 puntukoa testuan, 24 puntukoa kapituluen izenburuetan. Liburuak ez dauka aurkibiderik, ez hasieran, ez amaieran.

 
Liburuaren ex librisa

Azken aurreko orrialdean ex libris inprimatu bat ageri da; EX LIBRIS idazkunaren azpian, sinadura bat ageri da (Luis Lizarriturry irakur daiteke), hitz hauek inguratzen dutelarik, erloju orratzen noranzkoan irakurri beharrekoak: ezkerrean, etxean; goien, ezarian; eskuinean, eskuz; eta behean, egina.

Edukia aldatu

Itzulpenean jasotzen den edukiak orpoz orpo jarraitzen du 1957an Les Éditions de Minuit argitaletxeak egindako berrargitalpenaren testua.[3] Beraz, 24 ataletan dago banatuta.

Alea liburutegian aldatu

Luis Alfonso Lopez Labradorrek egindako itzulpenaren alea (artikulu honen goiburuko irudian ageri dena, alegia) Donostiako Udal Liburutegian gordetzen da, itzultzaileak egindako dohaintza baten bitartez, 2021eko uztailaz geroztik. Signatura hau du: V 36391. Ezin da maileguan hartu.

Oharrak aldatu

  1. Honela zioen Victor Moremans-ek bere iruzkin laburrean: «Idazleak argitaratu berri duen liburutxo honek ez digu soilik arreta literario pizten duen pieza bat eskaintzen. Presakako zirriborrotzat ere har daiteke, egunen batean zorroztasunagatik eta sakoneragatik harrituko gaituen zerbaiten aitzindari».
  2. Hala aitortu zuen L'Ère du soupçon liburuaren sarreran, Paris, Éditions Gallimard. 1987ko edizioaren ISBN: 978-2070324507.
  3. 1957ko berrargitalpenean, Sarrautek kendu egin zuen kapitulu bat (seigarrena) eta beste sei berri erantsi zituen (XIX-XXIV bitartekoak), 1939-1941 bitartean idatziak. Ikus Nathalie Sarraute (1957) Tropismes, Paris, Les Éditions de Minuit. ISBN: 978-2707301253.
  4. Laburpen honetan 1957ko berrargitalpenaren egitura eta edukiak hartu dira kontuan.

Erreferentziak aldatu

  1. Ikus Victor Moremans, «Ce qu'on lit», La Gazette de Liège, 1939ko martxoak 3.
  2. John Marcus (2013) Tropismes de Nathalie Sarraute : le premier des « nouveaux romans »
  3. a b Ikus Nathalie Sarraute (1956) L’ère du soupçon. Paris, Gallimard. 8. or. ISBN: 9782070324507.

Ikus, gainera aldatu