Savukoski

Savukoskiko armarria
Armarria
Berezko izena Savukosken kunta
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Ekialdeko Lappiko azpieskualdea
Alkatea Antti Mulari
Sorrera 1916
Savukoski Finlandiako mapan
Koordenatuak 67°17′30″N 28°09′40″E / 67.29167°N 28.16111°E / 67.29167; 28.16111
Azalera
- Ur-azalera
6.495,95 km²[1]
57,30 km² (%0,9)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
1.035 (2017.08.31)[2]
0,16 bizt/km²
(2016)[2]
% 99,2 (ofiziala)
% 0,2
% 0,6
Webgune ofiziala

Savukoski (inariko samieraz, Suovvaguoika; ipar samieraz, Suovâkuoškâ) Finlandiako iparraldeko Lappi lurraldean dagoen udalerri handi bat da. 6.496,65 km² ditu, eta dentsitate txikieneko udalerria da, 1.200 biztanle inguru besterik ez baita han bizi. Azalera horren heren bat, natura babesteko eremuek osatzen dute; esaterako, Urho Kekkonen Parke Nazionalak, Kemihaara eta Tuntsa eremu basatiek eta Maltio eta Värriö natura erreserba hertsiek. Eremu horietan Lappi lurraldean nagusi den natura aurki daiteke: izeidiak (izei gorriak) eta pinudiak basoetan, arrano beltzak, belatz txikiak, elur-oreinak, igarabak eta jatunak faunan, eta abar. Izan ere, hamar elur-orein daude biztanle bakoitzeko.

Udalerrian Korvatunturi («Belarri mendixka») dago, Urho Kekkonen Parke Nazionalean eta Errusiako mugan. Mendixka horretan, finlandiar kondairak dioenez, Bizarzuri bizi da; bertatik, Finlandia haur guztien nahiak entzuten ditu. Mendixka honetatik ere, Lappi eta Finlandia osoko ibai garrantzitsuenetako bat sortzen da, Kemi. Ibai horrek udalerrian biztanle gehien dituen Savukoski kirkonkylä herrixka gurutzatzen du hegoaldean.

Finlandiako Dukerri Handiak 1916. urtean sortu zuen basogintzara eta elur-oreinen abeltzaintzara emandako udalerri hau; hala ere, gaur egun, turismoak geroz eta eragin handiagoa du diru-sarreretan. Gainera, 1967. urtean, Kemira GrowHow enpresak fosfato meatze bat ireki zuen; fosfatotik ateratzen da nekazaritzan ongarritzat erabiltzen den fosforo gehiena.

Ingurunea aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ekialdeko Lappiko ingurunea»
 
Finlandiar aldetik ateratako Korvatunturiren irudia elurpean.

Finlandiaren ipar-ekialdean dago udalerria, Lappiko eskualdean, eta ekialdean Errusiarekin egiten du muga. Bizilagunak Sodankylä mendebaldean, Pelkosenniemi hego-mendebaldean, Salla ekialdean, eta ipar-ekialdeko Verkhnetulomski errusiar udalerria dira. Savukoskik, guztira, 6.495,95 km²-ko azalera du; neurri horrek herrialdeko seigarren udalerri zabalena bihurtzen du. Dena den, Finlandiako gainontzeko udalerrietan gertatzen ez den bezala, ur-eremuak azalera horren ehuneko txikia hartzen du: %0,9 soilik. Udalerria inguru zingiratsuek, muino bakanek eta batik bat baso eremu zabalek osatzen dute; hain zuzen ere, Savukoski Ekialdeko Lappiko azpieskualdean dago, Lappiko eremu basotsu nagusian.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren gainean dago, 50 bat km iparrera; horrenbestez, gauerdiko eguzki eta gau zuri fenomenoak urtero izaten dira. Eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bukaeratik uztailaren bigarren astera. Bestalde, gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia neguko solstizioan gertatzen da, baina udalerriko iparraldeko muturrean bakarrik. Klimari dagokionez, Savukoskiko klima nagusia azpiartikoa da eta, ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Hilabete euritsuenak udakoak izaten dira, uztaila bereziki, eta lehorrena, aldiz, apirila. Eremu muinotsuetan, bestetik, klima polarra nagusitzen da, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[3][4].

Karelida mendilerroan zehazki, baso eta eremu paduratsu eta zingiratsuan.

