Arabiar sozialismo

Sozialismo arabiar» orritik birbideratua)
Arabiar sozialismo
Sozialismo motak

Arabiar sozialismoa (arabieraz (لاشتراكية العربية, Al-Ishtirākīya Al-‘Arabīya) panarabismo eta sozialismoaren arteko baturarekin sorturiko ideologia politikoa da. Dena den, ideologia hau, desberdina da Arabiar munduan existituriko pentsamendu sozialista zabalagotik, zeina arabiar sozialismoa baino zaharragoa den. Sozialismoari buruzko lehen arabierazko liburua Al-Ishtirākiyya (Sozialismoa) 1913an argitaratu zuen Salama Musa (1887–1958) kazetari kopto egipziarrak. Geroago, "Sozialismo arabiar" terminoa Michel Aflaqek, baathismo eta Baath alderdiaren sortzailea, asmatu zuen, bere ideologia sozialistaren bertsioa Europa ekialdeko eta Asia ekialdeko internazionalismo marxistatik eta mendebaldeko europako sozialdemokraziatik desberdintzeko.

Arabiar sozialismoa arabiar munduko mugimendu politikoa da. Bere eragin politiko eta intelektual gehiena 1950 eta 1960ko hamarkadetan izan zuen, Baath alderdia, arabiar nazionalismoa eta hein txikiago batean, naserismoaren oinarria izan zenean. Sozialismo arabiarra nagusiki hurrengo herrialdeetan ezarri zen: Egipto, Aljeria, Siria, Libia, Irak, Hego Yemen eta hein batean Palestinar Lurraldeetan.

Arabiar sozialismoak, ideologikoki islamiar fundamentalismo eta Arabiar penintsulako monarkia kontserbadoreei egiten die aurre.

Ideologia

aldatu

Bere jarraitzaileen arabera, arabiar sozialismoa beharrezkoa zen arabiar batasuna eta askatasuna lortzeko, sistema sozialista bateko jabetza sistema eta garapenak bakarrik gaindituko bailuke inperialismo eta kolonialismoak utzitako arrastoa. Aldi berean, arabiar sozialismoa ekialdeko Europako edo ekialdeko Asiako sozialismoetatik desberdina da, ateoak zirenak. Kide txinatarrak ez bezala, arabiar sozialismoaren oinarria ez dago dokrinari lotuta, oinarri kultural eta espiritualak baititu. Beraz, ekialdeko Europa eta ekialdeko Asiako sozialismo "anti-espirituala" ez zen egokitzat jotzen Arabiar mundurako. Mundu osoko ideologia sozialisten modura, arabiar sozialismoak joera internazionalista garrantzitsua izan du historian zehar; nagusiki antiinperialismo eta ez lerrotzean oinarriturik zegoena, bereziki gerra hotzean.

Arabiar sozialismo naseristaren arabera, sozialismoak beharrezko du produkzio-bideen kontrol publikoa, baina aldarrikatzen du kontrol publikoak ez duela zertan produkzio-bide guztien nazionalizazioa edo jabetza pribatuaren deuseztapena ekarri behar. Horren ordez, jabetza pribatua kontrol publikoaren pean beti egon beharko litzatekeela.[1]

Nahiz eta arabiar sozialismoak bere goreneko puntuan estilo europarreko programa sozial eta ekonomikoa bultzatu, bere oinarri intelektual eta espiritualek zenbait muga ezartzen zizkioten ahalmen iraultzaileari: produkzio-bideen jabetza nazionalizatu beharrekoa zen, baina jabetza pribatu eta herentzia moduko balio tradizionalen mugen barruan. Hala definituriko estruktura sozial primitiboak, feudalismoa, nomadismoa, tribalismoa eta emakumeen aurkako jazarpena menderatu beharrekoak ziren, baina ez identitate arabiarra osatzen zuten lotura sozialak deseginez.

Esan liteke, arabiar sozialismoaren agerpen ekonomiko nagusienak lurraren erreformak izan zirela (Egipto (1952), Siria (1963) eta Iraken (1970) eginak), herrialde horietako industria nagusi eta banku sistemaren nazionalizazioarekin batera. Egipto eta Sirian, politika hauetako batzuk hein handiago edo txikiagoan atzerantz egin zuten 1970ko hamarkadatik aurrera. Politika hauek eragin handiagoa izan zuten Iraken, eta Iran-Irak gerraren hasiera (1980) arte iraun zuten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Sami A. Hanna, George H. Gardner. Arab Socialism: A Documentary Survey. Leiden, Herbehereak: E.J. Brill, 1969. 117. orr.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu