Tetrarkia boterea tetrarka deritzen lau pertsonek konpartitzen duten gobernu mota bat da. Historiografian, erromatar historiako garai jakin bati ematen zaion izendapena ere bada. Izan ere, Dioklezianok lau agintaritako sistema kolegiatu hori ezarri zuen 284an III. mendeko krisialdiaren ondorioz Erroma jasaten ari zen barne kaosari aurre egiteko, bai Ekialdean bai Mendebaldean, enperadore bana (augustus) eta ordezkari militar bana (zesar)[1]. Sistemak 238 eta 285 bitartean iraun zuen.

Tetrarkak, porfirozko eskultura, Bizantzioko jauregitik harpilatua 1204an. San Markoseko Altxorra, Venezia.

Sorrera eta bilakaera aldatu

Tetrarkia sistema baten sorrera, egoera politiko-militarraren ondorioa izan zen, aurrez prestatutako plan bat edo inperioa gobernatzeko modu egoki bat ezartzeko baino. Hasieran Diarkia bat izan zen, honen bidez Maximiano zesar izendatu zuelarik 285ean, honek bagauden matxinada zanpa zezan. Urte bete beranduago, Karausioren altxamendua erreprimitzeko ardurarekin, mendebaldeko augusto izendatua izan zen.

Beste alde batetik, Erromak Sasandar Inperioarekin zuen etengabeko gatazka eta Karauso garaitzeko saiakerek huts egin izanak Diokleziano tetrarkia eratzera eraman zuten arrazoiak izan ziren. Bi Augustoek aldi berean bi zesarrak izendatu zituzten, Galerio eta Konstantzio Kloro. Honela, inperioa bi zesar eta bi augustoren agindupean geratzen zen. Augustoak inperioaren defentsaz arduratzen ziren, eta Zesarrak (imperium-az eta diademaz inbestituak) lagundu egiten zituzten, baita ordezkatu ere ezintasun egoeran bazeuden edo hiltzen baziren.

Sistema honetan, behintzat lehen tetrarkian, ez zegoen tetrarka bakoitzaren botere guneei buruzko lurralde banaketa zehatz bat. Diokleziano goragoko botere baten jabe zen, Augusto seniorra baitzen. Egoera hau bigarren tetrarkiaren eman ez zenez, eta nagusitasun arazoengatik zenbait gatazka sortu zirenez, lurralde banaketa lauren artean bigarren tetrarkian gauzatu zen.

Boterearen partaidetza honek ez zuen inperioaren banaketa bat suposatu, Dioklezianok berarentzat gorde baitzuen Auctoritas Senioris Augustia, honela, gainontzeko lurraldeetan partehartze ahalmena mantenduz. Era berean, Dioklezianok tetrarkia berriari forma eman zion, augustoek 20 urteko gobernuaren ondoren kargua utzi behar zutela ezarriz, hala ordu arte zesar zirenak augusto bihurtuz eta hauek euren zesar propioak izendatuz. Era berean, erreformak, erabili behar ziren titulazio moduak adierazten zituen.

« Erromatar enperadoreen titulu arruntak, pius, felix, invictus, augustus, pater patriae, funtsezko prokontsul boterea bezala, soilik bi augustoek erabili zituzten, Dioklezianok eta Maximianok. Euren aldetik, bi zesarrek kontsulatu eta potestas tribunicia kopuru bera zuten, baina ez zuten ahalmen inperialik. »


Erreferentziak aldatu

  1. García Soto, Itziar. (2010). Antzinako Erroma. Eima Katalogoa.

Kanpo estekak aldatu