Salutxu Etxebarria

dantzaria, aurreskularia

Salutxu Etxebarria Garay (Baranbio, Amurrio, Araba, 1924ko ekainaren 6a- Laudio, Araba, 2008ko urriaren 18a) dantzaria izan zen, lehenengo emakume aurreskularia, Uruñuelaren aurreskua bizkaitarra dantzatzen

Salutxu Etxebarria

Bizitza
JaiotzaBaranbio1924ko ekainaren 6a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
Heriotza2008ko urriaren 18a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakdantzaria

Biografia aldatu

Lehen urratsak aldatu

Jose Uruñuela Fernández de Larrea musika konpositorea Baranbion bizi zen eta bera izan zuen Salutxuk dantza eta musika irakasle, beste batzuren artean. Jose Uruñuela zientzia kimikoetan lizentziaduna bazen ere, euskal musika eta dantza zaletasun handia zuen. Hori dela eta, Salutxuren herrian senide batzuekin egotean, Arabako Baranbio herri txikian Itxarkundia dantza eta kantu taldea osatzera animatu eta hor sartu zen Salutxu bi taldeetako kide, oraindik ia haur bat zela. Laster nabarmendu zen euskal dantza arloan, eta, izar dantzari gisa, Uruñuelaren aurresku bizkaitarra protagonizatu zuen herri askotan eta Arabako antzokietan, oihartzun handia lortuz.

Erbestean dantzari aldatu

1936ko estatu-kolpearen ondorioz, Etxebarria Garay familia osoak Baranbiotik ihes egin behar izan zuen eta penintsulako hainbat lekutatik ibili ziren harik eta Herrialde Katalanetara iritsi eta Pedralbes jauregian ostatu hartu arte. Jauregi horretan, euskal dantzak irakasteko ardura eman zitzaion, gerrako zorigaitzari eta ezinegonari aurre egiteko irtenbide gisa.

Ondoren, muga zeharkatu eta Kanbora joan ziren, eta han dantzari eta euskal dantzen irakasle aritu zen. Behin leku finkoa aurkitu zutenean, familia osoak Frantziako Landetako departamentura jo zuen. Han, Monsieur Bennesse eskolako irakaslearen eskutik, euskal-landar dantza talde bat osatu zuten, Les Petits Danseurs de Yosse izenekoa, beti txistu eta danbolin soinuaren laguntzaz. Batzuetan, Luis eta Carmelo nebak joaten ziren Salutxurekin Uruñuelako aurresku bizkaitarra egiten bikote gisa.

Frantziako lurraldean Uruñuelako aurresku bizkaitarra hainbat lekutara eraman zuen: Parisera (aurreskua dantzatuz Jose Antonio Agirre Lehendakariaren aurrean), Reimsera zein Nîmesera.

 
Salutxu Etxebarriari omenaldia

Itxarkundia dantza taldea aldatu

Erbestean 17 urte eman ondoren, Etxebarria Garay familia, 1953an, behin baimena lortuta, bere jaioterrira itzuli zen. Baranbiora iritsita, Francisco Guaresti Zaballarekin (Patxi) ezkondu zen Salatxu, eta 4 seme-alaba izan zituen.

Lan-gorabeheren ondorioz, familia Laudiora joan zen 1961 eta 1962 bitartean.[1] Salutxuri bere bizitzako pasioa berriro piztu zitzaion, sekula desagertu ez zitzaiona, eta bere seme-alabei euskal dantza eta musikaren arteak irakasten zizkien sukaldeko baldosen gainean. 1978an Itxarkundia dantza taldea sortu zuen,[1] Baranbioko txikitako taldearen izen berberarekin, eta 13 urtez zuzendu zuen taldea, harik eta 1991n gaixotasunagatik ardura utzi behar izan zuen arte.[2]

Hizkuntza aldatu

Euskara maitatu bazuen ere, berak ez zuen hitz egiten, Baranbion galdua baitzen, Laudion ikasten saiatu zen arren ez zuen helburua guztiz lortu, baina jakin zuen bere seme-alabei ikasteko eta hitz egiteko beharra adierazten.

 
Itxarkundia dantza taldeak Salutxuri omenaldia

Frantziako estatuan egindako egonaldiaren ondorioz, familia osoak eskolan frantsesa ikasi zutenez , familiak bere barnean frantsesa erabili zuen bere bizitza osoan zehar, ohiko hizkuntza gisa.

Sariak aldatu

  • Erbestean, Errepublikako Dantzaren Erregina saria jaso zuen.

Omenaldiak aldatu

  • 2018an Itxarkundia Dantza Taldeak irakurrik zuen Laudioko jaien pregoia. Euskal kultura eta folklorea sustatzen egindako 40 urteko ibilbidearen aitortza gisa eta Salutxu Etxebarria taldearen sortzaileari omenaldia egiteko ere baliatu zuten.[3]
 
Itzalpeko 9 emakume erreferente
  • 2021ean Laudioko 9 emakume erreferente omendu zituzten Itzalpeko emakumeak erakusketan, haien artean, Salutxu.[4]

Heriotza aldatu

84 urte zituela hil zen Salutxu, Alzheimerrari lotutako gaixotasun luze baten ondoren. Bere bizitzako pasiorik handienak dantza eta aberriarekiko maitasuna izan ziren.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Deia. «Itxarkundia vestirá de danzas el pregón de fiestas de Laudio» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-13).
  2. Deia. «Cuarenta años de danzas en Itxarkundia» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-13).
  3. «Salutxu Etxebarriari omenaldia eginez agurtu dute urtea Itxarkundia dantza taldeko kideek - Laudio» Aiaraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-21).
  4. «Bederatzi emakume erreferente, itzalpetik argira - Laudio» Aiaraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-21).

Kanpo estekak aldatu