Sofia Panina

Sofija Panina» orritik birbideratua)

Sofia Vladimirovna Panina[1]errusieraz: Со́фья Влади́мировна Па́нина— (Mosku, Errusiar Inperioa, 1871ko abuztuaren 23aNew York, AEB, 1956ko ekainaren 13a) politikari eta filantropo liberala izan zen. Egun ezaguna ez bada ere, 1917ko Urriko Iraultzaren aurretik, Arazo Sozialetarako ministro-orde izan zen (halere ez zen ministro oso izan, eta agian horrek ez du bere ezagutza historikoa lagundu).

Sofia Panina

Bizitza
JaiotzaMosku1871ko abuztuaren 23a
Herrialdea Errusiar Inperioa
HeriotzaNew York1956ko ekainaren 13a (84 urte)
Hobiratze lekuaNovo-Diveevo Russian Orthodox Cemetery (en) Itzuli
Familia
AitaVladimir Panin
AmaAnastasiya Panina
Ezkontidea(k)Aleksandr Polovtsev (en) Itzuli
LeinuaPanin (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
JarduerakAssistant Secretary (en) Itzuli eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Konstituzionalista Demokrata

Find a Grave: 78319219 Edit the value on Wikidata

Jatorria aldatu

Sofia Panina Moskun, liberalismora oso jotako familia aberats batean hazi zen: bere aitona eta aita enpresario oso handiak eta lurjabeak zituen, eta aita gainera, Justizia Ministroa ere izan zuen, ideia ilustratuen hedatzaile izan zelarik (Vladimir Panin). Hau hiltzean bere ama Ivan Petrunkevitx aktibista liberalarekin ezkondu zen, azken hau 1905ean Alderdi Demokrata Konstituzionalistaren fundatzaileetakoa izan zen (Panina, geroago, alderdi horren militantea izan zen). Toli Dorian poeta ere familiakoa zuen. Bere familia nobleziatik zetorren, eta Sofia Paninak “kontesa” titulua zuen, eta zenbaiten arabera, Errusiako emakumerik aberatsena ere bazen[2].

Filantropia-proiektuak aldatu

Panina filantropiara eman zen oso gaztetatik. Eskolak, irakurketa-taldeak eta jantoki sozialak antolatzen zituen. 1903an “Ligovski Herriaren Etxea” deitutako eraikin bat inauguratu zuen karitate lan horien egoitza moduan, San Petersburgon (eraikin hori oraindik zutik dago eta komunitate-egoitza lanak ere betetzen ditu). Bertan, bai beharrizan materialak zein kulturalak betetzen zituzten, eta batzuetan, oposizioko taldeen biltzarlekua ere izan zen. Etxe hori, komunitate-zentro moduan nazioartean ere ezaguna izan zen. Lev Tolstoi idazlearekin laguntasun harremana ere izan zuen, bere gaixotasuna sendatzen lagundu ziolarik. Prostitutentzat babes-sareak ere antolatzen zituen. Garai horietan Panina oraindik alderdi batetako kidea ez bazen ere, liberalismoaren alde gogor jarri zen, Zemstvoen Batasuna finantzatuz (zemstvoak tokiko autogobernu organoak ziren, batez ere jatorri aristokratikoko liberalek osatutakoak, eta liberalismoaren zelula bezala ikusiak ziren). Halako aktibitateak “Kontesa gorria” ezizena ekarri zion, ezizen ez guztiz zehatza, Panina ez baitzen sozialista, liberala baino. Beste ezizen bat “Errusiako lehen emakumea” ere izan zen. 1914an, Errusia guda inperialistan sartzea babestu zuen, eta Ligovski Herriaren Etxeak armadaren beharrizanak ere bete zituen[2].

Politikaria aldatu

Otsaileko Iraultza eta Gobernua aldatu

1917an, buru-belarri sartu zen Panina politikan, Alderdi Kadetean (ordura arte, alderdi giroaz at bizi zen), maiatzetik aurrera honen zuzendaritzaren parte izan zelarik (Komite Zentral Kadetean sartu zen bigarren emakumea izan zen Ariadna Tyrkovaren ondoren). Maiatzean, Errusiako Behin-behineko Gobernuko Arazo Sozialetarako ministro-orde izan zen, goi-funtzionaritza kargu bat lortzen zuen historiako lehen emakume bat izaki (aristokrazia arrazoiengatik lortu zutenak kenduta). Abuztuan, ministro-orde izaten jarraitu zuen, baina kasu honetan Hezkuntza Ministerioan. Petrogradeko Udaleko zinegotzi ere izan zen[2].

Urriko Iraultzaren aurka aldatu

Urriko Iraultzaren egunetan hau geratzen saiatzeko paper nabarmena baina hutsala jokatu zuen. Avrora ontzira joan zen ordezkari burgesetako bat izan zen, marinelei tirorik egin ez zezaten eskatzeko eta boltxebikeen eragina anulatzen saiatzeko. Gerora “Aberriaren eta Iraultzaren Salbaziorako Komitea” erakunde kontrairaultzailearen parte izan zen eta badirudi erakunde honen zuzendarietako bat izan zela. Egun horietan, Arazo Sozialetarako Ministeritzaren funtsak lapurtu zituen, hurrengo arduradun (Herri-Komisario) boltxebikeak (Aleksandra Kollontaik) erabil ez zitzan. 1917ko azaroan atxilotua izan zen beste buruzagi kadete askorekin batera, manifestazio kontrairaultzaileak antolatu nahi zituela eta. Alta, Laguntza Sozialeko Ministerioaren funtsak lapurtu zituenez, Paninaren kontrako akusazioak gogorragoak ziren. Lapurreta hori zela eta epaitua izan zen, historiagile batzuen arabera hauxe “boltxebikeek epaitzen zuten lehen politikaria (kontrairaultzailea)” izan zen. Epaiketa horretan, Sofia Paninak lapurtutako dirua Asanblada Konstituziogilearen izenean utzi zuela esan zuen (beraz, Gobernu boltxebikea aintzatesten ez zuela, beraz, politikoki, kontrairaultzarekin lerratu zen). Zigor leuna jarri zioten epaitegiak “iraganean egin zituen hezkuntzarako lana kontutan hartu zuelako”: zigorra lapurtutako 93.000 errubloak itzuli arte kartzelan egotea izan zen. 1917ko abenduaren 19an, bermea ordainduta, kartzelatik atera zen[2].

1917ko azaroan Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeetan Alderdi Kadetearen zerrendan aurkeztu zen, baina ez zen aukeratua izan[2].

Gerra Zibila eta Armada Zuria aldatu

1918an Errusiako Hegoaldera joan zen, Armada Zuriarekin bat egitera. Anton Denikin jeneralaren ordenetara aritu izan zen, honen kabinete zibilaren parte ere izan zelarik. 1919an Europako hainbat herrialdeetatik bira egin zuen, Armada Zuriarentzat laguntza eta babesa bilatzeko asmoz. 1920ko martxoan, Armada Zuria atzera egiten ari zela, Errusia behin-betiko utzi zuen[2].

Erbestea aldatu

Erbestean Frantzian bizi izan zen lehenik, Suitzan gero eta 1924 ostean Txekoslovakian, non errusiar emigrante zurien egunkari bat zuzendu zuen. Horrez gain, emigrante errusiar zuriak laguntzeko Zemgor erakundean (Georgi Lvovek zuzentzen zuen erakundean) egin zuen lan. 1938an, AEBra emigratu zuen, eta han Tolstoi Fundazioa sortu zuen Aleksandra Tolstaia Lev Tolstoiren alabarekin batera. 1956an New Yorken hil zen[2].

Erreferentziak aldatu

  1. 156. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema. Gasteiz: Euskaltzaindia (argitaratze data: 2009-02-27) (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  2. a b c d e f g «Panina, Sofija» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).