Siloratzea zuhaina kontserbatzeko prozesua da, belarra eta bazkaren hartzidura laktikoan oinarritzen dena. Hartzidura horrek azido laktikoa sortzen du, eta zuhainaren pH jaitsi, bere kontserbazioa errazten duena (bazkaren hondamendia eragiten duten mikrobio kaltegarriak ingurugiro azido batean ezin baitute hazi).

Plastikoetan egin ohi da gaur egun siloratze prozesua, siloetan egin beharrean

Baserritarrek eta nekazariek belarra moztu ostean bi prozedura hauetako bat erabili ohi dute [1]:

  • belarra (edo zenbait graminea eta zerealak ere) eguzkitan jarri, lehortzeko. Belar ondua lortzen da prozesu horretan, animaliak elikatzeko erabiltzen dena.
  • belarra eta bazka oxigenorik gabeko toki batean sartu, hartzidura laktikoa gerta dadin. Horretan datza siloratzea. Hartzitu behar den landare-masa toki itxi batean sartzean, oxigenorik gabeko ingurugiro bat sortzen da; baldintza horietan bazkan dauden bakterio laktikoek (Lactobacillus, Streptococcus, Pediococcus...) hartzidura laktikoa burutzen dute, produktuaren pH nabarmen jaisten duena. Belar hartzitu horrek belar ondua baino hobeto eusten dizkio bere zaporeari eta ezaugarri nutritiboei, eta gustura jaten dute abereek.

Siloratze klasikoa siloetan egiten zen, bazka silo izeneko ontzi handietan jarriz. Gaur egun, aldiz, hartzitu behar diren landareak plastikoetan bildu ohi dira.

Orokorrean, zenbat eta lehorragoa izan material hartzigarria, orduan eta anaerobioagoa izan beharko dute hartziduraren baldintzak.

Prozesu biokimikoa aldatu

 
Erdi lurperatuta dagoen siloa, zuhaina azpian duena

Zuhainak eta bazkak (belarra, zerealeak, graminieak...) azukre kopuru handia dute. Siloetan eta plastikoetan bilduta dagoenean, hots, ingurugiro anaerobioan, eta 35ºC-50ºC-ko tenperaturan, bakterio laktikoak gailentzen dira eta azido laktikoa sortzen dute burutzen duten hartziduraren ondorioz. Tenperaturaren kontrola funtsezkoa da, 20ºC-25ºCetan beste hartzidura batzuk gerta daitezkeelako (azetikoa edo butirikoa), zuhaina kaltetzen dutenak.

Bazka hondatzen duten mikrobioen hazkuntza galarazteko (Clostridium, adibidez) ohikoa zen zuhaina modu artifizialean azidotzea, azido diluitu batzuk erantsiz (sulfurikoa, klorhidrikoa...), pH jaisteko. Gaur egun, aldiz, ohikoagoa da zuhaina bakterio laktiko batzuekin inokulatzea, hartzidura kaltegarriak saihesteko.

Zuhainaren hartzidura laktikoak onura asko dakartza:

  • bazkaren proteinak ez dira galtzen, bakterio laktikoak ez baitira proteolitikoak.
  • ez du zuhaina usteltzen (beste hartzidura batzuek, aldiz, bai)
  • zuhainaren pH jaistean mikrobio kaltegarrien hazkuntza ekiditen du

Erreferentziak aldatu

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUk argitaratuta (2019), 171-172 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2

Kanpo estekak aldatu