Tanzimat (turkieraz tanziˈmat ahoskatua; otomandar turkieraz: تنظيماتTanzimāt, lit. euskaraz: «Berrantolaketa») Otomandar Inperioko eraberritze garaiari deritzo, 1839an Gülhaneko Ediktuarekin hasi eta Lehen Aro Konstituzionalarekin amaitu zena 1876an[1].

Tanzimat aroa[2] Otomandar Inperioaren oinarri sozial eta politikoak sendotzeko asmoarekin hasi zen, ez erabateko eraldaketarako, modernizaziorako baizik. Otomandar Inperioa modernizatzeko eta barneko mugimendu nazionalisten eta kanpoko botere oldarkorren aurka bere lurralde-osotasuna ziurtatzeko saiakerak izan ziren bere ezaugarri nagusienak. Erreformek Inperioko talde etnikoen arteko otomanismoa bultzatu zuten eta Otomandar Inperioan nazionalismoaren gorakadaren olatua geldiarazten saiatu ziren.

Hans-Lukas Kieser historialariak argudiatu duenez, erreformek "musulmanak ez zirenen eta musulmanen arteko berdintasunaren sustapen erretorikoa ekarri zuten, musulmanek praktikan zuten nagusitasunaren aurrean"; beste historialari batzuek argudiatu dutenez, musulmanak ez zirenek haien legezko eskubideak baliatzeko zuten gaitasuna murriztu egin zen aldi horretan, eta, horren ondorioz, lurrak konfiskatu zitzaizkien eta emigratu egin zuten[3].

Politikari dagokionez, erreforma-politikaren zati bat 1838ko Balta Liman-go Itunean oinarritutako politika ekonomikoa izan zen, Otomandar Inperioaren Ate Gorena eta Britainia Handiaren artean sinatutako merkataritza akordio formala izan zena. Otomandar Inperioari inposatutako merkataritza-politikak, Balta Limango Itunaren ondoren, garai hartan aldarrikatu ziren merkatu irekiko akordio liberal batzuk izan ziren. Itunaren arabera, Otomandar Inperioak monopolio guztiak deuseztatu zituen, merkatari britainiarrek eta haien laguntzaileek otomandar merkatu guztietarako sarbide osoa izango zuten eta tokiko merkatariek ordaintzen zituzten zerga berberak ordainduko zituzten.

Horrez gain, aldaketa asko egin ziren askatasun zibilak hobetzeko, baina musulman askok atzerriko eragin gisa ikusi zituzten Islamaren munduan. Pertzepzio horrek Estatuaren ahalegin erreformistak zaildu zituen. Hari beretik, gobernuaren erreforma konstituzionalek armada errekrutatze modernoa ekarri zuten, banku-sistemaren erreformak, homosexualitatearen despenalizazioa, lege sekularrak ordeztea eta gremioak fabrika modernoekin ordezkatzea[4]. Gainera, Otomandar Posta Ministerioa 1840ko urriaren 23an ezarri zen Konstantinoplan, Istanbulen[5].

Aurrekariak aldatu

XVII.mendean zehar Hasburgotarrek Otomandar Inperioa garaitu zuten, eta urte batzuk geroago Errusiak garaitu zuen Inperioa. Errusiaren aurkako gudan Krimeako penintsula, Danubioren iparraldea eta Dniesterren ekialdea galdu zituen Otomandar Inperioak[6].

Egoera horren aurrean, 2 korronte ideologiko sortu ziren. Aldi berean, Inperioak sufritzen zuen egoerarekin amaitzeko proposamenak egin zituzten. Tradizionalenek ziotenez, arazoaren oinarria instituzio otomandarretan zegoen, eta egoera hori konpontzeko Inperioak XV. mendean erabilitako metodoak berrezartzea eskatzen zuten. Ideologia berritzailea zutenek, aldiz, Otomandar Inperioa Europako potentziekin alderaztuz, atzeratuta zegoela azpimarratzen zuten. Azkenik, berritzaileen proposamena eraman zuten aurrera, Inperioan zenbait erreforma eginez. Erreforma horiek Mahmud II. a Sultanaren onespenarekin egin ziren.

 
Mahmud II.a Otomandar Inperioko sultana.

