Suge biperakara (Natrix maura) hegoaldeko Europa eta iparraldeko Afrikako ibai eta aintziratan bizi den Colubridae familiako sugea da[1].

Suge biperakara
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaColubridae
GeneroaNatrix
Espeziea Natrix maura
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Euskal Herriko Natrix generoko bi sugeetako bat da honako hau, sugegorriekiko antzekotasun morfologiko handiagatik ezaguna; hortik datorkio, hain zuzen izena. Dena den, suge hau, gainerako kolubrido gehienak bezala, ez da pozoitsua. Ingurune urtarretan eta horien inguruan oso ohikoa da, eta igerilari trebea da. Euskal Herriko lurralde osoan topa daiteke.[2]

Deskribapena

aldatu

Tamaina txikiko sugea da, asko jota 85-90 cm-ko luzera izatera iritsi daitekeena, baina normalean metro erdiren bueltan ibiltzen dena. Kolorazio apal aldakorra izan dezake, grisa, marroia edo arrea, eta sugegorriekiko antzekotasun handia ematen dion kolore ilunagoko zig-zag formako orbanak izaten ditu normalean bizkarraldean. Ezpainetako ezkatak horixkak izan ohi dira, lotura beltzekin. Sabelaldea ere horia edo laranja izan ohi da, orban beltzekin. Aipatu beharra dago, dena den, aldakortasuna handia izan ohi dela.

Emeak arrak baino handixeagoa izan ohi dira, udaberriaren amaieran batez ere, arrautzak ezarri aurretik.

Banaketa

aldatu

Europa hego-mendebaldean eta iparraldeko Afrikan hedaturiko espeziea da. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke.

Habitata

aldatu

Ingurune heze eta istilduetan eta horien inguruan bizi den espeziea da. Paduretan ere aurki daiteke.

Elikadura

aldatu

Gazteek zapaburuak, intsektuak, zizareak eta moluskuak jaten dituzte, eta suge biperakara helduak arrainez eta anfibioez elikatzen dira, batez ere. Ur-igel arrunta (Pelophylax perezi) eta zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea) dira espezie honen dietan ohikoenak diren anfibioak.

Ugalketa eta ontogenia

aldatu

Udaberrian hibernaziotik esnatu eta gutxira izaten dira kopulak, eta aste batzuren buruan 3-30 –normalean 10– arrautza ezartzen ditu emeak. Arrautza kopurua emearen tamainaren araberako izan ohi da. Arrautzak ingurune heze eta beroetan ezartzen dituzte, uretatik kanpo. Zenbaitetan hainbat emek leku berean ezartzen dituzte arrautzak, suge gorbatadunekin batera ere bai, noizean behin. Arrautzak ezarri eta 7-8 astera jaiotzen dira sugekumeak.

Suge biperakaren bizi-luzetasuna 20 urte ingurukoa da, baina arrak nekez iristen dira 10 urte baino gehiago bizitzera. Arrek hiru urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala, eta emeek denbora gehiago behar izaten dute; 4 urte, gutxienez. Animaliek 30 eta 60 cm bitarteko luzera izaten dute heldutasun sexuala lortzean.

Bizimodua

aldatu

Egunez aktibo egon ohi den sugea da, nahiz eta gauez ere ibili ohi den, ingurune eta garairik beroenetan, batez ere.

Suge biperakararen defentsa-mekanismo nagusia harrapariek sugegorria dela uste izatea da, eta horretarako morfologia eta portaera konplexuak garatu ditu. Bates mimetismoa da, beraz, espezie honen defentsa-mekanismoa. Sugegorriekiko antzekotasun morfologikoa nabarmena da, eta arriskuan sentitzen denean are sugegorriago bihurtzen da burua zapaldu eta triangelu forma emanez. Horrez gain, sugegorriak bezala oldartzen da harraparien aurrean, horien portaera eta soinuak imitatuz. Dena den, ahoa itxita mantentzen dute, eta ez dute hozka egiten. Sugea harrapatuz gero, usain txarreko jariakin bat askatzen du kloakatik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Azerien (Vulpes vulpes) eta katuen (Felix catus) harrapakin izan daiteke, eta baita hainbat hegazti harraparirena ere; tartean lertxun hauskara (Ardea cinerea) eta arrano sugezalea (Circaetus gallicus). Igarabek (Lutra lutra) ere irensten dituzte, eta baita Montpellierko sugeek (Malpolon monspessulanus) ere.

Antzeko espezieak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Suge gorbatadun» eta «Sugegorri»

Antzekotasun handia dute bi espezieek, baina suge gorbatadunaren kolorazioa uniformeagoa izan ohi da, orban gutxiagoduna. Gainera, suge gorbatadun gazteek izena ematen dien orban argia izaten dute lepo inguruan.

Suge biperakara sugegorrietatik bereizteko ezaugarri nagusia begi-niniaren forma da; sugegorrietan bertikala, eta suge biperakaran borobila. Horrez gain, suge biperakarak ezkata handi gutxi ditu buruan, eta sugegorrien burua, aldiz, ezkata txiki ugariz osatua egon ohi da.

Kontserbazioa

aldatu

Kontserbazio-arazorik ez duen espeziea da, eta IUCN erakundeak LC kategorian sailkaturik du. Euskal Herrian ez dago katalogatuta.

Erreferentziak

aldatu
  1. Steward JW. 1971. The Snakes of Europe. Cranbury, New Jersey: Associated University Press (Fairleigh Dickinson University Press). 238 pp. LCCCN 77-163307. ISBN 0-8386-1023-4.
  2. «Euskal Herrian dauden 11 espezietatik hamar atzeman dituzte Aranzadiren 'Sugebizi' proiektuko 'sugezainek'» Berria 2021-07-16 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.

Kanpo estekak

aldatu