Seber Altube

euskal idazlea
Sebero Altube» orritik birbideratua)

Sebero Altube Lertxundi (Arrasate, Gipuzkoa, 1879ko azaroaren 8a - Gernika, Bizkaia, 1963ko abuztuaren 27a) euskal idazlea, filologoa eta musikaria izan zen. Euskaltzain, 1920. urtetik. Gaztetan Gernikako Orfeoiaren zuzendaria izan zen (1902) eta, geroago, arma fabrika bateko kudeatzailea (1915-1936). Gernikako alkate izan zen, eta gerra garaian Argentinara eta Pauera erbesteratu behar izan zuen eta 1958an itzuli zen; garai hartakoa da La fonction de la douleur liburu filosofikoa (1957). Haren lan nagusiak euskarari eskainitakoak dira (1920-36):

  • Euskeraren joskera dala ta,
  • Izkuntza-jakintzia ta euskeriaren bizitzia,
  • Euskal hitz berrijak,
  • Eurok eraltzeko, erderoak zatara lagun egin bear deuskuen
  • Batasunaren bidean, *El acento vasco en la prosa y en el verso,
  • La vida del euskera,
  • Observaciones al trabajo de Morfología Vasca de D.R. M. de Azkue,
  • Barriro euskeraren bizitzari buruz,
  • Literatur euskara,
  • Laztantxu eta Betargi eta
  • La unificación del euskera literario.
Seber Altube
Euskaltzain osoa

1920 - 1941
Domingo Agirre - Paulo Zamarripa
Bizitza
JaiotzaArrasate1879ko azaroaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaGernika-Lumo1963ko abuztuaren 27a (83 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, musikaria eta idazlea
KidetzaEuskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 361
Euskaltzain eta idazle batzuk, 1927an Euskaltzaindiak eginiko ohiko biltzar batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Orixe, Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide. Eserita: Juan Bautista Eguzkitza, Bonifazio Etxegarai, Resurreccion Maria Azkue eta Georges Lakonbe.

Musikari moduan, harmonia eta konposizioa landu zituen. Horrezaz gain, hainbat musika tresna jotzen zituen. Gaztaroan dultzaina jotzaile moduan famatu egin zen. Hamabost urterekin, Arrasateko Musika Bandan hasi zen.

Hiztegiaren auzian, Altubek neologismoen sorkuntza salatu eta hizkuntzan ondo sustraituriko hitz bizien erabilera defendatu zuen. Sintaxiari dagokionez, Erderismos izenburuko obran joskera legeak formulatu zituen.

Historia

aldatu
  • 1900 Arrasateko Bandako zuzendari izendatu zutenean, erabaki zuen musika izango zuela ogibide.
  • 1901 Gernikara joan zen bizitzera, hango musika bandako zuzendari izendatu baitzuten, horretarako propio eratutako lehiaketa irabazita. Artean 22 urte zituen.
  • 1916 Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza utzi eta Alkartasuna arma fabrikako gerentzia hartu zuen.
  • 1922 Eusko Ikaskuntzaren kongresuan parte hartu zuen, Gernikan.
  • 1929 Erderismos lana argitaratu zuen Euskera aldizkarian. Urtebete geroago, liburu gisa kaleratu zuen.
  • 1930 Segundo Olaetarekin batera, Elai Alai dantza taldea sortu zuen.
  • 1931 Gernikako alkate aukeratu zuten EAJ alderditik.
  • 1935 Alkatetza utzi zuen, garaiko gobernadorearekin desadostasunak zirela-eta.
  • 1958 Gernikara itzuli zen.
  • 1961 Gregoria emaztea hil zitzaionean, beheraldi handia izan zuen.
  • 1963 Gernikan hil zen, 83 urte zituela.

Galdegaia

aldatu

Seber Altube autodidakta izan zen: ez zen inoiz unibertsitatera joan. Hala ere, lan handia egin zuen hizkuntzalaritzan, sintaxiari dagokionez batez ere. Haren arlorik aipatuena, Erderismos liburuan garatua, galdegaiarena izan zen. Horretan, segida eman zion Azkuek hasitako lanari, baina Altuberen ekarpena izan zen galdegaia zer den garbi azaltzea eta non kokatu behar den esatea. Haren iritziz, galdegaia aditzaren aurrean kokatu behar da, ezkerretara, aditzari inkatu-inkatuta.

Harrezkero, lege horrek kritika zaparrada handia eragin du: hizkuntzalaririk handienak izan zituen kontra, esate baterako, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta J.M. Mokoroa. Kritikarik zorrotzena Koldo Mitxelenak egin zion: “Labur esateko, Altube jaunak finkatutako legeak, euskarak gorde behar lituzkeenak izango dira agian, baina ez euskarak gorde eta gordetzen dituenak. Ez dira, gehienez ere, euskararenak, zenbait dialektorenak baizik. Eta dialekto horietan ere zeharo eta osoro betetzen ez direla esan beharrik ez”.

