Terminologiaren Teoria Orokorra

Terminologiaren Teoria Orokorra Eugen Wüster ingeniari austriarraren eskuetan jaiotako eta Vienako Eskolak garatutako teoria da, berebiziko garrantzia izan duena terminologiaren diziplinaren garapenerako. Lehendabizikoz 1970eko hamarkadan argitaratua, terminoen eta nozioen normalizazio eta uniformetasunera bideratutako teoria da, interkomunikazio profesionala uniboko bihurtzeko nahiarekin. Halaber, terminologiaren inguruko printzipioen corpus sistematikoa da, testuinguru espezializatuetako egoera komunikatibo eta informatiboei soluzio bat eskaintzeko aplikazioak eskaintzen dituena. Teoria ISOren gomendioak jarraituz eginikoa da, bai terminologia bai lexikografiari dagokionez.

Eugen Wüster, Terminologiaren aita

Teoriaren aurrekariak aldatu

1930eko hamarkada inguruan, nazioarteko merkataritza- eta industria-prozesuetarako nomenklatura estandarraren beharra aldarrikatzen hasi ziren ISA (International Standardizing Association) bezalako antolakundeak. Bigarren Mundu Gerraren ostean, ISO izena hartu eta bere jarduna jarraitu zuen, nazioarteko izendapen-arauak lantzen eta argitaratzen. Bien bitartean, Eugen Wüster gaztea bere ikasketa tekniko-zientifikoak terminologiarekin uztartzen hasi zen eta, 1931n, International Sprachnormung in der Technik, besonders in der Elektrotechnik argitaratu zuen. Hortik aurrera egindako ikerkuntza-lana 1970eko hamarkadaren bukaeran bildu zuela esan daiteke Einführung in die Allgemeine Terminolgielehre und terminologische Lexikographie obran, Terminologiaren Teoria Orokorraren azalpena den horretan.

Teoriaren edukia aldatu

Terminologiaren jarrera (Terminologiaren Teoria Orokorraren ikuspuntutik) aldatu

Lan terminologiko orok kontzeptuak ditu abiapuntu, eta haien arteko muga eta banaketa ere bai. Terminologiak argi eta garbi banatzen ditu kontzeptuen alorra alde batetik eta izendapenena bestetik. Horregatik, terminologoak kontzeptuez aritzen dira, eta hizkuntzalariak hitzen edukiaz. Terminologoek kontzeptu hitza darabilte, eta ez esanahi hitza. Termino baten esanahia, halaber, denotatiboa da eta, oro har, konnotazioak baztertzen ditu.

Gainera, teoriak garrantzi guztia jartzen du lexikoan edo alor-hitz multzoan. Horretan, hizkuntzalaritza orokorretik aldetzen da: terminologoen ustez kontzeptuen izendapena baita garrantzia duen bakarra, ez morfologia ez sintaxia, zeinen arauak hizkuntza orokorrari dagozkien. Horrez gain, Terminologiak, jakintza-alor edo zientzia bezala ulertuak, badu ikuspuntu sinkroniko bat hizkuntzari dagokionez. Horrexegatik, tentuz behatzen du hizkuntzaren garapena.

Hizkuntza orokorrean, hizkuntzaren erabilera erreal eta naturala da araua. Hau arau deskribatzailetzat hartzen dugu. Terminologiak, aldiz, araudia eta arautzea ditu oinarritzat. Errealitateko kontzeptuen sorrera eta aldaketa etengabekoan, hizkuntzaren eboluzio libreak ulertezintasun jasanezina sortuko luke. Horrexegatik, hori saihestearren, aspaldidanik aritu dira terminologoak bateratze-lanetan. Honela, araua sortu zuten; arau deskribatzailetik ezberdintzen den arau preskriptiboa.

Horrez gain, garapen-terminologikoa herrialdeen ikuspuntutik eginda, Wüsterren ustez, bi dira terminologiaren sorrera kontzientea behar duten herrialde-motak: batetik, ekonomikoki aurreratuenak eta, bestetik, garapen-lingustikoaren bidean daudenak, beren terminologia propioak sortzeko eta ingelesaren kulturatik pixkanaka aldentzeko.

Eugen Wüsterrek dioen bezala, hizkuntzaren berezitasunetako bat nazioartearekiko ikuspegia da. Haren ustez, termino indibidualen normalizazioak badu hizkuntza banakoen gainetik joango den bateratze bat. Hizkuntza-erabiltzaileen arteko harremana bideratzeko, jakintza eta praktika alor espezifikoen baitan batasun bat behar da. Horretan aritu da Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundea (ISO), hainbat printzipio terminologiko eta lexikografiko bateratzen: izendapen bakarra erkide kontzeptu bakarrarentzat.

Terminologiaren beste ezaugarri bat, nazioartekotasunarekin loturikoa, grafikotasunaren aldeko lehentasuna da, fonetika edo ahoskeraren gainetik. Terminoen idazkera eskala internazionalean dago bateratua. Eugen Wüsterrek ematen duen adibideak gaztelania eta alemanaren termino batzuen ezberdintasun fonetikoa erakusten digu, idazkeran berdintsuak izanagatik: psicología eta Psychologie.

Bukatzeko, beste ezaugarri bat terminologiaren teoria logikan eta ontologian ere oinarritzen dela da, eta hirugarren zientzia batekin gainjartzen dela: informazioaren zientziarekin. Eta, nola ez, jakintzaren alor askorekin elkarlanean dabil: fisikarekin, ingeniaritzarekin, ekonomiarekin…

Izendapenerako irizpideak aldatu

International Standardization Organization (ISO) antolakundearen izendapen-irizpideek honako printzipio orokorretan dute abiapuntua:

Lehen printzipioa: izendapen orok izendapen-irizpideen baldintza ugariak bete behar ditu. Irizpide hauek kontraesanean erortzen dira usu eta, halakoetan, lehentasuna zeinek daukan ezarri behar da.

Bigarren printzipioa: ekonomia linguistikoaren printzipioa. Termino bat sortu edota erabiltzen denean, ez dugu ahaztu behar, askotan, zehaztasun handiago batek hitzaren zalutasuna eta ulerkortasuna txikitzen duela proportzionalki. Hortaz, egoerak eskatzen duena baino gehiago doitzea saihestu beharrekoa da.

Kontzeptuak eta beren ezaugarriak aldatu

Kontzeptuaren kontzeptua aldatu

Kontzeptuak gizakiek erkide hautematen dituzte. Komunean dituzten elementuak eta haien izendapenak beharrezkoak dira sailkapen mental bat izateko; modu horretan, kontzeptuak ulertzeko eta banakoen artean komunikatzeko. Nozioa, beraz, pentsamenduaren elementu bat da. Ez dira berez existitzen eta objektua beti da berezia (mugatua denboran). Kontzeptuak materialak edo inmaterialak izan daitezke. Kontzeptuaren izendapenak objektu bakun baten izendapena ahalbidetuagatik, beharrezkoa da hitz deiktikoren bat gehitzea unitatea denboran eta espazioan ezartzeko: aulki hau. Hala eta guztiz ere, oso ohikoa da esaldiaren testuinguruak deixia ordezkatzea. Kasu honetan, artikulu determinatzailea nahikoa litzateke, batez ere, enfasi prosodikoa gaineratuta: aulkia.

Intentsio kontzeptuala aldatu

Intentsio kontzeptuala kontzeptu baten ezaugarri-multzo da. Adibidea: goritasun-lanpara kontzeptuaren ezaugarri nagusiak hauek dira: lanpara; argia emititzen duen materia (materia solidoa); berotze baten harira sortutako argi-igorpena (korronte elektriko batetik pasata sortutako berotze baten emaitza). Ondorioz, honela definitu daiteke: lanpara elektrikoa, zeinaren materia solidoa korronte elektriko baten bidez berotzen den, zuzenean edo zeharka, argia emititzeko tenperatura nahikoa altuan.

Estentsio kontzeptuala aldatu

Abstrakzio-gradu bera partekatzen duten azpi-kontzeptuen multzoa da. Estentsio kontzeptuala darabilgunean, kontzeptu batek beregain hartzen dituen objektu indibidual guztien multzoaz ere ari gara. Kasu honetan, klase terminoa ere erabiltzen da horrez gain. Denborarekin, kontzeptu baten estentsioa handitzen joan ohi da ezaugarri osagarriak dituzten kontzeptuak gehitzen doazela.

Adibidea: teknika garatzen doan heinean, goritasun-lanpara mota berriak sortuko direla suposa dezakegu. Horiek ere, nahitaez, goritasun-lanpararen definizioan bildutako ezaugarriak izan beharko dituzte. Halere, lanpara berriak sortuz gero, eta ezaugarri horiekin bat egiten ez badute, kontzeptu berri baten aurrean egongo ginateke eta, hortaz, izendapen berri bat sortzeko beharraren aurrean.

Kontzeptuen erlazioak aldatu

Alde batetik, erlazio logiko edo zuzenak ditugu, antzekotasunean oinarritzen direnak. Bi kontzeptuk beren intentsio zati bat partekatzen dutenean, bi aukera bereizten dira: menderakuntza logikoa edo juntadura logikoa.

Bi kontzeptuetako batek bestearen ezaugarri guztiak baditu eta, gainera, beste osagarri bat badu, bata mendeko kontzeptua eta bestea kontzeptu generikoa dela esaten da (sagar < fruta). Ezaugarri komunak dituzten bi kontzeptuk, generiko berdinaren baitan egon arren, ezaugarri bereizgarri bat dutenean, biak juntadura logikozko erlazioan daudela esaten da (sagar ‘’ udare). Intentsio kontzeptuala partekatzeak ez du esan nahi estentsio kontzeptuala ere partekatzen dutenik. Adibidez, txakur eta katu biak ugaztunak dira. Halere, ez dago aldi berean txakur eta katu den ugaztunik. Menderakuntzaz eta juntadura logikoaz gain, erlazio logiko diagonala ere aipatzekoa da. Kontzeptu generiko beraren baitako bi kontzeptuen erlazioa ez denean ez menderakuntzan ez juntaduran oinarritzen (arratoi-txakur / katu).

Beste alde batetik, erlazio ontologikoak edo zeharkakoak ditugu. Bi elementuk espazioan edo denboran duten kontaktuan edota kausazko konexioetan oinarritzen dira. Partitiboak dira hauen artean garrantzitsuenak; osoaren eta bere zatien arteko erlazioak eta atalen beraien artekoak zehazten dituztenak, hain zuzen. Erlazio partitibo bertikala elementuetako bat bestearen atala denean gertatzen da (Europa )- Euskadi). Erlazio partitibo horizontala, berriz, osotasun beraren baitako bi atalen artekoa da (biela II- pistoia). Hauek, noski, bi elementu baino gehiagoren artean ere sortzen dira, bertikalki (automobil, motor, embolo) edo horizontalki (txasis, motor, karrozeria).[1]

Horrez gain, bi kontzeptu batuz, kontzeptu berri bat sor daiteke era ezberdinetan. Determinazioz, kontzeptu baten intentsioan kontzeptu bat txertatzen da (ibilgailu - - lehorreko = lehorreko ibilgailu). Kontzeptuen konjuntzioz, bi kontzeptuen intentsio osoak batzen dira (mediku A ikertzaile = ikertzaile). Kontzeptuen disjuntzioz, bi estentsioak batzen dira baina emaitza kontzeptu horien ondorengo erkidea da (emakume V gizon = gizaki). Eta, bukatzeko, integrazioz (emakume eta emakume = bikote). Konbinazio-mota bat edo bestea erabiltzea jakintza-alorraren esku dago; botanika eta zoologiak determinaziorako edota disjuntziorako joera dute, kimikak, ordea, integraziorakoa. [1]

Erreinu jakin baten kontzeptuak eta haien arteko erlazio logikoak kontzeptu-sistema batean irudikatzen dira maiz. Kontzeptuen irudikapen grafikoa ez da beti kontzeptu-sistema bidez egiten (erlazio logiko eta ontologikoen kasuan), gai bidez erlazionatutako kontzeptuak sailkapen tematikoetan biltzen dira. Terminologoek lexikografian erabiltzen zen metodologiaren moldeak hautsi behar izan zituzten eta gaur egun badago, eremu teknikoetan behintzat, ongi asentatua dagoen lan-prozedura bat. Eugen Wüster izan zen honi oinarri teorikoa ipini ziona. [1]

Ezaugarri sailkatzaileak aldatu

Kontzeptu-sistema bat sortu ahal izateko, beharrezkoa da kontzeptu bat ingurukoegandik eta generikoengandik ezberdinduko duen ezaugarriez doitzea. Bereizgarri horiek lau taldetan sailkatzen ditu Wüsterrek: intrintsekoak, estrintsekoak, baliokideak eta ez-baliokideak. Lehenengo biak dira garrantzitsuenak. Berezko ezaugarriak edo intrintsekoak begi-bistaz antzematen direnak dira; objektu materialen kasuan, forma, tamaina, materiala, kolorea… Kanpotiko ezaugarriak edo estrintsekoek elementua ingurukoekin erlazionatzen dituzte, erabilera (sukaldeko mahai, jangelako mahai) eta jatorriaren (eskuz egindakoa mahai, menzel mahai, mahai errenazentista) baitan.

Definizioak aldatu

Definizioa kontzeptu baten deskribapena da. Kontzeptu-sistema bateko elementu guztien definizioek bat egin behar dute, haien arteko mugak argi trazatuz. Ezagutzen diren hitzak bakarrik erabili beharko lirateke definizioetan. Baina hiztegigintzaren barruan aniztasun handia dago definizioen sorrerari dagokionez, definizio horren irismen edota helburuaren arabera. Lau multzo handitan banatzen ditu Wüsterrek definizioak.

Lehenik eta behin, intentsiozko definizioak daude. Kontzeptuaren edukiari erreferentzia egiten diotenak. Generiko hurbilenetik abiatuta, definitu beharreko kontzeptua identifikatzen duten ezugarri mugatzaileak zehazten ditu eta serie horizontal bereko beste kontzeptuetatik bereizten du (Euskaltzaindia: airean ibil daitekeen ibilgailua, airea baino astunagoa, hegoduna eta motorduna). Bigarrenik, estentsiozkoak ditugu. Kontzeptu-sistemaren barruan maila berean dauden kontzeptu espezifiko guztien zerrendatzean datza. Baina ezin du dena beregain hartu (aireko ibilgailuak airea baino astunagoak planeadoreak, kometak, hegazkinak, jirabioak, eta ornitopteroak dira). Hirugarrenik, Wüsterrek definizio deskriptibo eta preskriptiboen arteko banaketa egiten du Teorian. Laugarrenik, testuinguru bidezko definizioak daude, definitzen den kontzeptuari dagokion terminoa esaldi baten aurkezten dutenak (“aireko ibilgailu batzuk aire baino arinagoak dira baina beste batzuk ez.”).

Izendapenak aldatu

Wüsterrek zehaztasun handiz jorratzen ditu kontzeptuen zeinu linguistikoak. Haren ustez, terminoak osatzen dituzten osagaiak hiru mailatan ikus daitezke: hitz-elementuak (erroa, afixua, atzizkia, aurrizkia eta desinentzia), hitzak (erro-hitza, hitz elkartua, eratorria) eta hitz-taldea (hitz ortografiko batez baino gehiagoz osaturikoak). Hitz-elkarketa eta hitz-talde baten arteko aldea barruko unitateen arteko erlazio sintaktikoan datza.

Beste alde batetik, arreta handia jartzen du kanpo-forma deritzon terminoan. Kanpo-forma termino orok daukan forma fisikoa da, forma foniko eta grafikoaren batasuna. Kanpo-forma ez dago esanahiaren baitan, unitate-lexikoaren jatorriaren mende baizik. Jatorri hori hizkuntza bakoitzaren sistema fonetikora integratzen da eta horrek lau elementu lexiko mota ezberdin sortzen ditu: ondare-hitzak, maileguak (berriak edo asimilaturikoak), beste alorretara transferitutako terminoak eta laburdurak.

Jatorri etimologikotik abiatuta, hizkuntza bakoitzaren fonetika-arauen baitan osaturikoak dira ondare-hitzak. Ez dira orainaldian kontzienteteki sortutakoak, beraz. Maileguak beste hizkuntza batetik hartutakoak dira. Jada existitzen den termino bati esanahi bat gehituz gero, beste alorretara transferitutako alor-hitzak sortzen dira. Laburdurak hitzen bertsio motzagoa dira, baina kontzeptu berari erreferentzia egiten diotenak. Teoriak haien sailkapen zehatza eta ortografiaren inguruko arauak eskaintzen ditu.

Zeinuak aldatu

Wüsterrek bazekien sistema linguistiko oro zeinuen bidezko izendapenean oinarritzen dela. Zeinuen eta zeinu-sistemaren inguruko teorizazio sakona eskaintzen du bere lanak. Hark bereizitako zeinu ezberdinen artean, konbentzionaletan zentratu zen gehienbat, hizkuntzako zeinu gehienak hitzarmenaren baitan gauzatzen direlako, arbitrarioki edo terminologiaren baitan araututa. Zeinu konbentzionalak formaren, egituraren, esanahiaren, aplikazioaren eta esanahiarekiko esleipenaren arabera sailkatu zituen. Talde balkoitzaren azpian sailkapen konplexuagoa burutu zuen, gainera. Teoria terminologikoa idazkeraz arretatsu azaltzen da arestian aipatu bezala. Hortaz, zeinu idatzien atal bat irakur daiteke bere obran.

Esleipen linguistikoa aldatu

Terminologia esleipenaren baitako sistema da. Berak argi zioen esleipen linguistikoak biunibokoa izan behar zuela, hau da, bana-banakoa, elementu bat izendapen bakarrarekin lotuz. Ondorioz, ez luke denominazio anbiguorik egon beharko (homonimia edota polisemia), ezta denominazio multiplorik ere (sinonimia). Teorizazio hori, ordea, ezin da lagunartekoan edo hizkera formalean aplikatu. Terminologian unibokotasuna exijitzea, ostera, ilusio bat besterik ez dela argi zuen. Alor espezifiko batean, kontzeptu edota ideia kopurua beti da erro lexikalena baino askoz ere handiagoa: hitz bat kontzeptu baten baino gehiagoren izendapena da (homonimia). Gainera, bera kontziente zen eta onartzen zuen Saussurek egindako banaketa: langue (sistema) eta parole (erabilera). Unibokotasuna gora eta behera, sakonki aztertzen ditu teorialariak, alde batetik, monosemia, polisemia eta homonimia; bestetik, monobalentzia eta pluribalentzia; eta, hirugarrenik, bakartasun eta pluraltasun izendatzaileak.

Ildo beretik, uniformetasuna jorratu zuen, eta argi bereizi monobalentziatik. Esleipen edo izendapenaren uniformetasunak esleipen berak komunitate linguistiko bateko partaide guztientzat balio duela esan nahi du. Hortik jo eta batasun linguistikoaz aritu zen, betiere argi utziz: terminologiak uniformetasun handiena lortzeko intentzioa izan behar du hizkuntzaren erabileran. Batasun lingustikoari dagokionez, doi-doi teorizatzen du erabileraren, normalizazioaren, unitate lingustiko elebakar/internazional/interlinguaren, bariazioaren, hizkuntza globalen eta hizkuntzaren eboluzio eta aldaketaz.

Hiztegiak aldatu

Hiztegigintzaren inguruko azalpen osoa ematen du Teoriak, baita hiztegien sailkapen doia ere.

Teoriari egindako kritika aldatu

Wüsterren teoriaren aurkako kritikak dio terminoen erabilera ez dela berak aditzera eman zuen bezain sinplea. Teoriak unitate terminologikoen inguruan dagoen konplexutasuna gutxiesten omen du, haien erabilera normalizatutakotik haratago doala kontuan hartu gabe. Unitate bat normalizatzen den momentutik, zaharkitu egiten da, erabilera beti arauaren aurretik doalako. Idealizazioan eroritako modeloa omen da, bariazioa eta aniztasuna benetan kontuan hartzen ez dituena. Gramatika eta pragmatika alde batera uztea hizkuntzaren alderdi garrantzitsuak alde batera uztea dela diote kritikoek. Halaber, terminologia profesional eta adituen eremura bakarrik mugatzen omen du Wüsterrek, dimentsio soziala kontuan hartu gabe; denok darabilgu alabaina terminologia. Oinarrian dagoen pentsamendua (adituek egituratu ostean gainerako erabiltzaileak arau horretara egokitu behar dugu) ere kritikatu ohi izan da. Terminologiaren Teoria Orokorraz gain badira terminologiaz hausnartu duten beste teoriak ere: Terminologiaren Teoria Komunikatiboa, Sozioterminologia, Teoria Soziokognitiboa...

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Sagarna, Joseba. (1985). «Terminologiaren Teoria Orokorra» Senez (2).

Kanpo estekak aldatu