Inperioan egindako erreformak Mahmud II.ak, haren semea zen Abdulmezid I.ak eta, sarritan, Europan ikasi zuten burokratek idatzi zituzten. Burokratek instituzioak zaharkituta zeudela azpimarratzen zuten. Egindako aldaketa batzuk sinbolikoak izan ziren; horren adibide da uniformeen berrikuntza izan zen. Inperioko administratzaileen pentsakera aldatzeko egindako aldaketak izan ziren. Esan beharra dago tradizionalenak ziren funtzionarioak honen kontra azaltzen zirela, uniformeak “europarrenak  bezalakoak” zirela adieraziz. Beste zenbait erreforma lehenago Europan arrakastatsu izandakoak ziren, Frantzian ikasten zuten ikasle otomandarren kopurua asko hasi zenez, erreformetan Kode Napoleonikoaren eta lege frantsesen eragin handia ikus zitekeen. Aldaketak hezkuntzan, instituzioetan eta Errekrutatze Legearen inguruan egin ziren. Horien bidez, Otomandar Inperioak korrupzioa erradikatzea zuen helburu. 1839an Gülhaneko Ediktuarekin musulmanak eta musulmanak ez zirenen arteko bizikidetza bultzatzea espero zen, otomanismo izeneko politika batekin[7].

Nahi handiko proiektuak Inperioaren gainbehera saihesteko egin ziren. Tanzimataren helburu nagusietako bat ejerzitua indartzea zen Europan erabilitako metodoak imitatuz. Bigarren helburu nagusitzat, Otomandar Inperioa osatzen zuten kulturen arteko oreka lortzea zen, lehenago egondako egiturak musulmanei soilik mesede egiten zielako. Erlijioen arteko orekak liskarrak geldiaraziko zituelakoan zeuden, eta, horretarako, musulmanen eta kristauen arteko legeak eta eskubideak berdindu ziren[8]. Inperioa indartzeko aldaketa hauek Dimitrios Zambakos Pashak, intelektual liberalek, otomandar gazteen erakunde sekretuak eta Otomandar Parlamentuaren sortzailetzat hartzen den Midhat Pashak eraman zituzten aurrera. 1875 eta 1876 arteko krisien ondorioz (barnekoak, finantzieroak eta diplomatikoak) 1876an Midhat Pasha-k Konstituzioa idatzi zuen, Tanzimatari amaiera emanez[9].

 
1839ko Gülhaneko ediktua, Tanzimat-en egile nagusiak Topkapel jauregiaren kanpoaldean irakurria.

Tanzimataren Garaia (1839-1876) aldatu

Garai honetako ideia nagusia biztanle guztien arteko bizikidetza bultzatzea zen[10]. Sinismen erlijioso desberdinak kontuan izan gabe, funtsezko eskubide batzuk eman zitzaizkien. Hau guztia biztanleriaren arteko berdintasunak bultzatzeko eta Inperioaren barnean nazionalismoaren ideiekin amaitzeko egin zen.

Aurretik, Europan egondako eta erreformistak ziren politiko batzuk, bertan ikasitako metodo batzuk aplikatu zituzten. Metodo hori erabiliz departamentuak ministerio bilakatu ziren. Erreforma politikoez gain, aurrerapen teknologikoak eman ziren; adibidez, telegrafoa eta trenbideak. Jenizaroak kendu ziren, eta hori izan zen armadaren iraultza eta modernizaziorako abiapuntua.

Baina gerrarako azpiegitura berriak garestian ziren, eta horri aurre egin ahal izateko urteak aurrera egin ahala zergak igo ziren. Honek burokrazia prestatuago bat eskatzen zuen eta, aldi berean, estaturako funtzionario horiek eta ejerzitorako ofizialak prestatuko zituen hezkuntza sistema indartzea. Gainerako erreformek ere dirua eskatzen zutenez, Otomandar Inperioa hipotekatu egin zen, etorkizun ekonomikoa zalantzan jarriz eta Europako potentziei diru-laguntzak eskatuz. Zorrak etengabe handitzen zihoazenez, Europak Inperioa kontrolatzen amaitu zuen.

Erreformak aldatu

Tanzimaten erreformak Mahmud II.a sultanaren agindupean hasi ziren[11]. 1839ko azaroaren 3an, Abdulmezid I.a sultanak Hatt-i Sharif edo ediktu inperial bat eman zuen, Gülhaneko Ediktua izenekoa. Horren ondoren, zenbait estatutuk bere politikak aldarrikatu zituzten. Ediktuan, sultanak adierazi zuen “Administrazio on baten onurak Otomandar Inperioko probintzietara erakunde berrien bidez eraman" nahi zituela[12].

 
Abdulmezid I. Otomandar Inperioko sultana.

Hezkuntzan aldatu

Erreformen aurretik, Otomandar Inperioko hezkuntza ez zen estatuaren ardura izan, baizik eta zenbait milletena; musulmanen hezkuntza ulemak kontrolatzen zuen eta erlijiora zuzenduta zegoen. Sisteman lehen aldiz sartu zirenean, itsasontzi-ingeniaritzako (1773), ingeniaritza militarreko (1793), medikuntzako (1827) eta zientzia militarretako (1834) fakultateak sortu ziren. Diplomatiko eta administratzaileentzako antzeko erakundeak ere sortu ziren, itzulpen-bulegoa (1833) eta zerbitzu zibileko eskola (1859) barne; azken hori 1877an berrantolatu zen eta, azkenean, Ankarako Unibertsitateko zientzia politikoetako departamentua eta goi mailako funtzionarioen prestakuntza-zentro nagusia bihurtu zen.

 
Parlamentuan elkartu zirenean 1877an.

1846an estatuko hezkuntzako lehen plan integrala aurkeztu zen. Lehen eta bigarren mailako eskolen sistema oso bat eman zuen, unibertsitate mailara eramateko, guztiak Hezkuntza Ministerioaren pean. Lehen hezkuntza doakoa eta derrigorrezkoa aurreikusten zuen hezkuntza-planak. Bi eskemek poliki-poliki egin zuten aurrera, diru faltagatik, baina esparru bat eskaini zuten, non hezkuntza programa sekular eta sistematiko baterantz garatzea gerta zitekeen. Estatu sistemaren garapenari mesede egin zion musulmanak ez ziren millet-eskolen aurrerapenaren adibideak, eskola horietan ematen zen hezkuntza Otomandar eskoletan baino modernoagoa baitzen.

Legedian aldatu

Legea ere milleten ardura izan zen. Itunek atzerritarrak eta otomandarrak salbuetsi zituzten, atzerriko kontsulek lege penalaren aplikaziotik babestu zituztenak. Tanzimateko erreformatzaileek bi helburu zituzten legearen erreforman eta lege-prozeduran: lege otomandarra europarrentzat onargarri bihurtzea, kapitulazioak indargabetu eta subiranotasuna berreskuratu ahal izateko, eta lege islamiko tradizionala modernizatzea. Bere ahaleginak kode komertzial bat (1850), prozedura komertzialeko kode bat (1861), itsas kode bat (1863) eta kode penal bat (1858) aldarrikatzean gertatu ziren. Frantziaren eragina nagusitu zen haiengan, 1870-1876ko kode zibilean egin zuen bezala. Legeak gero eta gehiago administratu ziren estatuko auzitegi berrietan, ulemen kontroletik kanpo. Aurreikusitako helburuak lortu ez zituzten arren, etorkizuneko arrakastarako oinarria eman zuten.

Gulhaneko ediktua (1839) aldatu

Gülhaneko Ediktua, Abdulmezid sultanaren gobernupeko Tanzimataren erreformen lehen erreforma handia izan zen, bai eta sekularizaziorako mugimenduan gertaera erabakigarria ere. Topkapi Jauregian dagoen Gülhane Parkearen izena daraman dekretuak bertan behera utzi zuen zergen laborantza. Zerga sistema burokratiko bat ere sortu zuen soldatapeko zerga biltzaileekin. Gainera, Ediktuak derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri zuen administrazio-barrutien barruan, biztanleriaren tamainaren arabera.

Hala ere, dekretuaren klausularik esanguratsuena zuzenbide-estatua betearazten zuena izan zen subjektu guztientzat, baita musulmanak ez zirenentzat ere, guztientzako bizitza-eskubidea eta jabetza bermatzen baitzituen. Horrek amaiera eman zion Kul sistemari, zeinak aukera ematen baitzuen gobernariaren zerbitzariak exekutatzeko edo haien jabetzak konfiskatzeko. Erreforma horiek herritar otomandar guztientzat berdintasun legala eta soziala ezartzea izan zuten helburu. Klausula horrek komunitateen pribilegioekin amaitu zuen, eta gizarte bat eraiki zuen, non guztiek lege bera jarraitzen zuten.

Eraginak aldatu

Gülhaneko Ediktuak eta Tanzimatak gizartean eragin handia izan arren, ez ziren Konstituzio bat eta ez zuten Sultana ordezkatzen. Tanzimat garaian ezarritako eskoletan hezitakoen artean, Otomandar Inperiotik aterako ziren nazio-estatuetako pertsonaia nagusiak zeuden, hala nola, Kemal Atatürk eta Turkiako Errepublikako beste buruzagi eta pentsalari batzuk, baita Balkanetako, Ekialde Hurbileko eta Iparraldeko Afrikako beste pertsona asko. Azkenean, sistema hori desegin zuten Krimeako Gerraren ondorengo negoziazioetan[13].

1856ko Gutunean, Europako potentziek subiranotasun handiagoa eskatzen zuten inperioko komunitate etnikoentzat, otomandarrek ez bezala, berdintasuna eman nahi zuten eta horrek tratu berdina suposatzen zuen herritar guztientzat. Honek kristauak sendotzeko balio izan zuen, haien botere ekonomiko eta politikoa areagotuz.

Martxan jarritako erreformak 1876an iritsi ziren punturik gorenera. Urte berean sultanaren botere aristokratikoa mugatzen zuen Konstituzioa ezarri zen. Abdul Hamid II.a sultan berriak lehen konstituzioa sinatu bazuen ere, berehala kontra egin zuen.

Zenbait adituk diotenez, musulmanen ikuspegi islamiar tradizionalaren arabera, Tanzimat-ak musulman ez zirenekiko izan zuen aldaketarik handiena, menpeko biztanleriaren egoeratik (dhimmi) berdinak izatera pasatu izana, alegia, izan zen neurri batean Hamidianho masakrearen eta Armeniar genozidioaren erantzule. Historialarien ustez, komunitate musulmanean ekidin ezinezko erreakzioak izan ziren hauek, Tanzimat-aren balioak goitik ezarriak zirelako eta ez zituelako gizartearen balioak islatzen[14].

 
1876ko Konstituzioa: Abdul Hamid II Sultanak, Visir Handiak eta mijoek askatasuna ematen diote Turkia ordezkatzen duen emakume idealizatu bati.

Eraginak probintzia ezberdinetan aldatu

Libanon, subjektu guztiek legearen aurrean zuten berdintasun-tradiziora itzultzea zen Tanzimat-aren erreformek helburutzat zutena. Hala ere, Ate Gorenak azpian zegoen gizarte-orden hierarkikoa aldatu gabe geratuko zela onartzen zuen. Libano mendiko eliteek Tanzimata oso desberdin interpretatu zuten, eta emantzipatu berri ziren maronitarren artean etno-erlijio altxamenduak eragin zituzten. Ondorioz, Europar eta Otomandar funtzionarioak lehiaketa batean murgildu ziren bertako biztanleen leialtasuna lortzeko: frantsesek, maronitak babesten zituztela esanez; britainiarrek, drusoak; eta otomandarrek, sultanaren onginahia aldarrikatzen zuten, pertsona guztiak, erlijioari dagokionez, berdinduz.