 
Tulppio ibaiaren gaueko ordu bietako argazkia udan.

udalerriaren partean, aldiz, aipatzekoak dira izeidi (izei gorriak) eta pinudiak. Errusiako mugan Korvatunturi dago, "Belarri mendixka", finlandiarren ustez Bizar Zuri Gabonetako pertsonaia ospetsuaren etxea. Udalerria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen eta Lappi eta Finlandiako ibai nagusienetakoa den ibaia, Kemijoki ibaia, Korva mendixkan jaiotzen da. Kemijoki eta Värriöjoki ibaien inguruan, landare eta fauna multzo handia erakartzen duten padurak eta eremu zingiratsuak zabaltzen dira.

1960ko hamarkadan, Tuntsa Eremu Basatiko basoak erre zituen sute bat izan zen, Finlandian inoiz bizi izan den sute bortitz eta zorigaiztokoena. 20.000 hektarea baso erre ziren guztira Errusian eta Finlandian, eta hala hondatu zen natura berreskuratzeak urte asko eman zituen. Gaur egun, oraindik, sutearen kalteak ikus daitezke inguruko soilguneetan.

1967. urtean, Kemira GrowHow enpresak kudeatu eta ongarritzeko erabiltzen den fosforo kantitate ugari duen fosfatoa industeko meatze bat ireki zen.

Guztira, 157 aintzira daude Savukoskin, gehienak lurraldearen hegoaldean. Lappiko gainontzeko udalerriekin alderatuz gero, bertako aintzirak tamaina txikikoak dira; nabarmenak dira Seitajärviren ondoan dagoen eta 6,98 km²-ko azalera duen Arajärvi, Tanhuatik hurbil dagoen 3,94 km²-ko Kiurujärvi, Iso Akanjärvi eta Värriöjärvi aintzirak. Guztira, ur gezaz estalitako azalera Savukoskiko azalera osoaren %0,9 da (57,30 km²), herrialdeko udalerrien arteko ehunekorik baxuenetarikoa. Aintzirez gain, aipatzekoak dira eskualdeko ibai garrantzitsuak diren Kemijoki -552 km-ko luzera duena eta Kemihaaran sortzen dena-, eta 282 km luzeko Luiro, baita Nuortti eta Tenniöjoki ere. Urtero ibai hauen ur hotzetan murgiltzen den ehunka arrantzale iristen da udalerrira bertako amuarrain arruntak, aintzira amuarrainak, laponiako amuarrainak, koregonoak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak arrantzatzera.

Udalerriko azalera osoaren heren bat bertako natura zaintzeko sortutako eremuek osatzen dute. Ondorengoak dira zehazki Savukoskiko babestutako eremuak:

  • Kemihaarako eta Tuntsako eremu basatiak: Savukoskiren bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden bi eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta bertako abeltzaintza kultura eta elur-oreinen bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1997. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[5].
  • Maltioko eta Värriöko natura erreserba hertsiak: udalerriko fauna eta basoak babesteko sortutako eremuak dira. Hain zuzen, Maltioko Natura Erreserba Hertsia izan zen sortzen lehena, zehazki, 1956. urtean. Udalerriaren hego-ekialdean dagoen natura parkeak 147,46 km²-ko eremua hartzen du bere baitan eta hegaztien babesleku garrantzitsua da. Värriöko Natura Erreserba Hertsia, aldiz, 1981. urtean sortu zena, ipar-ekialdean dago, Salla eta Savukoski artean, eta, guztira, 125 km²-ko azalera du. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkeetan, elur-orein abeltzainek izan ezik; savukoskiarrek ere perretxikoak eta basafruituak biltzeko baimena baino ez dute izaten, sasoiaren araberakoa dena. Natura eremu hauetan elur-orein etxekotuen eta harraparien arteko harremanak ikertzen dira[6][7].
 
Nuorttijokiko arroilaren irudia udan.
  • Urho Kekkonen Parke Nazionala: Inari, Sodankylä eta Savukoski udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Lemmenjoki ondoren, herrialdeko babestutako eremu zabalena dena; guztira, 2.550 km²-ko azalera du. Parke nazionala 1983. urtean sortu zen eskualdeko arro nagusiena babesteko asmoz, izan ere, Ozeano Artikora eta Botniako Golkora doazen Lappiko ibai gehienak bertan sortzen dira. Animalia aniztasuna ere garrantzitsua da. Azken urteotan, natura parkea udalerriko ekonomiaren pisuzko osagarria bihurtu da, iaz, esaterako, 300.400 bisitari jaso baitzituen. Hala, oinezkoentzako, eskiatzaileentzako eta txirrindularientzako ibilbide ugari ireki dira, berrehun baino gehiago[8][9].

Udalerrian 130 bat hegazti espezieren habiak ikus litezke. Horietatik asko arriskuan dauden hegaztiak dira; esaterako, belatz handiak eta ipar-belatzak. Arrano beltza, bestalde, Urho Kekkonen Parke Nazionalaren ikurra da eta hegazti hau ikusteko ibilaldiak antolatzen direla. Gutxi gorabehera, hegaztien %70 migratzaileak dira. Udaran parkera iristen direnen artean daude birigarro txikiak, martxo hasieran bueltatzen diren ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, negu-txontak, negu-txirtak, okil hiruatzak, siberiar eskinosoak, txio horiak eta txoka txikiak. Hegazti asko zingira eta zohikaztegien inguruetan bizi eta bertako intsektuez elikatzen dira; hauen artean ditugu borrokalariak, istingorrak, kuliska pikartak, txirri lepokodunak eta urre-txirriak.

Harraparien eta beste ugaztun batzuen zerrenda ere luzea, guztira, hogeita bat espezie desberdin ikus litezke udalerrian; azeri gorri eta zuriak, hartz arreak, ipar-katamotzak, jatunak eta otsoak dira harrapari ezagunenak. Belarjale handien taldea, aldiz, altzeek eta elur-oreinek osatzen dute, eta erbiak, erbinude arrunt eta zuriak, igarabak, lepahoriak, satorrak eta satitsuak ere Savukoskiko basoetan bizi dira. Ur gezatako perla-ostrak eta amuarrainak ere ohikoak dira bertako ibai eta aintziretan[9].

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Savukoskiko historia»
 
Kemijoki ibaia XVIII. mendean.

Samiak izan ziren udalerriko biztanle nagusiak historiaurretik XVII. mendera. Harri eta Burdin Aroetako samien aztarnak aurkitu dira; hain zuzen, Finlandiako brontzezko arma zaharrena, k.a. 300. urtearen ingurukoa, Savukoskiko Kuosku herrixkan aurkitu zen. Garai haietan ibaiak zirenez komunikatzeko bide bakarrak, samiek beren bizimodu nomada alde batera utzi eta, esaterako, Kemijoki ibaiaren ertzean egonkortu ziren. Elur oreinen abeltzainak, arrantzaleak, ehiztariak eta biltzaileak ziren batik bat. Hala ere, XVII. mendearen hasieran, ibaietatik igotzen hasi ziren kristau errusiarrak iritsi ziren ingurune hauetara.

Bertara iritsi zen lehen finlandiarra Jaakko Karppinen izan zen, 1697. urteko idatzietan agertzen denez. Bertako ibaien emankortasunak finlandiar kolono gehiago erakarri zituen eta laster bertako sami biztanleria xurgatu zuen. Errusiarren eta suediarren arteko lurraldea zen, eta ika-mika asko izan zen bi inperioen artean, harik eta 1809. urtean Finlandia Errusiar Inperioaren esku gelditu zen arte. Finlandiak independentzia lortu baino urtebete lehenago, 1916. urtean, Finlandiako Dukerri Handiak udalerri izendatu zuen Savukoski.

 
Jarraipenaren Gerran sobietarrek hildako haur zibilak Seitajärvi herrixkan.

Errusiako mugan dagoenez, II. Mundu Gerrak erdi-erdian harrapatu zuen udalerria. Finlandiarrak, sobietarren beldur ziren eta haien independentzia estatusa mantendu nahian, Alemania Naziarekin tratuetan hasi ziren. Neguko Gerra hasi zen. Udalerriko biztanleak ebakuatuak izan ziren SESB Salla udalerri bizilaguna erasotzen hasi zirenean. Gerra amaitu ostean, alemaniarrek zuzenki parte hartu zuten beste gerra bat hasi zen, Jarraipenaren Gerra. Gerra honetan, sobietarrek, ezustean harrapatu zituzten Kuosku eta Seitajärvi herrixketako biztanleak eta asko hil egin zituzten herrixkak erre ostean. Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu ondoren, alemaniarrak nazkaturik, herrialdetik irteterakoan Savukoski osoa erre zuten.

