Soldanella villosa landare belarkara iraunkorra da, primulazeoen familiakoa. Euskal Herrian eta Kantabrian soilik aurkitu daiteke.[1]

Soldanella villosa
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaPrimulaceae
GeneroaSoldanella
Espeziea Soldanella villosa
[[|]]

Deskribapena aldatu

Landare belarkara iraunkorra. Lurrazpiko errizomak garatzen ditu, eta horietatik hosto-errosetak sortzen dira, 5-15 cm-ko giltzurrun-formako pezioloekin eta guruinak sortzen dituzten 1 mm arteko ileekin. Infloreszentzia 1 - 5 lore okertuk osatzen dute, gara luze baten amaieran ginbail moduan elkartuta. Kaliza 5 mm-koa da, eta triangeluarrak eta berdeak diren 5 sepalo berdinek osatzen dute. Bost petalo, kolore lilakarakoak, lobulu estuetan sakonki moztuak. Fruitua kapsula luze eta akreszentean ematen du.[2][3]

Ugalketa aldatu

Apirila eta maiatza bitartean loratzen da, eta maiatza eta ekaina bitartean ematen du fruitua.[3] Hosto berde eta harkaitz ilunen artean, lore moreak erabiltzen dituzte intsektuak erakarri eta polena zabalduz genetikoki ezberdinak diren landare berriak sortzeko.[1] Hala ere, landareen %85-90ak ez du lorerik emango,[1] eta nagusiki bide begetatibotik ugaltzen da, zurtoin sustraituen bidez.[3] Hostoak errekara erori, ur behera joan, nonbait geratu, sustraiak bota, eta jatorrizko landarearen kopia genetiko bat hazi daiteke. Iñaki Sanz-Azkueren biologoaren esanetan, Urumea bailarako errekastoetan ikusi da, frogatua ez badago ere, egur hilak papera jokatzen duela Soldanella villosaren ugalketan, presak txikiak sortu, uraren abiadura moteldu eta landareak sustraiak botatzea erraztuz.[1]

Banaketa aldatu

Euskal Herriko eta Kantabriako endemismoa da[1], Ipar Euskal Herritik Kantabriako mendebalderaino hedatzen dena. Ipar Euskal Herriak eta Gipuzkoako ekialdeak osatzen dute espeziearen banaketa-eremu nagusia; Bizkaia eta Kantabriako populazioak, berriz, horietatik oso urrun eta isolatuta daude.[4]

Harkaitz silizeoak gustuko ditu: eremu azidoak. Nafarroa iparraldean eta Gipuzkoa ekialdean ditu populazio oparoenak: Leitzaran, Urumea, Artikutza, Bertiz, Belate eta Aritzakun-Urritzate-Gorramendi inguruetan. Lapurdi eta Nafarroa Beherean ere aurki daiteke, baita Bizkaia mendebaldean, Zuhaiztieta aldean, eta Kantabriako zonalde txiki batzuetan ere. Hala ere, azken horietan landareak oso banaketa murritza du.[1]

Habitata aldatu

Goroldioz estalitako ezponda eta arroken pitzaduretan hazten da, gehienetan erreka eta sakan hezeen ondoan, ur-jauzien edo iturburuen ertzetan. Normalean, harizti edo pagadietan agertzen da, eta neurri txikiagoan, ihitoki azidofiloetan edo zohikatz zonaldeetan.[4]

70 eta 970 metro arteko altuerako erreka inguruak dira Soldanella villosa ikusteko egokienak. Urak eta harkaitzak bat egiten duten lekuak gustuko dituzte, hala nola, ur-jauziak, ur tantek landareen hostoak zipristintzen dituzten tokiak, haran sakon eta ilunetako erreka hertzeko harrizko horma naturalak. Erreka batzuen iturburuetan ere kantitate handietan topa daitezke, baita hezegune, zohikaztegi eta lintzuretan ere.[1]

Habitat horiekiko duen mendekotasunak zaurgarri bihurtzen du aldaketen aurrean. Erreka ertzeko basoaren kudeaketa txarrak eragin zuzena izan dezake Soldanella villosa populazioetan, esaterako, Urumea bailaran gero eta ugariagoak diren eukalipto landaketek.[1]

Populazioaren tamaina eta bilakaera aldatu

Guztira 2.500 ale baino gutxiagoko populazioa du, gorabehera handiekin indibiduo kopuruaren eta populazio bakoitzaren okupazio-eremuan. Espeziea kaltebera gisa sailkatuta dago IUCNren arabera.[5] Europa mailako Habitat Zuzentarauan ere babestua dago, baita Euskal Herri mailan ere.[1] Azkenaldian ez da egiaztatu populazio-galerarik. Oro har, talde txikiek osatzen dituzte populazioak, 1etik 25era bitartekoak, nahiz eta toki askotan ugariak izan daitezkeen eta ehunka baino gehiago izan.[5]

Bertako espezie endemikoa denez, eta banaketa txikia duenez, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak hainbat lan egin ditu espezie honen banaketa eta dentsitatea ezagutzeko. Europar Batasuneko aginduei jarraituz, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariz, sei urtetik behin aukeratutako populazioen kontserbazio egoera aztertzen ari dira. 2021-22an egin zen azken laginketa EAEn, eta 2019an Nafarroan.[1]

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j Sanz-Azkue, Iñaki. (2022). ««Soldanella villosa», altxor bat ur negarrean» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
  2. (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Soldanella villosa Darracq ex Labarrère» asturnatura.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
  3. a b c (Gaztelaniaz) FLORA VASCULAR AMENAZADA EN LA ZEC Y PN SEÑORÍO DE BERTIZ. Nafarroako Gobernua 2013-06-21 (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
  4. a b (Gaztelaniaz) Garmendia Altuna, Joseba; Arrieta Aseginolaza, Maialen. (2020). Soldanella villosa. .
  5. a b (Gaztelaniaz) Bañares, Á.; Blanca, G.; Güemes, J.; Moreno, J.C.; Ortiz, S.. (2004). Atlas y libro rojo de la flora vascular amenazada de España - Taxones prioritarios. Madril: Dirección General de Conservación de la Naturaleza, 1047 or..

Kanpo estekak aldatu