Tolosako gudua 721ean Eudon Handia Akitaniako Dukeak omeiatarrei Tolosa Okzitanian irabazitako gudua izan zen. Ipar Afrikatik denbora laburrean bisigodoen Iberiar penintsula osoa mendean hartu ondoren, omeiatarren tropek Pirinioak zeharkatu zituzten 716 aldera, eta Narbona azpiratu 719an. Narbona hiriburu hartuta,[1] haien lurraldea iparraldera zabaltzea izan zen haien hurrengo asmoa. Horretarako, Akitania-Baskonian gailendu behar ziren bertako Eudon duke independentearen kontra.
Setioa eta hiriaren askapena
aldatu
Omeiatarren tropa indartsuak hamar milaka soldaduk osatzen zuten. Batez ere soldadu arabiarrak biltzen zituen, baina tartean euskaldunak ere bazeuden. Hiriaren ateetara heltzean, orduko hainbat gerra tramankulurekin eraso zieten, baina Eudon gidari zutela, akitaniarrek eutsi egin zioten. Oto laguntza bila hiritik atera zen, baina omeiatarrek hiribildua setiatzea lortu zuen. Denbora luzearen ondoren, Eudon Handia dukea indarberrituta itzuli zen akitaniarren eta frankoen tropak agindupean zituela, baita omeiatar musulmanak ezustean hartu ere. Ondorioz, Eudonen tropek omeiatarrak inguratu eta txikitu egin zituzten. Akitaniar indarren artean baskoiak izatea oso litekeena da, akitaniar armadaren zutabeetako bat izan baitziren VIII. mende gehienean.[2]
Omeiatarren porrot lazgarri horretan, milaka edo beharbada hamar milaka soldadu musulman hil zituztela uste da. Al-Andaluseko musulmanek dolu handiz gogoratu zuten Tolosako porrota beste 450 urtez, Poitiers edo Covadongako guduak ez bezala, garrantzi txikikotzat joak. Armada erasotzailearen buruzagi Al-Samh ibn Malik al-Khawlani hil egin zen handik gutxira eta soldaduak hegoaldera eta bereziki Narbonara barreiatu ziren, gero gobernadore bihurtuko zen Abdul Rahman al Ghafiqi ere tartean zela. Harrezkero, omeiatarren zabalkuntza iparraldera eten egin zen hamarkada batez, ekimen militarra galdu ez bazuten ere: Septimania bisigodoan ekialdera zabaltzen jarraitu zuten, baita Autuneraino ere heldu, hura azpiratu eta arpilatu, eta atzera egin (725).