Berregituratzea luzea izan zen, ia hogei urte iraun zuen. Gainera, 1960ko hamarkadan Tuntsa Eremu Basatiko basoak erre zituen sute bat izan zen, Finlandian inoiz bizi izan den sute bortitz eta zorigaiztokoena. 20.000 hektarea baso erre ziren guztira Errusia eta Finlandian eta bertan hondatu zen natura berreskuratzeak urte asko eman zituen. Gaur egun, oraindik, sutearen kalteak ikus daitezke inguruko soilguneetan.

Savukoskiko herriak[10]
Lunkkaus
Viitaranta
Savukoski
Kuosku
Nousu
Kemihaara
Kiurujärvi
Martti
Ainijärvi
Sokli
Tulppio
Ruuvaoja
Lattuna

1967. urtean, Kemira GrowHow enpresak kudeatu eta ongarritzeko erabiltzen den fosforo kantitate ugari duen fosfatoa industeko meatze bat ireki zen. Nahiz eta, gaur egun, biztanle gehienek elur oreinen zaintzan, basogintzan eta zerbitzu sektorean lan egiten duten.

Administrazioa aldatu

Banaketa aldatu

Finlandiako Dukerri Handiak sortu zuen udalerria 1916. urtean, gaur egun, Savukoski osatzen duten herrixkak batu zituenean. Gaur egun, biztanleriaren ehuneko gehiena hegoaldean bizi da, Kemijoki ibaiak zeharkatzen duen Savukoski kirkonkylä delako herrixkan. Hala ere, udalerrian zehar herrixka gehiago daude.

Hauek dira Savukoskiko herrigune garrantzitsuenak:

  • Ainijärvi
  • Kemihaara
  • Kiurujärvi
  • Kuosku
  • Lattuna
  • Lunkkaus
  • Martti
  • Nousu
  • Ruuvaoja
  • Savukoski
  • Seitajärvi
  • Sokli
  • Tanhua
  • Tulppio
  • Värriö
  • Viitaranta

Garraio azpiegiturak aldatu

Savukoski udalerri zabala den arren, garraio azpiegitura gutxi ditu. Ez dago horren iparrera doan trenik (tren-geltoki hurbilenak Kemijärvi eta Sallan daude, 90 bat km-ra), eta aireportu hurbilena Sodankyläko aerodromoa da, elizatetik 90 km mendebaldera. Hala, herrien artean ibiltzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da.

 
Seututie 965 errepidea.

Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide nagusiak:
965 Seututie 965: Pelkosenniemi – Savukoski – Kelloselkä
967 Seututie 967: Sodankylä – Tanhua - Värriö - Savukoski

 
Elur-oreinak Seututie 967 errepidean.

Seututie 965 errepidea Pelkosenniemin hasi eta udalerria zeharkatzen du hego-mendebaldetik hego-ekialdera. Lunkkaus, Elizatea, Kuosku eta Nousu herrietatik igarotzen da, Sallako Kelloselkä herritik gertu Kantatie 82rekin elkartzen den arte; guztira, 98 km. Bestalde, Seututie 967ak Sodankylä eta Savukoski udalerriak lotzen ditu; zehazki, 89 km-an Sodankyläko Elizatea, Kiurujärvi, Tanhua, Värriö eta Savukoskiko Elizatea bat egiten ditu[11].

Hezkuntza aldatu

Herrialdeko hezkuntza sistemaren arabera, sei urtera arteko ikaskuntza "peruskoulu" izena duten eskolatan ematen da; udalerrian, eskola ofizial bakarra dago Savukoskiko Elizatean. Aspaldian, Viitaranta, Värriö, Tanhua, Lunkkaus, Korvatunturi, Tenniö eta Nousu herriguneetan ere haur eskolak izan ziren, dena den, XXI. mendearen hasierarako denek ateak itxi behar izan zituzten haur faltagatik. Bestalde, Derrigorrezko Hezkuntza 7 urtetik 16ra izaten da Finlandian. Zortzi urteko ikasbidea ikastetxe berean jasotzen dute savukoskiar ikasleek, Elizateko Korvatunturiko eskolan (Korvatunturin koulu) lehenengo eta Savukoskiko Institutuan (Savukosken lukio) ondoren[12][13].

