Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia

Kataluniako burdinbide konpainia (1875-1891)

Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia (TBF) Kataluniako burdinbide-konpainia bat izan zen, 1875ean Bartzelonatik Frantzia eta Figereserako Burdinbideak (BFF) eta Tarragonatik Martorell eta Bartzelonarako Burdinbide Konpainiak (TMB) bat egitetik sortua. Bartzelona Frantziako mugarekin lotu zuen eta, sortu eta berehala, Iberiar Penintsulako burdinbide konpainia handiek elkarren arteko lehiaren jomugan jarri zuten.

TBF edo Kataluniako Sarea 1898an
Konpainiaren Frantziako Geltoki zaharra Bartzelonan

Bilakaera aldatu

Sorrera garaian, Espainian bertako kapitalaz gehienean osatutako burdinbide-konpainia bakarra izan zen.[1] 1877an, burdinbidea Figuereseraino heldu zen, baita ospakizun handi bat egin ere. Lau hilabete geroago, berriz (1878ko urtarrilean), Portbouraino, eta era horretan, Frantziarekiko konexioa egin zuen. Estu lehiatzen ari zen une horretan Norteko Konpainiarekin Kataluniarekiko merkataritzaren gainean eta, konpainia horren monopolioa hausteko, 1886an, Madril eta Zaragozatik Bartzelonarako Burdinbide Zuzenen Konpainiaz jabetu zen, hiri horien arteko esleipena zuena. Aurrerantzean, Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia Berria deitu zen. Urtebete geroago, gainera, Vallsetik Vilanova eta Bartzelonarako Burdinbide Konpainia eskuratu zuen.[2]

Berehala, ordea, tentsio finantzarioak hasi ziren konpainia berria eratu zuten enpresek zekartzaten zorrak eraginda. 1888an, Zaragoza bidean, Reus-Calpe tartea eraikitzen ari ziren. Ondorioz, Norteko Konpainiarekin negoziatu behar izan zuten zama finantzarioa eraman ezinik. Aldiz, MZAren ordezkariak akziodunen batzarrean ezustean aurkeztu ziren, eta konpainiarentzako eskaintza mesedegarri bat egin, tartean zela TBF kudeatzeko autonomia eta obrak bukatzeko 30.000.000 pezetako mailegua, ehuneko 4ko interesaz.[1]

Hala ere, TBFk ez zituen nahi beste diru-sarrera lortu mailegu hori itzuli eta 7.000.000ko interesak ordaintzeko. 1891n, ondorioz, ordainketak eten zituen, eta horrek MZAri abantaila eman zion TBFko zuzendaritzari jarritako baldintzak aldatzeko. 1898ko urtarrilaren 1ean, MZAk TBF eskuratu zuen ("Sare Katalana" deitua).[1] Era horretan, MZAko rothschildarrek hain bilatutako Frantziako mugarako aterabidea eskuratu zuten azkenean. MZAren diru-sarrerak izugarri handitu ziren hurrengo hamarkadan Sare Katalaneko trafikoari esker.[3]

Artean, eskumen batzuei eutsi zien MZAren Sare Katalana bihurtuta. 1925ean, MZArekin guztiz bat egiteko bidea hasi zen, baina hori ez zen 1936 arte gertatu.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c López-Morell, Miguel A. (2015), 268-270. or.
  2. Bernils Mach, Josep M. (08/01/2006).
  3. López-Morell, Miguel A. (2015), 434. or.

Bibliografia aldatu

  • López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..
  • Bernils Mach, Josep M. (2006/01/08). «El ferrocarril Olot-Figueres-Roses ». Diari de Girona, Comarques.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu