Salustiano Aseginolaza

Salustiano Aseginolaza Aranburu (Idiazabal, Gipuzkoa, 1822ko ekainaren 8an - Santiago de Compostela, 1894) farmazilaria, ikerlaria eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko dekanoa izan zen.

Salustiano Aseginolaza
Bizitza
Jaiotza Idiazabal1822ko ekainaren 8a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Santiago de Compostela, 1894 (71/72 urte)
Hezkuntza
Heziketa Unibertsitate Zentrala
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak farmazialaria, unibertsitateko irakaslea eta katedraduna
Enplegatzailea(k) Santiago de Compostelako Unibertsitatea

Buruko nahasteen ondorioz, Unibertsitateko lana psikiatrikoan egindako egonaldiekin tartekatu behar izan zuen.

Bizitza[1]Aldatu

Madrilgo Universidad Zentralen, gaur egun Complutense dena, Farmazia ikasketak egin zituen eta 1853. urtean lortu zuen lizentziatura.

Ikasketak bukatutakoan, Santiago de Compostelara joan zen bizi izatera.

1854ko abenduaren 6an ezkondu zen Bonifacia Gudín de Agrarekin San Fiz de Solovio elizan. Ezkonberriak Compostelako katedral famatutik gertu, Preguntoiro kale garrantzitsuan, jarri ziren bizitzen. Ezkondu eta 11 hilabetera Matilde izeneko alaba jaio zen.

Unibertsitateko irakasle[2]Aldatu

1858an Santiago de Compostelako Unibertsitatean irakasle plaza lortu zuen. Eskolak emateaz gain, bere ikasketetan sakontzen jarraitu zuen eta doktore tesia idatzi zuen, sendabelarrei buruzkoa. “Paralelo entre los sistemas y métodos llamados naturales en botánica para deducir las ventajas de estos últimos en el estudio de la materia farmacéutica vegetal”[3] izenburua zeraman tesia, Madrilen argitaratu zen 1861. urtean. Lan horren ondorioz, 1863an Farmazia fakultateko katedra lortu zuen[4].

Unibertsitate munduan erabat murgilduta bizi zen, baina 1865. urtearen amaiera aldera, harridura sortzen hasi zen Aseginolaza doktorearen jokamoldea familia eta ingurukoen artean eta burua galtzen hasi zela pentsatu zuten.

Unibertsitateko arduradunekin arazoak izaten hasi zen. Antza denez, Farmaziako dekanoarekin tirabirak zituen. Aseginolazak hainbat ikerketa egin zituen, baina dekanoak ez zion horiek argitaratzeko baimenik ematen. Hori salatzeko, eskutitza idatzi zion Unibertsitateko arduradunei: “era un obstáculo para que el interesado diera publicidad a trabajos científicos que habían de honrar a España”.

Aseginolazakk farmazia arloan ikerketak egiten jarraitu zuen eta, bere ustez, ordurarteko teoria guztiak hankaz gora jarriko zituen aurkikuntzak egin zituen. Horregatik, teoria berriak azaltzeko ikastaro teoriko eta praktiko bat emateko baimena eskatu zuen. Errektoreak ikastaroa emateko baimena eman zion, baina aldi berean bere jokaerei neurria hartzeko eskatu zion: “sea más circunspecto y comedido en su conducta pública y privada.”

Unibertsitateak bi astetarako derrigorrezko oporrak hartzera behartu zuen. Aseginolazak ez zutela era justuan tratatu sentitzen zuen eta, protesta modura, ondorengoa idatzi zuen: “así como la mejor fruta suele ser la más picada por los pájaros, así los hombres más dignos pueden ser los más calumniados“.

GaixoaldiaAldatu

Derrigorrezko atsedenaren ondoren, Unibertsitatera bueltatu zenean, gero eta buruko nahasmen larriagoarekin jarraitu zuen Aseginolazak.

1866an, Santiago de Compostelan, Quirino Almoina izeneko gizonaren dendara sartu zen pistola bat eskuetan zuela. Dendaria kalera aterarazi zuen eta guardia munizipala agertu zenean, guardiari apuntatu zion bere betebeharra ez zuela ondo betetzen esanez. Gaua kalabozoan pasa zuen arren, goizerako aske utzi zuten Aseginolaza.

Berriro kalean aske zegoela, lorezain batek lagunduta, Unibertsiatea zegoen Fonseca jauregira joan zen. Unibertsitateko klaustroan zuhaitzak landatu behar zituela sartu zitzaion buruan; patioko zoruko baldosak altxatu eta zuloak egiten hasi zen. Kontserjeak inork baimendu gabeko lanak geratu eta Aseginolaza bidaltzea lortu zuen.

Halakoa zen buruan zuen nahasmena, era guztietako irudipenak bururatzen zitzaizkion eta, zentzurik gabeko gauzak esaten hasi zen: “decía que no habia podido sofocar una sublevación de trabajadores del ferrocarril.” Ikusitakoak ikusita, Aseginolazaren osasun mental egoera zein zen jakin arte Unibertsitateak kargutik alboratu zuen.

TratamenduaAldatu

Irakasle lanetik alboratu zutenean, Compostela utzi eta denboraldi baterako Idiazabala ituzli zen. Idiazabalgo medikuak Aseginolazaren osasun egoerari buruz idatzitako txostenaren arabera, jaioterrian gustura zegoen; Santiago de Compostela aipatze hutsarekin, ordea, aztoratu egiten omen zen: “estado de irritabilidad, exuberancia y exaltación.” Dena dela, medikuaren iritziz, bere buruaren jabe zen Aseginolaza eta ez zeukan zalantzarik epe motz edo laburrean osatuta egongo zela.

Aseginolaza sendatu egin zen eta denbora gutxira berriro katedratiko lanetara itzuli zen Santiago de Compostelara.

Hiru urte beranduago, berriro buruko osasun arazoak hasi ziren. Maximino Teijeiro mediku galiziarrak baimena eman zion Idiazabalera joateko, han hobeto egongo zela iritzita.

Bonifacia emazteak uste zuen ez zela nahikoa izango Idiazabalgo atsedenaldia eta bere senarra Pau hiriko psikiatrikoan ingresatzea erabaki zuen. Gau batean, Paueko psikiatrikotik ihes egitea lortu zuen Aseginolazak. Ezin izan zuten inon aurkitu eta, egun batzuk beranduago, Idiazabalen agertu zen bere kabuz. Dementzia agerraldi horren ondoren, beste psikiatriko batean ingresatzea erabaki zuen familiak, oraingoan Zaragozan. Bertan egon zen 1870 hasiera arte.

Zaragozako egonaldiaren ondoren Santiagora itzuli zen, itxuraz sendatuta, baina bi urte beranduago, eszedentzia eskatu zuen, Valladolideko psikiatrikoan “pensionista de primera clase” gisa sartu zen.

Valladolideko psikiatrikoko zuzendariak baieztatu zuen, Aseginolazak, noizbehinka azaleratzen zen gaixotasun hereditario sendaezina zuela. Beraz, bizi guztirako izango zela.

Azken urteakAldatu

Valladolideko egonaldiaren ondoren, urte batzuk beranduago, 1875ean, Santiagoko Unibertsitateko dekano izendatu zuten. Jarraian ez izan arren, hainbat epealditan bete zuen plaza 1890. urtera bitartean[5].

1894an hil zen arte mantendu zuen Unibertsitateko katedra[6].

ArgitalpenakAldatu

  • Paralelo entre los sistemas y métodos llamados naturales en botánica para deducir las ventajas de estos últimos en el estudio de la materia farmacéutica vegetal. Universidad Central. Facultad de Farmacia (Madril). Manuel Rojas inprimategia, 1861.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) Dawsr. (2015-11-08). «Las locuras de mi primo Salustiano» El Rincón de la Genealogía Noiz kontsultatua: 2020-03-28.
  2. Miñones Trillo, J.. (2010). Anecdotario de los Primeros Años de la Facultad de Farmacia de Santiago de Compostela (siglo XIX): un recuerdo a sus profesores y alumnos distinguidos. .
  3. Aseguinolaza y Aramburu, Salustiano.; Universidad Central (Madrid).. (1861). [Paralelo entre los sistemas y métodos llamados naturales en botánica para deducir las ventajas de estos últimos en el estudio de la materia farmacéutica vegetal. ] Impr. de Manuel Rojas Noiz kontsultatua: 2020-03-28.
  4. Escalafón de antigüedad de los catedráticos de las Universidades, según el lugar que corresponde a cada uno de ellos en 15 de agosto de 1873, con arreglo a lo prevenido por Orden del Gobierno de la República, de 20 de junio anterior. Ministerio de Educación.
  5. Barreiro Fernánde, X. R.. (2000). Historia de la Universidad de Santiago de Compostela, Volumen 2. Univ Santiago de Compostela.
  6. De Pharmaceutica scientia : 150 años de la Facultad de Farmacia (1857-2007). Universidade de Santiago de Compostela 2007 ISBN 84-9750-797-5. PMC 173606637. Noiz kontsultatua: 2020-03-28.