Telefono bidezko interpretazio

Telefono bidezko interpretazioa edo ingelesezko telephone interpreting interpretazio modalitate bat da. Interprete batek hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzten bi pertsonen arteko komunikazio lotura-zubia egiten du, leku fisiko ezberdinetan daudenean. Interpreteak solaskideek diotena bi hizkuntzatara itzuli behar du elkar uler dezaten. Gehienetan, esan osteko interpretazioaren teknikak erabiltzen dira, hau da, interpreteak beste hizkuntzara itzultzen du hizlariak mezua amaitzen duenean. Interpretazio-zerbitzua eskaintzea du helburu interpretazio honek baina badira interpretazio-zerbitzuak eskaintzen dituzten beste modalitate batzuk, besteak beste, bideo bidezko interpretazioa edo aurrez aurrekoa.

HistoriaAldatu

Ahozko itzulpena, hau da, interpretazioa, lehenengo zibilizazioekin batera sortu zen, haien artean komunikatu ahal izateko. Idatzizkoa, aldiz, esaten da k.a. 5000. urtean, idazkeraren sorrerarekin batera jaio zela; Mesopotamian, Egipton eta Txinan.

Telefono bidezko interpretazioa, ostera, ez zen agertu telefono-teknologia garatu zen arte, XIX. mendean. Hasieran, oso garestia zen telefono-deiak egitea eta telefonoak ezin ziren nonahi aurkitu, oso gutxik eduki zitzaketelako. Baina teknologia garatu ahala deien eta telefonoen prezioak behera egin zuen, eta merkatu eta kalitatearenak gora, nabarmen. 

Aipatu beharra dago modalitate honen sorreran eragin handia izan zuen eta zerbitzu honen beharra azaleratu zuen faktore bat, hain zuzen ere, immigrazioa. Horregatik, ez da ausazkoa doako telefono bidezko interpretazio-zerbitzua lehen aldiz, 1973an, Australian jarri izana, Immigrazio eta Mugen Babeserako Departamentuan. Bigarren Mundu Gerraren osteko migrazio programa zela eta Australiara immigrante asko heldu ziren. Horregatik,  1947an itzulpen-zerbitzua sortu behar izan zuten. Hasieran Gurutze Gorriak eta Commonwealth-eko gobernuak eskaintzen zuten itzulpen-zerbitzu hau baina geroago Immigrazio eta Mugen Babeserako Departamentuak heldu zion ardura honi. Azkenik, 1973an sortu zen munduan, lehen aldiz, larrialdietarako telefono bidezko interpretazio-zerbitzua. 

Urteak pasa ahala, telefono bidezko interpretazioaren erabilera zabaldu zen, adibidez, 1981. eta 1990. urteen artean Estatu Batuetan erabilera errotzen hasi eta telekomunikazio-, finantza-, osasun- eta segurtasun-zerbitzuetara hedatu zen aplikazio-eremua. 

EzaugarriakAldatu

Interpretazio-modalitate honek duen ezaugarririk bereizgarriena hizlaria ikusteko ezintasuna da, hiru parte-hartzaileak ez baitaude leku berean. Komunikazioa egingo den unean, alde batetik, solaskideak leku berean egon daitezke baina interpreteak ez du haiekin kontaktu bisualik edo, bestetik, hizketakide bakoitza leku ezberdin batean egon daiteke.

Honetaz gain, kontuan izan behar da solaskide bakoitza munduko edozein herrialdeetakoa egon daitekeela. Horrenbestez, kulturak ere oso ezberdinak izan daitezke eta baliteke interpreteak kultura horien elementu batzuk ez ezagutzea. Horregatik, oso garrantzitsua da interpreteak orotariko jakintzak edukitzea. Gainera, ezin aipatu gabe utzi azentuen aniztasuna (bereziki espainolean, ingelesean eta frantsesean) eta honek sor ditzakeen ulermen zailtasunak edota gaizki-ulertuak.

Konfidentzialtasunak ere garrantzia handia du. Batzuek nahiago izaten dute modalitate honetako interpretazioa, interpreteak ikusten ez dituenez ezin duelako jakin nork eskatzen duen zerbitzua baina beste batzuei, aldiz, horrela ere ez zaie guztiz fidagarria iruditzen; interpretearekin kontaktu bisualik ez egon arren,  interpreteak baliabideak dituelako deia nork egin duen jakiteko.

Beste interpretazio modalitateekin alderatuz esan daiteke ezberdintasun garrantzitsu bat dela interpreteak zuzenean hitz egin dezakeela parte-hartzaileekin esandakoa argitzeko edota berresteko. Horregatik maiz moderatzailearen rola hartzen du, bere helburua bi solaskideen arteko komunikazioa egokia eta erreza izatea delako.

TresneriaAldatu

Gehienetan zerbitzua VoIP (internet protokoloaren gaineko ahotsa) duen telefono edota ordenagailu baten bidez egiten da. Hala ere, solaskideak leku berean baldin badaude entzungailu duala gehitzen zaio telefonoari, hau da, bi aurikular dituen telefono batekin egiten da interpretazioa. Solaskide bakoitzak bana izaten du, telefonoa etengabe eskutik eskura pasatu behar ez izateko. Batzuetan bozgorailuak erabil daitezke, baina soinu-kalitatean eta konfidentzialtasunaren alorrean arazoak sor daitezke.  

Erabilera-eremuakAldatu

Eremu anitzetan erabiltzen da telefono bidezko interpretazioa, besteak beste, osasunean, finantzetan, seguruetan eta larrialdietan. Bereziki lagungarria da interpretazio beharrik gabe berdin-berdin telefonoz eginen ziren kudeaketak egiterako orduan. Esaterako, dei-zentroen eta bezeroen arteko deiak, herritarren eta 991 dei-zentroaren arteko deiak eta abar. Telefono bidezko interpretazioa erabiltzen da, besteak beste, ordainketa-datak kontsultatzeko, eskakizunak telefono bidez aurkezteko eta zerbitzu bat eskatzeko.  

MerkatuaAldatu

2007an munduan telefono bidezko interpretazioaren merkatuaren balioa 700 milioi dolarrekoa zen eta balioesten da horietatik 500 milio Estatu Batuetako merkatuari zegokiela. Common Sense Advisory Ikerketa Elkartearen arabera merkatu hori, aukera globalak dituenez, handitu besterik ez da eginen, gainera, jada badira enpresak herrialde batzuetan, Estatu Batuak, Herbehereak, Kanada, Txina, India, Norvegia, Espainia, Frantzia, Suedia eta Hong Kong-en, kasu.

Kanpo estekakAldatu