Solaris (filma)
Solaris (errusieraz: Солярис, solyaris) 1972 urtean Andrei Tarkovski errusiarrak zuzendutako filma da. Stanisław Lem idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua dago.
Tarkovskiren hirugarren film luzea eta errusiar zuzendariaren lehenbiziko esku-hartzea zientzia-fikzioaren unibertsoan Stanislav Lem-en eleberria egokituz: Kris Kelvin psikologoa misio interestelar batean bidaltzen dute urez betetako Solaris planetaren inguruan orbitatzen duen espazio-estazio batera. Espedizioko mediku baten heriotza misteriotsua ikertuko du bertan.
Solarisen bertsio hau oso geldiro gertatzen den psikodrama bat da, ia osorik espazioko estazio batean gertatzen dena. Eleberriarekin alderatuta, ezberdintasun nagusia honakoa da: protagonistak, hau da, Kelvinek ez duela Solaris planetako azalerara bidaiarik egiten.
Jatorria Aldatu
Filmeko eszenak Sobiet Batasunean (mendialdean eta MosFilm-eko estudio handi batean) eta Japonian filmatu ziren eta Vadim Yusov zinegileak eginikoak dira. Kultuzko Filmaren estatusa lortu zuen film honek mendebaldean, nahiz eta Errusian eta Sobiet Batasuna eratzen zuten herrialdeetan hasieratik ere ospetsua izan.
Estilistikoki berdintasunak ditu Tarkosvkiren beste film batzuekin, esate baterako, Zerkalo (Ispilua) filmean erabiltzen dituen sinbolismoak, urari eta naturari dagokienez.
Tarkovskiren Solaris filma gizakien arteko harremanei buruz, eta gizakiak jainkotasunarekin duen harremanei buruz ari da.
Filma estreinatu zenean ordu erdi moztu zitzaion jatorrizko luzerari, hura 165 minutukoa baitzen hasiera batean. Filma 1972. urteko Cannesko Jaialdian estreinatu zen, eta epaimahaiaren sari nagusia eta kritikaren Fipresci saria irabazi zituen[1].
Erreferentziak Aldatu
- ↑ Solyaris (Solaris). 2018-03-05 (Noiz kontsultatua: 2018-03-26).
Kanpo estekak Aldatu
- (Ingelesez) Fitxa - imdb.com