San Joan iratze
San Joan iratzea edo trumonira[1] (Osmunda regalis) Osmundaceae familiako iratze-mota da, Eurasia eta Afrikan jatorria duena.[2]
San Joan iratze | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Klasea | Polypodiopsida |
Ordena | Osmundales |
Familia | Osmundaceae |
Generoa | Osmunda |
Espeziea | Osmunda regalis |
Taxonomia
aldatuLineok deskribatu zuen Zientziarako 1753. urtean, Species Plantarum liburuan.[3]
Generoaren Osmunda izena saxonierazko "Osmunder" izenetik dator, Thor jainkoaren izendatzeko erabiltzen zutena. Espeziearen regalis izenak "oparia" esan nahi du. Europako iratze handiena eta ikusgarriena denez "Thorren oparia" esan nahiko luke.[4]
Lau barietate ditu:
- Osmunda regalis var. regalis.
- Osmunda regalis var. panigrahiana R.D.Dixit.
- Osmunda regalis var. brasiliensis (Hook. & Grev.) Pic. Serm.
- Osmunda regalis var. spectabilis (Willdenow) A.Gray.
Ipar Amerikan bada Osmunda spectabilis espeziea, autore batzuek espezie bera dela dioten arren.[5]
Eboluzioa
aldatuPaleozenoan aurkitu dira Osmunda generoaren fosilik zaharrenak. Triasikoan agertu zen Claytosmunda fosilaren eboluzioz sortu zen.[6]
Deskribapena
aldatuHorizontalki hedatzen den zurezko errizoma lodi batetik hazten dira zurtoinak. 40-170 cm garai izan daitezke, bakunak eta tenteak. Batzuetan 2'5 metrotakoak izatera ere iristen dira. Zurtoin batzuk begetatiboak dira eta beste batzuk, erdian kokaturik daudenak, emankorrak.[3]
Hostoak bitan zatituak daude eta hostotxoak osoak edota asimetrikoak izan daitezke. Esporangioak daramatzaten goialdeko hostoxkak galburuak dirudite. Berde argiak dira.
Habitata
aldatuErreka ertzetan eta haltzadi laiotz eta hezeetan bizi da, 900 metro arteko altueran[7]. Zohikaztegietan ere agertzen da.[8]
Euskal Herriko isurialde atlantikoan, Bizkaiko Itsasoko ertzean bezala, sarritan aurkitzen den iratzea da. Hala ere, Sobrón aldeko populazioa bakartuta dago, eta gertuen dauzkan populazioak Izkiko mendietakoak (Araba) dira.[9]
Ugalketa eta bizi-zikloa
aldatuUdaberrian eta udan ateratzen dira esporangioak kolore laranja-arrea hartzen dutenak.[9] Esporangio hauek ez daude soroetan multzokatuta.[3] Han gordeta dauden esporak berdexkak dira, klorofila dutelako, eta protalo berri bat eratzen dute.[3]
Mehatxua
aldatuEspezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "interes bereziko espezie" gisa sailkatuta dago.[9]
Populazioaren tamaina txikia eta bakantasuna dela eta, oso landare ahula da edozein jardueren aurrean, hala nola, komunikazio-sareak hobetzeko lanak edo sare elektrikoetarako sarbideak mantentzeko lanak. Edozein eraldaketek populazioa kalte dezake, hala nola, duela gutxi egindako zuhaitz-mozketak, zuhaitzak moztu eta arrastaka eramatean eragindako kalteak ez ezik, iratze-multzo batzuk argipean gelditu dira, eta hori oso arriskutsua da hegoaldeko lurralde horretan, basoaren babesa baita iratze eder honek gehien behar duena.[9]
Ohiturak
aldatuSan Joan iratzea eta trumonira (trumoi iratzea) izenak ematen zaizkio landare honi.
Resurreccion Maria Azkuek Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia (Diccionario vasco-español-francés) (1906) liburuan jasotako ohitura batek dio ereinotza eta iratze hau San Joan Bataiatzailearen elizatan bedeinkatzen dela eta gorde egiten dela trumoiak ari direnean erretzeko: "Ereiñotza ta trumonirea, orduko bedeinkatuta, teilla-ganean atarian erre oi dira trumoi-egunetan: urtean enparetan direanak doniane-bezperan erreten doguz".[10]
Antonio Zavalak Esaera zaarren bilduma berria (1985) liburuan esaera hau jaso zuen: Trumoi-ira ta eriñotzak, baserrian lez itxasoan trumoiari lotsa.[10]
Iruditegia
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ Germplasm Resources Information Network: Osmunda regalis
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Osmunda regalis L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ Coombes, Allen J.. (2012). The A to Z of plant names : a quick reference guide for gardeners. Portland, Or. : Timber Press, 220 or. ISBN 978-1-60469-196-2. (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ (Ingelesez) «Osmunda regalis L. | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ (Ingelesez) Bomfleur, Benjamin; Grimm, Guido W.; McLoughlin, Stephen. (2017-07-11). «The fossil Osmundales (Royal Ferns)—a phylogenetic network analysis, revised taxonomy, and evolutionary classification of anatomically preserved trunks and rhizomes» PeerJ 5: e3433. doi: . ISSN 2167-8359. (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Osmunda regalis L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ Javier Peralta de Andrés. (2016). Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000 Comarca Agraria I: Noroccidental - Memoria. Nafarroako Gobernua - Trabajos Catastrales S.A..
- ↑ a b c d «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).
- ↑ a b «trumonira - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-11).