Azkenik, aipagarria da Sompioko liburutegia. 2009. urteko urtarrilaren 1ean ateak ireki zituen liburutegi hau Pelkosenniemi, Sodankylä eta Savukoski udalerrien arteko egitasmo baten eskutik iritsi zen. Egoitza nagusia Sodankylän dagoen arren, autobus ibiltariari esker liburutegiak hiru udalerrien artean mailegu zerbitzu zabala eskaintzen du. Hain zuzen, Sompioko liburutegia Lappin sortutako lehenengo eskualde-liburutegia izan zen eta, guztira, ia ehun mila liburuko bilduma du; hala, Finlandia iparraldeko liburutegi handienetakoa da[14].

Osasuna aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lappi Ospitale Barrutia»

Lappi bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta, bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia.

Familiako edo etxeko mendikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta hauek udalerrian bertan dauden osasun-etxe eta eskualde-erietxetan egiten dute lan. Osasun zentro hauek ospitale txiki modukoak dira; laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, x izpi makinak dituzte eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte eta, ondorioz, ospitale handiak hiri nagusienetako eskakizunak betetzeko baino ez daude. Guztira, hamabost osasun-etxe (udalerri bakoitzeko bat) eta bi erietxe daude Lappi Ospitale Barrutian; Lappiko Ospitalea erietxe nagusia, hain zuzen ere, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin. Savukoski eta Pelkosenniemi udalerriek, bestalde, elkarlanean dihardute osasun arloan, eta bi elizateetako zentroen artean banatzen dituzte zerbitzu nagusiak[15][16].

Hiri senidetuak aldatu

Udalerriak atzerriko hainbat udalerrirekin akordioak adostu ditu elkarren arteko harremanak estutzeko asmoz[17]:

¹Ekialdeko Lappiko gainontzeko udalerriekin batera.

Udala aldatu

Savukoskiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2017ko apirilaren 9an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Savukoskiko Udalbatza[18]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa  
-- Zentroko Alderdia 7   2 % 49,9
-- Koalizio Nazionala 4   0 % 29,9
-- Ezker Elkartasuna 2   1 % 14,5

Udalbatza 13 ordezkarik osatzen dute eta egungo talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Hain zuzen, 2017ko udal hauteskundeetan, Finlandiako landa giroko udalerri gehienen antzera eta Lappi osoan bezala, Zentroko Alderdia izan zen garaile. Guztira zazpi ordezkari lortu zituen, aurreko legealdiko udalbatzan izan zituen baino bi gutxiago; hala ere, kontuan izan behar da egungo udalbatzak aurrekoak baino 4 eserleku gutxiago dauzkala. Jasotako 337 botoek erabateko gehiengoa eman zieten zentrokoei, eta beste lau urtez udalerriaren gobernua osatzeko aukera eman zieten. Alderdi Nazionalak, bestalde, gorakada nabarmena izan zuen eta botoen %29,9ri esker lau zinegotziak mantendu ahal izan zituen. Azken alderdia Ezker Elkartasuna izen zen, botoen %14,5 eta bi eserleku eskuratu zituena, aurrekoan baino bat gutxiago.

Udal hauteskunde hauen ostean, eratu berria zen udalbatzak gehiengo osoz Antti Mulari alkate izendatu zuen. Gobernu berriak, aldiz, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Zentroko Alderdiaren kidea den Raimo Haapakoski. Hurrengo udal hauteskundeak 2021. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

 
Luiro ibaiaren ur-lasterrak Tanhuan.
 
Tanhua herriaren ingurua udaran.

Biztanleria aldatu

Antzina, samiak ziren udalerri honetako etnia nagusi; hala ere, industrializazioaren, kristautzearen eta finlandiar etorkinen ondorioz, samiek iparraldera migratu behar izan zuten, Enontekiö, Inari eta Utsjoki udalerrietara batez ere. Gaur egun, samiak biztanleria osoaren % 1 baino ez dira. Hizkuntza nagusi eta ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, % 99,6 biztanleren lehen hizkuntza da.

Biztanleriaren bilakaera[19]
1920 1930 1950 1960 1970 1980 1985 1990 1995 2000 2005 2010 2015 Egun
818 1.084 1.758 2.167 2.183 1.931 1.881 1.774 1.660 1.472 1.303 1.178 1.092 1.035

Estatistiken arabera, hamalau urteko beheko biztanleria %11,7 a da, eta hirurogeita bost urteko gorakoak aldiz, %23,4a.

Samiak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia» eta «Sápmi»

Udalerriko iparralde zatia, samien lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean; hala ere, biztanleriaren % 1 baino ez da etnia horretakoa, eta bakarrik % 0,1ek hitz egiten du samieraz lehen hizkuntza gisa (tokiko dialektoa den ipar samieraz, zehazki). Lappi lurralde osoan bezala, bertan bizi diren samiek legeen eta eskubide berezien babesa dute euren hizkuntza eta kultura gal ez dadin, baina samieraz ikasi nahi badute Enontekiö, Inari edo Sodankylä udalerrietako eskoletara joan behar izaten dute; izan ere, samiera ez da udalerriko hizkuntza ofiziala.

Kultura aldatu

 
Savukoskiko armarria

Armarria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Savukoskiko armarria»

Armarria Heikki Paaer artistaren lana da eta udalbatzak Savukoskiko ikur nagusitzat hartu zuen 1956. urteko abenduaren 14an (Barne Ministerioak hurrengo urteko apirilaren 17an onartu zuen). Bertan agertzen diren irudiekin, egileak udalerria antzinako kultura eta bizimoduarekin lotu nahi izan zuen; zelai beltzaren aurrean, urrezko zutikako sami biltegi tradizionala dago, sustraiak dituen enborrak lurretik goratzen duena. Biltegi hauek, hain zuzen ere, samiek tresnak eta bizi hornigaiak gordetzeko erabiltzen zituzten eraikinak ziren, lurzorutik egurrezko zutabeen bidez altxatzen zituztenak. Hala, sustraiak diruditen zutabeek, eta oro har armarriaren sinbolismoak, udalerria eta antzinako kulturaren arteko zubi lana egiten du, alegia, egungo savukoskiarren eta jatorrizko sami biztanleen arteko lotura. Azkenik, aipatzekoa da Savukoskiko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua negualdean irudikatzen dutenak[20].

Ospakizun bereziak aldatu

 
Elur oreina.

Udalerriko egun berezienak, Savukoski Eguna den uztailaren 12a eta Korva mendixkan emakumeentzako antolatzen den Triathlon txapeleketaren eguna (abuztuaren 2a) dira.

Ekonomia aldatu

1967. urtean, Kemira GrowHow enpresak kudeatu eta ongarritzeko erabiltzen den fosforo kantitate ugari duen fosfatoa industeko meatze bat ireki zen. Hala ere, gaur egun, biztanle gehienek elur oreinen zaintzan, basogintzan eta zerbitzu sektorean lan egiten duten. Izan ere, eremu babestuek erakartzen duten turismoak eragina handitu du azken urteotan eta Urho Kekkonen Parke Nazionala eta Tuntsa Eremu Basatiko basoak berreskuratzeari esker [21].

elur motor safaria, udako txirrindularitza, husky txakurrek gidatutako lera safaria, Kemijoki ibaiko arrantza, eremu babestuetako ibiltaritza eta piraguismoa bezalako ekintzak praktikatu daitezke bertako azpiegiturei esker.

Elur orein zaintzak diru-sarreren ehuneko garrantzitsuena du, hala nola, hamar elur orein baitaude biztanle bakoitzeko.

 
360 graduko ikuspegia Korvatunturiren gailurretik.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
  2. a b Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
  3. Expedia - Kamoslaskuri Savukoski. 2018.01.03
  4. Revontulten 2010.12.17
  5. Kemihaaran ja Tuntsan erämaa-alueet[Betiko hautsitako esteka] 2013.04.25
  6. Ymparisto - Luonto. Natura 2000 alueet Maltion luonnonpuisto. 2017.12.26
  7. Ymparisto - Luonto. Natura 2000 alueet Värriön luonnonpuisto. 2017.12.26
  8. Metsähallitus Käyntimäärät kansallispuistoittain 2016. 2017.11.14
  9. a b Urho Kekkonen kansallispuisto[Betiko hautsitako esteka] 2013.04.27
  10. Fonecta 2017.12.22
  11. Liikennevirasto Info. 2017.12.23
  12. Opetustoimi Savukosken koulut. 2017.12.27
  13. Peda Korvatunturin koulu ja Savukosken lukio. 2017.12.27
  14. Sompion kirjasto 2017.12.27
  15. Savukosken kunta Terveyskeskus. 2017.12.30
  16. Pelkosenniemi - Terveyskeskus Pelkosenniemen-Savukosken kansanterveystyön kuntayhtymä. 2017.12.30
  17. Savukoski - Yleistä 2017.12.23
  18. Kuntavaalit 2017, Savukoski Oikeusministeriö 2017.06.08
  19. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
  20. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 158 or. ISBN 951-773-085-3..
  21. Savukoskiko udala

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu