Takiji Kobayashi

idazle japoniarra

Takiji Kobayashi (japonieraz: 小林 多喜二 Kobayashi Takiji?, 1903ko urriaren 13a1933ko otsailaren 20a) literatura proletarioaren idazle japoniarra izan zen. 1929an argitaratutako "Kanikosen" nobela laburra da bere lanik ezagunena; besteak beste, azaltzen du nola hasi ziren arrantzaleak antolatzen sindikatuak sortzeko, eta, horren bidez, jende xehearen ahalduntzea irudikatzen du. Gazterik hil zen, Tokko poliziaren eskuetan tortura bortitzak jasan ondoren.

Takiji Kobayashi

Bizitza
JaiotzaŌdate (en) Itzuli1903ko urriaren 13a
Herrialdea Japonia
Lehen hizkuntzajaponiera
HeriotzaTokio1933ko otsailaren 20a (29 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Hezkuntza
HeziketaOtaru University of Commerce (en) Itzuli
Hizkuntzakjaponiera
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta eleberrigilea
Enplegatzailea(k)Hokkaido Takushoku Bank (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Mugimenduaproletarian literature (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Japoniako Alderdi Komunista

IMDB: nm0462065 Musicbrainz: a32ce92c-c954-44cf-889c-fa3dc4e0c243 Edit the value on Wikidata

Biografia eta obra

aldatu

Ikasketak eta lehenengo lanak

Kobayashi Japoniako Akita prefeturako Odate hirian jaio zen. Lau urte zituelarik, Hokkaido prefeturako Otaru hirira joan ziren bizitzera. Familia ez zen diruduna, baina osabak eskola-gastuak ordaindu zizkion, eta unibertsitate-mailako enpresa-ikasketak egin ahal izan zituen. Ikasle garaian ekin zion idazteari, eta berak idatzitako lanak literatura-aldizkarietara bidali zituen; horrez gain, eskolako ikasle-ohien elkarteko aldizkariaren erredakzio-batzordean lan egin zuen, eta hor bere lanak argitaratu ahal izan zituen. Kobayashiren irakasleetako bat Nobuyuki Okuma ekonomialari, kritikari eta poeta izan zen. Sasoi hartako zailtasun ekonomikoak eta atzeraldi ekonomikoa zirela-eta, Kobayashik langileen mugimenduarekin bat egin zuen.[1]

Lizentziatu ondoren, lanean hasi zen Hokkaido Takushoku bankuaren Otaruko sukurtsalean. 1928ko hauteskunde orokorretan, Kobayashik Kenzo Yamamoto hautagaiaren kanpainan parte hartu zuen laguntzaile gisa, eta hautagai horrek Yotei mendiaren oineko herrixka batean eman zuen hitzaldi batera joan zen. Gerora, bizipen hura Higashikutchankō (japonieraz: 東倶知安行?) liburuan islatu zuen. Urte berean, "1928ko martxoaren 15a" liburua argitaratu zuen Senki (Gerra Bandera) literatura-aldizkarian, zatika; orduko hartan, Kobayashik Tokko Polizia politiko inperialaren torturak irudikatu zituen, eta gobernuko ofizialak haserrarazi zituen.[erreferentzia behar]

"Kanikosen"

1929an, "Kanikosen" eleberria argitaratu zuen Senki aldizkarian, arrantza-ontzi batean batean lanean diharduten eta nagusi bihozgabearen aurka matxinatzeko prest dauden langileei buruzkoa. Laster egin zen ezaguna, eta langileei zuzendutako literatura marxistaren aitzindari bihurtu zen ("Kanikosen" 2008an berrargitaratu zuten, eta milioi bat eta erdi aletik gora saldu ziren; urte hartan lehertutako finantza-krisia zela-eta, gazteek, nonbait, beren burua islatuta ikusi zuten 80 urte lehenagoko kontakizun hartan).

Urte hartako uztailean, "Kanikosen" obra antzerkirako egokitu zuten, eta Lorategi Inperiala Antzokian antzeztu zuten, North of latitude 50 degrees north (japonieraz: 北緯五十度以北?) '' izenburupean. 1948ra arte, Japonian ezinezkoa zen "Kanikosen" osorik eskuratzea. Hori dela eta, hiru aldiz argitaratu da ingelesera itzulita, hiru izenburu desberdinekin: "The Cannery Boat" (1933), "The Factory Ship" (1973) eta "The Crab Cannery Ship" (2013). Poliziak (bereziki Tokko poliziak) zaintzapean jarri zuen Kobayashi. Urte berean "Nagusia kanpoan bizi da" (japonieraz: 不在地主 Fuzaijinushi?) saiakera argitaratu zuen Chūōkōron aldizkarian, eta, horren ondoren, bankutik kaleratu zuten.[2]

Atxiloketak eta heriotza

1930eko udaberrian, Kobayashi Tokiora joan zen bizitzera, eta Japoniako Idazle Proletarioen Elkarteko idazkari izendatu zuten. Maiatzaren 23an atxilo hartu zuten, Japoniako Alderdi Komunista diruz lagundu izana leporatuta, eta ekainaren 7an behin-behineko askatasuna eman zioten. Ekainaren 24an Tokiora itzuli zen, eta berriz atxilotu zuten. Uztailean, Inperioaren kontrako karguak egotzi zizkioten. Abuztuan, 1900. urteko Ordena Publikoaren eta Poliziaren Legea aintzat hartuta auzipetu zuten, eta Toyotama kartzelan espetxeratu zuten. 1931ko urtarrilaren 22an, fidantzapean askatu zuten. Kartzelatik irtenda, Kobayashi Kanagawa prefeturako Nanasawa ur termalera erretiratu zen. 1931ko urrian, legez kanpoko Japoniako Alderdi Komunistako kide ofizial izendatu zuten.[3] Azaroan, Naoya Shiga idazlearen etxean izan zen bisitan, Nara Prefeturan. Azkenik, 1932ko udaberrian, ezkutatu egin zen.

1933ko otsailean, Kobayashi Akasaka hiriko hitzordu batera joan zen Alderdi Komunistako kide batekin batera; kide hura, gerora jakingo zenez, Tokko poliziaren espioi bat zen. Polizia Kobayashiren zain zegoen, eta, ihes egiten saiatu bazen ere, atzeman eta atxilotu egin zuten. Tsukiji polizia-etxera eraman zuten, eta tortura bortitzak jasanarazi zizkioten.[4] Biharamunean, polizia-agintariek iragarri zuten Kobayashi bihotzekoak emanda hil zela.[5] Ospitale bat bera ere ez zen ausartu autopsia egitera, Tokko poliziaren beldurrez.[erreferentzia behar]

Kobayashiren lan garrantzitsuenak hainbat hizkuntzatara itzuli dira; hizkuntza horien artean daude euskara, errusiera, txinera, ingelesa, koreera, gaztelania, italiera, portugesa, alemana, frantsesa, poloniera eta norvegiera.

Euskaraz

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Ness, Immanuel. (2009). Historical The International Encyclopedia of Revolution and Protest. Blackwell ISBN 9781405184649..
  2. Keene 1998 : 621
  3. (Ingelesez) Mitchell, Robert H.. (1992). Janus-Faced Justice: Political Criminals in Imperial Japan. University of Hawaii Press, 83 or. ISBN 082481410X..
  4. [1] Prominent people of Minato City
  5. The Japan Press 2003 Feb 9 issue

Kanpo estekak

aldatu