Oraintsu, beste hizkuntzalari batzuek ere gogor kritikatu dute Seber Altuberen legea. Eusebio Osak dio euskarazko hiztunik onenak —baserritarrak— direla galdegaiaren hauslerik handienak. Mitxel Kaltzakortak, Joxe Ramon Zubimendik, Pello Esnalek eta Bittor Hidalgok ere zalantzan jarri dute galdegaiaren legea, Altubek formulatu bezala. “Planteatu beharrean —dio Bittor Hidalgok— euskal joskera da ‘euskaldunek orain arte erabili dutena’, euskal joskera definitzen dute ‘gaztelaniaren kontrakoa’. Gainera, gaitzetsi egiten da ordura arte, euskal idazleek edo euskal hiztunek erabilitako guztia. Lege bat asmatzen dute, lege gezurretakoa, eta lege hori betetzen ez dutenei ‘euskara txarra’ egitea egozten diete”.

Seber Altubek finkatu zuen galdegaiaren legea euskara gainbehera zihoan une batean. Urte batzuk geroago, euskara berpizten hasi zenean, ikastolen mugimendua, alfabetatze kanpainak-eta hasi zirenean, bere teoriek sekulako arrakasta izan zuten euskaltzaleen artean. Eragina ere, izugarria, euskal klasikoen tradizio idatzia erabat aldatzeraino. Bittor Hidalgok bere doktore tesian ikertu duenez, galdegaiaren kokagunea aldatu egin da nabarmen idazleen artean, Azkueren eta Altuberen teoriak azaldu zirenetik. Hori garbi ikusten da Hidalgok berak egindako taulan:

Galdegaiaren kokagunea

aldatu
Aditz ostean Aditz aurrean Bestela
Tradizioko euskaran % 79,0 % 10,8 % 10,2
Gaurko euskaran % 20,1 % 51,2 % 28,7

Arazoak, baina, hasi ziren euskara sartu zenean ordura arte ateak itxita izan zituen esparruetan: egunkarian, telebistan, irratian, eskolan, unibertsitatean, administrazioan… Komunikazio arazoak agertu ziren, batez ere Hego Euskal Herrian. Hala ere, oraindik ere Altuberen teoriek indar handia dute euskal gizartean.

Alor asko jorratu zituen Seber Altubek, bereziki hizkuntzalaritza, literatura, saiakera eta musika.

Hizkuntzalaritza

aldatu

Altuberen lan nagusiak euskal hizkuntzari eskainitakoak dira, eta zazpi sailetan bana daitezke:

  • Euskal sintaxia: “E. Alde” (1920) eta “Euskera” (1930, 1955, 1960).
  • Euskararen bizitza: “Euskera” (1920, 1934, 1936, 1959).
  • Euskararen batasuna: “Euskera” (1928), “E. Jakintza”.
  • Euskal azentua: “Gernika” (1951, 1952, 1953, “Euskera” (1932, 1934).
  • Euskararen morfologia: “Euskera” (1934).
  • Euskal hiztegia: “Euskera” (1920, 1933, 1960), “Homenaje a Urquijo I. lib. (351-360 orr.), “Eusk. Adisk. Bul.”, “E. Jakintza” (1940-1050), “Gernika” (1947), “Euskera” (III. eta IV. lib.), “Euskera” (1925).

Literatura

aldatu
  • Laztantxu eta Begitxu (1956).

Saiakera

aldatu
  • La fonction de la douleur (Paue, 1958).

Musika

aldatu
  • Cor Jesu. Musika bandarako martxa (1899).
  • Marijeriak. Lau gizonen ahotsetarako (1903).
  • Bagera zazpi probintzi (1903).
  • Mertxikaren lorearen ederra (1903).
  • Maite maite dotan aingeruarentzat (1903).
  • Zezenak dira (ama baten estualdiak) (1905).
  • Aita San Antonio (1908).
  • Uso zuria (1908).
  • Boga (1908).
  • Basoko izarra (1908).
  • Si iniquitates (1916).
  • Infensus hostis (1916).
  • Marijesiak, musika bandarako (1926).
  • Zezenak dira, musika bandarako (1926)

Aipamenak

aldatu
  • Patxi Altuna: “Altube bezalako gizonak ez ditugu euskaldunok dozenan hamahiru izan damurik”.
  • Miren Azkarate: “Altube izan da euskal gramatikarien artean sintaxiari lehentasuna eman dion bakanetakoa; horregatik, nire ustez, goi maila batean ipini beharko genuke. Ez sintaxiari lehentasuna emateagatik, bai eta puntu askotan egiten dituen bereizketa zehatzengatik ere”.
  • Xabier Mendiguren Bereziartu: “Seberoren teoriak, ondorengoen erruz, dogma bilakatu ziren, eta urte luzeetan idazleei erruduntasun konplexu bat ezarri ziguten. Altuberen esparrutik irteteko ahaleginak egitean. Zorionez, eta astiro bederen, ari gara beldur hori gainditzen eta ‘Average Standard European’ prosa modu baterantz hurbiltzen batuaren mailan”.
  • Mikel Zarate: “Hor izendatu doguzan idazlan horiek zein baino zein ederragoak dira gai aldetik eta, nahiz eta Altuberen denboratik hona aurrerabide handiak egin linguistika arloan, behar beharrezkoak dira euskara lanetan dihardutenentzako, bizkaitarrentzako batez ere. Euskalerri osoko euskaldunei begiratuta, zorrotzegia, estuegia da Altube, joskera arazoetan, batez ere”.
  • Jokin Zaitegi: “Azkue izan zen euskal joskeraren oinarriak edo arauak lehendabizikoz jarri zituena. Berak aurkitu zuen giltza. Arau horiei jarraikiz, Altubek zabaldu zituen haren ondorengo xehetasunak. Euskal idazleentzat ari izan zen Altube, baina erdaraz zoritxarrez. (…) Nolabait, Altube bera ohartu zen horretaz, Eusko-Gogoan euskaraz idatzi baitzituen ‘Erdarakadarik txarrenak’ izeneko lanak”.

Erreferentziak

aldatu
  • Altube, S. (1976) Erderismos, Euskaltzaindia, Bermeo.
  • Hidalgo, Bittor. (1994): Hitzen ordena euskaraz, Doktore-tesia (EHU / UPV).
  • Hidalgo, B. (1995): “Ohar estatistiko garrantzitsuak euskararen hitz ordenaren inguru. Euskara S.V.O.?”, in Fontes Linguae Vasconum, 70.
  • Hidalgo, B. (1996): “Hurbiltze bat euskal hitz-ordenaren tradizioari”, in Fontes Linguae Vasconum, 71.
  • Hidalgo, B. (1996): “Euskal joskeraren mito kaltegarriak (I). Nola idatzi euskaraz modu arin, ulergarri eta aberats batean”, in Zutabe, 35: 39-51.
  • Hidalgo, B. (1996): “Euskal joskeraren mito kaltegarriak (II). Euskararen hitz-ordena librea”, in Zutabe, 36: 21-27.
  • Hidalgo, B. (1996): “Euskal joskeraren mito kaltegarriak (III). Aditza maiz euskaraz esaldi hasieran”, in Zutabe, 37: 23-31.
  • Hidalgo, B. (1998): “Baina zer da euskal joskera”, in Administrazioa euskaraz, 21: 18-19.
  • Hidalgo, B. (2002) Hitzen ordena esaldian, Senez 25. zenb.
  • Hidalgo, B. (2003) Elkarrizketa. “Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da”. In Argia. Donostia.
  • Kaltzakorta, Mitxel. (2003): “Galdegai-lekua testu hastapenetan (I)”, in Hizpide, 54: 39-56.
  • Kaltzakorta, M. (2004a): “Galdegai-lekua testu hastapenetan (eta II)”, in Hizpide, 55: 43-59.
  • Kaltzakorta, M. (2004b): “Galdegai-lekua testu osoetan (I)”, in Hizpide, 56: 61-79.
  • Mitxelena, Koldo. (1981) "Galdegaia eta mintzagaia euskaraz". Euskal linguistika eta literatura: Bide berriak. Univ. de Deusto, 1981.
  • Mocoroa, Justo, eskutitza, Inazio Eizmendi “Basarri”-ri erantzunez. In Irigoyen, Alfonso. (1979) “Sebero Altube eta euskal hizkuntzaren pleguak”. Euskera, 1980.
  • Osa, Eusebio (1990) Euskararen hitzordena, Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Salaberri Muñoa, Patxi (2019) Seber Altube haur-jaleaz (joskera eta literatura bide), in Karmel 307 (3): 31-60.
  • Velez de Mendizabal, J.M. (1979) Sebero Altube. Sociedad Guipuzcoana de ediciones y publicaciones, S. A. Donostia.
  • Velez de Mendizabal, J.M. (2000) Sebero Albute (1879.1963). Bidegileak. Gasteiz.
  • Villasante, Luis. (1975 "Hitzaurre gisa". In S. Altube, Erderismos, Euskaltzaindia.
  • Villasante, L. (1980) Sintaxis de la oración simple. EFA. Serie Elizalde.
  • Zubimendi, J.R., Esnal, P. (1993) Idazkera-liburua. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu