Sopela ta Urdulizko Gazte Asanblada

SUGA» orritik birbideratua)

Sopela ta Urdulizko Gazte Asanblada (SUGA) 2005. urtearen hasieran sortu zen kolektibo bat da. Hasiera baten Sopelako jendea baino ez zegoenez Sopelako Gazte Asanblada izan zen deitua. Eurentzat, Sopelako udaletxeak eskeintzen ez zituen eskakizun kulturalak era autogestionatu eta asanbleario batean herriko gazteei eskeintzeko sortua izan zen.

Hasiera baten, ekintza eta ekitaldi txikiak baino ez zituen egiten. Baina kolektiboa hazten zihoan heinean okupazioaren aldeko hautua egin zuen eta Urdulizko gazte batzuekin batera (eta, beraz, Sopela ta Urdulizko Gazte Asanbladaren izenean) bi herrien artean zegoen Igeltsera eraikina okupatzea erabaki zuen eta proiektua Apirilaren 16an aurrera eraman zen gaztetxe berriari eraikuntzaren izena ipiniz. Ordutik aurrera gazte asanbladak SUGA izena hartuko zuen eta kolektiboaren ekintzak kudeatzeaz gain gaztetxea ere kudeatzen zuen.

Hilabetera, Maiatzaren 25an, Ertzaintzak gaztetxea desalojatu zuen. SUGAk udaletxeko agintariei leporatu zien desalojo honen eta bertan gertatutako biolentziaren errua eta hainbat manifestazio eta protesta ekitaldi burutu zituen. Manifestaziorik nagusiena, desalojoaren osteko asteburuan egindakoa, Sopelan ordurarte egindako manifestaziorik handienetarikoa (are gehiago gazteak baino ez zeudela kontuan hartuta) eta Urdulizko lehenengoetarikoa.

SUGA egoitzarik gabeko kolektiboaren bideari jarraitzen saiatu zen. Hala ere, askoz ere indar gutxiagorekin: gaztetxea zegoen bitartean 50-60 kideko kolektiboa baitzen eta desalojoaren ostean erdiraino jaitsi zen.

2005eko abenduaren 26an SUGAk beste etxe bat okupatu zuen. Urduliz eta Sopela arteko mugan eta aurreko gaztetxearen alboan dagoen etxea alegia. Gaztetxe honen funtzionamendua aurrekoaren antzekoa da: Gazte Asanbladaren bilera astero eta lan-taldeak euren kabuz baina asanblada orokorraren azpitik lanean. Hala ere okupazio honek ez du aurrekoak izan zuen bezainbesteko babesa gazteen artean.

2012ko otsailaren 13an Urdulizko Gazte Asanbladak gazte asanblada irekia deitu zuen Urdulizko kultur etxean. Hainbat pertsona hurbildu ziren bilerara taldea berpizteko asmoz.

Koordinazioa aldatu

SUGAk Uribe Kostako gazte asanblada eta gaztetxeen koordinadoran lan egiten du Itzubaltzeta gaztetxea, Udondo gaztetxea eta Algortako gazte asanbladarekin batera. Koordinadora hau Bilboko itsasadarraren eskumaldetik Uribe Kostarainoko gazte asanbladak elkartzeko sortua izan zen, hau da, Erandiotik Lemoizerainoko herrienak; hala ere, herri eta auzo gehienek ez daukate gazte asanbladarik (Erandio, Barrika eta Lemoiz bezala) edo desegin dira (Plentziako Gazte Asanblada eta Berangoko Gazte Asanblada kasu). Koordinadora honen helburua bertako gazte asanbladek eta gaztetxeek elkar laguntzea da, batez ere desalojo arriskuetan eta okupazio berrietan.

Horretaz gain Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asabladen koordinadoran eta honen ekintzen antolakuntzan ere parte hartzen du; Gaztetxe Martxa kasu.

Herrietan bertan ere kolektibo batzuekin erlazio estua dauka. Batez ere Sopelan. Bertako jai batzordea eta txosnen batzordea sortu zirenetik koordinazio estuan egiten dute lan herriko kolektiboek.

Nahiz eta, alderdi politiko batzuekin harreman ona euki, urruntasuna mantentzen saiatu da jokaera partidistetan parterik ez hartzeko.

Kritikak aldatu

Gazte Asanblada honek ez du, noski, bi herrietako gazte guztiak ordezkatzen. Izan ere, badaude gazteen artean SUGAren ideologia eta jokabidea kritikatzen dutenak.

Alde batetik, badaude Gazte Asanblada Ezker Abertzalearekin erlazionatuta dagoela esaten dutenak. Hauek, alegiazko gaztetxe pluralago batean parte hartuko luketela leporatzen ohi diote. SUGAk bere burua defendatzeko esaten du kritika horiek gezurrezkoak direla eta horrelako iritziak botatzen dituztela, hain zuzen ere, bertan parte ez dutelako hartzen.

Kritika garrantzitsu bat alegalidadearena izan da ere bai. Jende askok kritikatu egin du erakunde publikoetan parte hartzeko ezetza. Baina hori gazte asanblada honen definizioan bertan dago, ez du parte hartzen bere independentzia ideologiko galduko lukelakoan dagoelako. Hala ere, kritika hori sortzen duen jendeak parte hartuko balu definizioaren zati hori, bere ezaugarri asanblearioa dela eta, atzera bota liteke.

Beste alde batetik, Gaztetxea leku itxi batean bihurtu dela esaten dutenak, ekitaldi ia guztiak bertan egiten baitira. Esan beharra dago, Ganebarri Gaztetxea bi herriguneetatik nahiko urrun dagoela.

Askotan jaso duen kritika (barne eztabaiden gaia ere izan da maiz) Urdulizen lan gutxi egitearena da.

Ikus, gainera aldatu

Loturak aldatu

Kanpo estekak aldatu