Rosario Dinamitera

politikari espainiarra

Rosario Dinamitera, benetan Rosario Sanchez Moraren ezizena, (Villarejo de Salvanés, 1919ko apirilaren 21Madril, 2008ko apirilaren 17) Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zuen miliziano bat zen. Miguel Hernándezen poema batek eman zion ospea bere errepublikaren alde egin zuen lanari: Rosario, dinamitera.

Rosario Dinamitera
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRosario Sánchez Mora
JaiotzaVillarejo de Salvanés1919ko apirilaren 21a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril2008ko apirilaren 17a (88 urte)
Hobiratze lekuaMadrilgo hilerri zibila
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, soldadua eta militantea
Izengoitia(k)La Dinamitera
Zerbitzu militarra
Adar militarra46th Division (en) Itzuli
Fifth Regiment (en) Itzuli
Graduasarjentu
Parte hartutako gatazkakBruneteko gudua
Espainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista

Bizitza eta gerra zibila aldatu

Aitak gurdiak eta nekazaritza tresnak egiten zituen Villarejon eta ama, berriz, gerra hasi aurretik hil zitzaion. 1935ean 16 urte zituen eta Madrilera joan zen lagun batzuen etxera. Handik gutxira bilakatu zen komunista eta josten ikasten hasi zen Círculo Cultural de las Juventudes Socialistas Unificadas delakoan.

17 urte zituelarik Milicias Obreras del Quinto Regimiento delakoan sartu zen eta 1936ko uztailaren 19an Somosierrarantz joan zen Mola jenerala gerarazteko asmoz. Rosariok ez zuen inongo instrukzio militarrik, baina beste emakume miliziano batzuk bezala (Angelita Martínez, Consuelo Martin, Margarita Fuente, Lina Odena...), frontera joan behar izan zuen eta ez zen aritu ohikoak ziren erizain edo sukaldari lanetan. Bi aste borrokan aritu ondoren, posizio gerran erori ziren eta dinamitarien lana egin zen ezinbesteko. Bonbak egiten aritu zen eta horrelaxe galdu zuen esku bat, kartutxo batek eztanda egin baitzion. Zauri larria izan zen, baina bizirik ateratzea lortu zuen. Miguel Hernándezen poemak kontatzen du pasarte hau.

Ospitaletik irten bezain pronto, Madrileko Errepublikako Estatu Nagusiaren zentralitaren ardura hartu zuen eta hantxe ezagutu zituen Miguel Hernandez, Vicente Aleixandre eta Antonio Aparicio, errepublikaren aldeko poetak denak.

Urtebete pasa ondoren, frontera itzultzeko aukera izan zuen. Madrileko Estatu Nagusia eta soldaduen arteko korrespondentzia eramatea zen bere lana oraingo honetan. 1937ko uztailaren 25eraino aritu zen horrela, eta errepublikanoak Alcalá de Henareserantz alde egin beharrean izan ziren. Han, 1937ko irailaren 12an Francisco Burcet Lucinirekin ezkondu zen (ezkontza zibila) eta handik pixka batera haurdun geratu zen.

1938ko urtarrilaren 21ean, senarra Teruelera joan zitzaion eta bera Dolores Ibarrurik, Pasionariak, antolatu zuen bulegoan hasi zen lanean. Helburua emakumeak erreklutatzea zen, gizonak frontera joaten zirenean hutsik uzten zituzten postuak betetzeko. Hortxe aritu zen bere alaba Elena jaio arte.

Ebroko guduaren ondoren, ez zitzaion senarraren berririk iristen eta Rosario hil ote zen beldur zen. Agian, Frantziara alde egitea lortu zuen edo preso hartu zutenetako bat zen. Urte batzuetan ez zuen senarraz ezer jakingo.

Rosariok eta bere aitak Alacantera alde egitea lortu zuten, alaba bere amaordeak zaintzen zion bitartean. Ez zuten zorterik izan eta beste 15.000 errepublikanoen antzera harrapatu zituzten, inoiz iritsiko ez ziren Nazioen Ligako ontzien zain.

Aita fusilatu egin zuten eta Rosario, berriz, askatu eta Madrilera eraman. Baina horrek ez zion askatasuna ekarri, bere bizilagun falangistek atxilotu baitzuten oraingoan eta Villarejoko kartzelan sartu hasieran, Getafekoan ondoren. Heriotza-zigorra eskatu zuten berarentzako, baina 30 urteko kartzela zigorragatik ordezkatu zuten. Beste kartzela batzuetatik ere pasatu zen, Durango eta Saturraran tarteko.

1942ko martxoaren 28an askatu zuten. Egun hartantxe hil zen Alacanteko espetxean Miguel Hernández.

Bere herritik 200 kilometrora erbesteratu zuten eta Bierzora joan zen. Hala ere, alaba ikusi gabe ezin etsi eta, Madrilera inguratu zen. Bere senarraren bilaketari ekin zion eta bizi berri bat hasi zuela Oviedon jakin zuen, erregimen frankistak ezkontza zibil guztiak ezeztu baitzituen.

Rosario berriro ezkondu zen eta beste alaba bat izan zuen, handik bi urtera banandu bazen ere. Bizirauteko Cibeles enparantzan saltzen zuen amerikar tabakoa eta geroago estanko bat jarri zuen Madrilen. Hara etorri zitzaion lehenengo senarra, baina 15 urte ez ziren alferrik pasatu.

Rosario, dinamitera aldatu

Miguel Hernándezek idatzi zuen 1937 aldera eta Rosario Sanchezek frontean izandako esperientzian du oinarria. Horrelaxe dio:

« Rosario, dinamitera,

sobre tu mano bonita
celaba la dinamita
sus atributos de fiera.
Nadie al mirarla creyera
que había en su corazón
una desesperación,
de cristales, de metralla
ansiosa de una batalla,
sedienta de una explosión.

»

Kanpo loturak aldatu