Palestinari dagokionez, nekazal-erreformak, batez ere lurraren jabetzaren inguruan 1858an egindako legeak, errusiarrak ziren juduei lurrak erosteko aukera eman zien. Azken honek lehenengo Aliyan emigratzeko aukera eman zien. Zerga-oinarria handitzeko, otomandar estatuak Palestinako arabiarrak derrigortu zituen haien lur jabetzak erregistratzera. Arau orokor gisa, fellahinak ez ziren erregimenaz fidatzen, inskripzio zergak eta derrigortasun handiagoak bakarrik ekarriko zituelakoan baitzeuden. Fellahinen artean analfabetismoa nagusi zenez, mukhtar askok herriko lurrak beren izenarekin erregistratu zituzten. Aurretik aipatutakoaren ondorioz, jabegoa aldarrikatu eta bertako nekazarien lurrak saldu ahal izan zizkieten judu etorkin berriei, beraiek betiko Siriara edo Turkiara joan baitziren. Kristau edota musulman familia aberatsek, "Effendis" klaseak, beren kabuz ustiatzen zituzten lurrak saldu ahal izan zituzten.

Armenian, Otomandar gobernuak Armeniako 1863ko Konstituzio Nazionala onartu zuen. Armeniako intelektualitateak idatzitako 150 artikuluk osatzen zuten "erregelamenduen Kodea", eta Armeniako Patriarkaren botereak zehazten zituen, millet sistema otomandarraren eta sortu berri zen Armeniako Batzar Nazionalaren sistemaren pean.

Ondorioak politikan aldatu

Asmo aurrerakoiak gorabehera, Tanzimaten erreforma-politikak porrot egin zuen azkenean[15]. Erreformen inguruabar historikoak, porrot horren arrazoiak eta erreformen ondorioak interesgarriak dira azterketa historikorako, eta mundu osoko historialariek aintzat hartzen dituzte.

"Laburbilduz, 1838tik 1908ra arte, Otomandar Inperioak biziraupenaren aldeko bere azken borroka kondenatua burutu zuen." Zeynep Çelik.

Erreferentziak aldatu

  1. Cleveland, William L.. (2013). A history of the modern Middle East. (Fifth edition. argitaraldia) ISBN 978-0-8133-4833-9. PMC 813691473. (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  2. Gelvin, James L.. (2008). The modern Middle East : a history. (2nd ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-532758-8. PMC 78791187. (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  3. (Ingelesez) Maksudyan, Nazan. (2019-10-02). «“This Is a Man’s World?”: On Fathers and Architects: Talaat Pasha father of modern Turkey, architect of genocide, by Hans-Lukas Kieser, Princeton, Princeton University Press, 2018, 552 pp., US$39.95 (hardcover), ISBN: 9780691157627» Journal of Genocide Research 21 (4): 540–544.  doi:10.1080/14623528.2019.1613816. ISSN 1462-3528. (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  4. Ishtiaq, Hussain. "The Tanzimat: Secular reforms in the Ottoman Empire". Faith Matters.
  5. «PTT GENEL MÜDÜRLÜĞÜ» web.archive.org 2008-09-13 (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  6. Creasy, Edward Shepherd. (2011). History of the ottoman turks : from the beginning of their empire to the present time. chiefly .... British Library, Historic ISBN 1-241-43206-6. PMC 942693443. (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  7. (Ingelesez) Deringil, Selim. (1993-01). «The Invention of Tradition as Public Image in the Late Ottoman Empire, 1808 to 1908» Comparative Studies in Society and History 35 (1): 3–29.  doi:10.1017/S0010417500018247. ISSN 0010-4175. (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  8. Wajih Kawtharani. (2018). «The Ottoman Tanzimat and the Constitution» AlMuntaqa 1 (1): 51.  doi:10.31430/almuntaqa.1.1.0051. (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  9. Somel, Selçuk Akşin. (2010). The A to Z of the Ottoman Empire. Scarecrow Press ISBN 0-8108-7579-9. PMC 609721475. (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  10. (Ingelesez) «Tanzimat | Ottoman reform movement | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  11. (Ingelesez) «Ottoman Empire - The Tanzimat reforms (1839–76) | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  12. «NTV Tarih» web.archive.org 2013-02-07 (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).
  13. «What was the Impact of the Tanzimat Reforms on the Ottoman Empire in the Nineteenth Century - DailyHistory.org» dailyhistory.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  14. (Ingelesez) Movsesian, Mark. (2010-05-05). Elusive Equality: The Armenian Genocide and the Failure of Ottoman Legal Reform. (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).
  15. (Gaztelaniaz) Carolus. (2020-06-02). «Los otomanos no musulmanes y su fin (I): millet y Tanzimat» Desvelando Oriente (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu