Sara Gandara

Euskal kazetari eta telebista aurkezlea

Sara Gandara Aller (Lezama, Bizkaia, 1981eko uztailaren 22a) bizkaitar kazetari eta telebista aurkezlea da, Euskal Telebistaren aurpegi ezagunenetako bat. 2004an Kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Idatzizko kazetaritzan hasi zuen bere ibilbidea, kirolen ataletan lanean, eta hastapenetan Euskal Telebistako kirol erredakzioan aritu zen bekadun. Kameren aurreko lehen lana Hamaika Telebistan izan zuen 2009an, eta 2011n ETB1eko kirol albistegiak aurkezten hasi zen. Estropadak aurkezteagatik ezaguna, asteburuetako eguraldi iragarpena aurkezten hasi zen 2012an, eta ordutik Euskal Telebistako bi kateetan ibilbide oparoa izan du, erregistro ezberdinetako hainbat saio aurkeztuz. 2016 urteaz geroztik ETBko urte amaierako kanpaikadak aurkezten ditu zuzenean, eta gaur egun ETB2ko Teleberri Kirolak albistegiko gidaria da.

Sara Gandara
Sara Gandara (cropped).jpg
Bizitza
Jaiotza Lezama1981eko uztailaren 22a (38 urte)
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Heziketa Euskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak kazetaria eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k) Euskal Irrati Telebista
IMDb nm7010831

BizitzaAldatu

Lehen urteakAldatu

Jose Gandara eta Ines Allerren alaba da. Gurasoak Euskal Herritik kanpokoak ditu eta euskara ez da bere ama hizkuntza, baina ikasketa guztiak euskaraz egin ditu.[1] Lezamako eskolan eta Derioko institutuan ikasi zuen.

Selektibitate proba gauzatu ostean ez zuen argi zer ikasi nahi zuen, baina horretarako nota soberan zuenez Kazetaritza ikasketak hasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, gero Publizitatea eta Harreman Publikoak ikastera aldatzeko asmoz. Hala ere, lehen bi urteak egin ondoren bertan jarraitzea erabaki zuen eta 2004an lizentziatu zen.[2]

HastapenakAldatu

Lizentziatu eta jarrain EITBko kirol erredakzioan praktikak egin zituen. Hastapenetan behin-behineko kontratu laburrekin aritu zen lanean, bekadun, udan edota asteburu batzuetan ordezkapenak egiten. Lehen urte hauetan Europa Press agentziarako ere egin zuen lan. Lanerako deien zain egon beharrak ezinegona sortu zion, eta Pedro Mari Goikoetxea kirol zuzendariak kontratu luzeagoak eskaintzea ez zela posible esan zionean kazetaritzarekiko ilusioa galdu zuen.[3]

Hiru urtez kazetaritzatik aldenduta ibili zen. Zerbitzari gisa egin zuen lan eta urte erdi Corken (Irlanda) igaro zuen ingeles maila hobetzeko. Itzuli zenean idazkari lanetan aritu zen Bilbao Basketen, baita marketing bulego batean eta ekitaldiak antolatzeaz arduratzen zen enpresa batean ere.[1] Urtebete langabezian igaro zuen, kamera-operadore ikastaro bat egiteko aprobetxatuz.[3]

Kazetaritzara itzuleraAldatu

2009an berriz ere kazetari lanari ekin zion, Deia egunkariaren Hemendik eranskinean hasiz. Urte berean kameren aurreko lehen lanari ekin zion, aurretik erredaktore lanak baino ez baitzituen egin, Hamaika Telebistako Bat eta bat iluntzeko albistegian. Lanaldi erdian aritu zen lanean, goizetan Nickdutnik ekoizpen etxean egiten zuen lan eta horretaz gain ETB3ko saio bati ahotsa jartzen ibili zen, baita autonomo gisa itzulpenak egiten (Mara-Mara eta Abenturaroa) ere.[4]

Kazetaritzarekiko ilusio berreskuratu zuen eta 2011n Jose Ituarterekin hitz egin zuen, lan-poltsan berriz sartzeko prest zegoela esanez. 2011 eta 2012 bitartean Gaur Egun albistegiko Kirolak tartea aurkeztu zuen, baita Zu Kirolari saioa ere.[5] 2012ko udan San Miguel Ligako estropada emankizunetan aritu zen lanean.[2] Estropadak amaitzear zeudela Urko Aristirekin elkartu zen, eta Eguraldia aurkezteko eskaintza egin zion. Baiezkoa eman zion, eta astebeteko ikastaroa egin ondoren ETB1 zein ETB2 kateetan asteburuetako eguraldi iragarpena aurkezteari ekin zion.[6] Ordutik Euskal Telebistaren aurpegietako bat bihurtu da.

Euskal Telebistan egonkortzeaAldatu

2013an Ya queda menos umore saioa aurkeztu zuen Oscar Terolekin batera, audientzia datu eskasengatik amaitu zen arte.[7] 2013ko udan Ongi Etorri ETB2ko saioa aurkeztu zuen Patricia Gaztañaga ordezkatuz. 2013-2014 denboraldian Euskal Herria Zuzenean arratsaldetako magazina aurkeztu zuen ETB1en, eta Duelo en la cocina saioa ETB2n.[8][9]

2014ko udan eguraldiko aurkezlea izaten jarraitu zuen, eta 2014-2015 denboraldian kirolak aurkeztera itzuli zen. 2014ko urte amaierako kanpaikadak aurkeztu zituen, lehen aldiz ETBren bi kateentzako egindako emanaldian.[10] 2015ean Oreka saioa aurkeztu zuen ETB1en, emakumeen kirola bultzatzea helburu zuena.[11] 2015eko maiatzaren 30ean Espainiako Kopako finalaren (Atheltic Club Bartzelonaren aurka) harira ETB1ek eskainitako saio berezia aurkeztu zuen.[12]

2016ko udan Objetivo Chimborazo reality saioa aurkeztu zuen ETB2n, beste autonomia erkidego batzuetako kateekin batera egina.[13] 2016-2017 denboralditik aurrera ETB2ko kirol albistegietako gidaria da.[14] Era berean, 2016 urteaz geroztik Euskal Telebistako urte amaierako kanpaikadak aurkeztu izan ditu zuzenean, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabalekin batera. 2020an, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera zela eta, Eguraldia aurkeztu zuen 10 astez ETBk albiste-zerbitzuetan egindako egokitzapenen ondorioz.[15]

Euskal Telebistan egiten duen lanaz gain beste zenbait komunikabiderekin ere kolaboratzen du, besteak beste Aikorǃ Txorierriko aldizkarian zutabeak idazten eta Ttap aldizkari digitalean elkarrizketak gauzatzen.

Bizitza pertsonalaAldatu

Txikia zela areto-futbolean jokatzen hasi zen, eta institutuko taldean zein Zamudioko Iraultza taldean aritu zen aurrelari.[16] Belauneko lesio baten ondorioz jokatzeari utzi behar izan zion. Bere gustoko beste jarduera batzuk pilates, padel, patinajea eta boxeoa dira, baina azken hori egiteari utzi zion trapezioak handitu zitzaizkionean.[1] Aisialdian pintura eta brikolajea ditu gustoko.[3]

Literaturan ere aritu izan da. Lezamako udalak antolatutako Mikel Zarate Haur Literaturako Sarira aurkeztu zuen bere lehen lana, baina ez zuen irabaztea lortu. 2014an Txorierriko ipuin lehiaketa irabazi zuen 16 urtetik gorakoen kategorian, Izotza bezain hotz izeneko ipuinarekin.[17]

LanakAldatu

Telebista saioakAldatu

Saioak
Urteak Izenburua Telebista katea Oharrak
2009 Bat eta bat Hamaika Telebista
2011-2012 Gaur Egun Kirolak ETB 1
2011-2012 Zu Kirolari ETB 1
2012 30 Urte Gozaaaatzen! ETB 1 Urtezaharreko saioa (gonbidatua)
2012-2013 Eguraldia ETB 1 eta ETB 2 Asteburuetako aurkezlea
2012 Mihiluze (1000. saioa) ETB 1 Lehiakide gonbidatua
2013 Ya queda menos ETB 2
2013 Ongi Etorri ETB 2 3 saio, udako ordezkapena
2013-2014 Euskal Herria Zuzenean ETB 1
2013-2014 Duelo en la cocina ETB 2
2014 Eguraldia ETB 1 eta ETB 2
2014-2015 Gaur Egun Kirolak ETB 1
2014-2015 15 baietzǃ ETB 1 eta ETB 2
2015 Oreka ETB 1
2016 Objetivo Chimborazo ETB 2
2016-2017 Kaixo 2017! ETB 1 eta ETB 2
2016-2020 Teleberri Kirolak ETB 2
2017-2018 Kaixo 2018! ETB 1
2018 Gure kasa ETB 1 Gonbidatua (atal 1)
2018 Gailurra Xtreme ETB 1 Gonbidatua
2018-2019 Kaixo 2019ǃ ETB 1 eta ETB 2
2019 Sukaldaria ETB 1 Offeko ahotsa
2019 Historias a bocados ETB 2 Offeko ahotsa
2019 Escapadas ETB 2 Offeko ahotsa
2019-2020 Kaixo 2020ǃ ETB 1 eta ETB 2
2020 Eguraldia ETB 1 eta ETB 2 Egokitzapena (10 aste)

BestelakoakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b c «Sara Gandara, kazetaria: “Monotoniak akabatu egit - Txorierri» Aikor.eus . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  2. a b Oviedo, Aitor. (2013-04-17). «Sara Gandara: “Bat-batean kazetaritzarekiko xarma galdu nuen, eta alde batera uztea erabaki nuen”» ahotsaskea . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  3. a b c Unknown. (2014-09-22). «Rock´N´Talk: ENTREVISTA A SARA GÁNDARA, periodista» Rock´N´Talk . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  4. Etura, Iñaki Lasa. ««Lan honetan, gaur olatuaren aparrean zaude, eta bihar, ez dakizu non»» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  5. (Gaztelaniaz) «Sara Gandara | EITB Presentadores del Tiempo| EiTB Presentadores del Tiempo» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  6. Urkizu, Urtzi. «Informazio eskaintza indartuko du ETBk datorren astelehenean» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  7. «Sara Gandara: "Terolen proposamenari pentsatu gabe esan nion baietz" - Debagoiena» Goiena.eus . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  8. Urkizu, Urtzi. «Etzi amaituko da ETB1eko 'Euskal Herria Zuzenean'» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  9. Garcia, Adrian. «Ekoizleen garrantzia nabarmenduko du 'Duelo en la cocina' saioak» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  10. Urkizu, Urtzi. «Lehen aldiz Urtezahar gaueko kanpaiak euskaraz, ETB1 eta ETB2n» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  11. Urkizu, Urtzi. «Eskubide batzuk galdu eta gero, lau kirol saio jarri ditu martxan ETBk» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  12. Urkizu, Urtzi. «Hedabideak, finalari begira» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  13. Urkizu, Urtzi. «Gastronomia lehiaketetan ibiliko dira udan, 'Nor bere saltsan'» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  14. Urkizu, Urtzi. «Iban Garatek aurkeztuko du gaueko 'Gaur egun' albistegia» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  15. (Ingelesez) «Sara Gandara on Instagram: “Ezhoiko egoera, ezhoiko erabakia. Zazpi urteren ostean, Eguraldian berriro. Elkarri laguntzeko gaude! // Situación excepcional, respuesta…”» Instagram . Noiz kontsultatua: 2020-04-09.
  16. Marina, Itxaso. (2008-05). «“Alde handia dago oraindik kirolean gizonen eta emakumeen artean”» Aikorǃ - Txorierriko aldizkaria . Noiz kontsultatua: 2019-12-31.
  17. EH Zuzenean (ETB 1). (2014ko urtarrilaren 31a). 'Izotza bezain hotz' ipuinagatik saritu dute Sara Gandara Derion. . Noiz kontsultatua: 2018ko urtarrilaren 5a.