Rosario Artola

euskal idazlea

Rosario Teodora Artola Elizetxea (Donostia, Gipuzkoa, 1869ko maiatzaren 7a - 1950eko urtarrilaren 5a) euskal idazle bat izan zen, XIX. mendean euskaraz idazten hasitako lehen emakumeetako bat.

Rosario Artola

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRosario Teodora Artola Elizetxea
JaiotzaDonostia1869ko maiatzaren 7a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaDonostia1950eko urtarrilaren 5a (80 urte)
Familia
AitaRamon Artola
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta idazlea
MugimenduaEuskal Pizkundea

Literaturaren Zubitegia: 485

Bizitza aldatu

Rosario Teodora Artola Elizetxea Donostian sortu zen, 1869an.[1]. Ramon Artola tolosarra (1831-1906)[2] eta Manuela Elizetxea lezoarra (1827-?)[3] izan zituen guraso; bost senidetan gazteena izan zen: Ramon, Pako, Pepe, Manuel (8 urterekin hil zena) eta bera. Aita Ramon olerkari ospetsu bat izan zen, eta Pepe anaia ere olerkari eta antzezle ezagun bat izan zen Donostian, XIX. mende amaierako euskal kulturaren belaunaldian.[4] Artolatarren familia Donostiako tradizio liberalean kokatzen da; besteak beste, aita Ramon boluntario ibili zen milizia liberaletan, Hirugarren Karlistaldian, karlistek Donostia inguraturik zutenean.[5]

Lanbidez, jostuna izan zen; urte luzez aritu zen lanbide horretan, Donostiako Idiakez kaleko joskintza lantegi batean.[6] Ez zen inoiz ezkondu.[6] Bizitza luzea izan zuen; laurogei urte beteak zituela hil zen Donostian, 1950ean.

Ibilbidea aldatu

Emakume idazle aitzindari aldatu

Azterketak oso urriak diren arren, XX. mendearen lehen urteak oso emankorrak izan ziren, emakumeek idatzitako euskal literaturari dagokionez.

XIX. mendearen amaieran, bereziki foruak indargabetu ondoren, Euskal Herriaren nortasuna, tradizioak, kultura eta hizkuntza babesteko mugimendu intelektual indartsu bat sortu zen euskal lurralde guztietan. Euskal kulturaren loraldi horretan, emakumeei leku bat emateko ahalegin bat egiaztatu zen, bereziki euskararen gotorleku zirelakoan. Horrela, pixkanaka emakume idazlearen figura soziala ―hau da, onarpen maila zabal bat eta eginkizun intelektual jakin batzuk dituena― eratzen joan zen.[7]

Horrez gainera, euskararen babes sozialaren esparruan eragin handia izan zuen, baita ere, euskal abertzaletasun sortu berriak. Emakumea euskal gizarte tradizionalaren ikurtzat hartzen zen, eta berpizkunde bati ekiteko nahitaezko gotorlekutzat; izan ere, emakumea belaunaldien artean kulturaren eta hizkuntzaren transmisioaren bermetzat hartzen zen, eta belaunaldi berrien hezieraren arduradun nagusitzat.[8]

Politikan eta gai sozialetan emakumeen parte hartzearen aldeko iritzi orokor horrekin batera, euskarazko kultura eta literatura sailetan emakumeen ekarpena gero eta bilatzen zen. XX. mendearen lehen urteetan, euskararen aldeko elkarte eta aldizkari askok emakumeak nahi izaten zituzten egile partaideen artean.[9] Emakume idazleen aitzindari izan zen Rosario Artola:[7] 1889tik 1918ra bitarte, 46 poema argitaratu zituen, batez ere Euskal-Erria aldizkarian.

Olerkiok bertsolaritzaren moldeak eta baliabideak dituzte oinarrian, bai neurriaren aldetik (zortziko txikia, gehienetan), bai erritmoaren aldetik. Alde formal eta estilistikoan, Artolaren olerkigintza bat dator garai hartako euskal poeta gehienen joerarekin.[oh 1]

Zernahi gisaz, Artolak emakume idazleen ikusezintasuna[10] era berezi batean pairatzen du: irudi luke familiaren halabeharrezko ondorioz ―aita Ramon eta anaia Pepe idazle zirelako, alegia― izan zela idazle, ez beraren merezimendu soilez.[11][oh 2]

Garai hartako kultura nagusiak emakumeari aitortzen zion betekizun mugatuaren barruan, Artolak bere bidea egiteko ahalegin bat egin zuen euskal olerkigintzan.

 
Euskal Fedea taldeko kideak, Donostian, 1911ko ekainaren 9an. Ezkerretik eskuinetara: eserita, Rosario Artola, Jose Marino Arrieta eta Maria Casal; zutik, Ramon Echeveste, Pepe Artola, Federico Larmán, Domingo Andonegui, Juan Ignacio Uranga, Jose Gamboa, Felipe Casal, Ramón Guelbenzu eta Pablo Casal. Eskaintza autografoa, goien: «Euskal gai egintza zarren agerdari yayo Adrian Loyarte jauna-ri Euskaldun Fedea-k: 1911ko garagarilla-ren 9an, Donostiya-n».[12]

Antzerkia aldatu

Idazle gisa egindako lanaz gain, antzerkian aritu zen Rosario Artola, Euskaldun Fedea taldean. Antzerki talde hori Donostian sortu zen 1896ko martxoan, Marzelino Soroa antzerki idazlearen inguruan; taldean zegoen, Rosario Artolaren batera, Pepe Artola anaia. Euskal antzerkia Gipuzkoako herri askotara eraman zuen. Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak antolatzen zituen lore-jokoen barruan. Antzerkigile talde berri bat sortu zen Euskal Fedearen eraginez, ikusleekin bat egiten zuena antzerkiaren eginkizunaz: denbora-pasa atsegin bat izatea. Horrela, Euskaldun Fedeak alaitasunaren, komediaren eta jolasaren mezua zabaldu zuen herriz herri; batzuetan, ironia pixka bat ere bai.

Euskaldun Fedean parte hartutakoen artean daude Pepe Artola, Ramon Illarramendi, Ramos Azkarate, Valeriano Mocoroa, Jose Marino Arrieta, Maria Casal, Juan Inazio Uranga, Serafin Baroja, Toribio Altzaga, Domingo Andonegui, Federico Larmán, Jose Ganboa, Felipe Casal, Ramón Guelbenzu eta beste zenbait.

Partaideen artean zegoen, baita ere, antzerki lanen idazle gisa, Biktoriano Iraola pasaitarra. Rosario Artolaren aita Ramonen lagun hurkoa zenez, harreman handia izan zuen Iraolak artolatarrekin. Besteak beste, Rosarioren erretratu ezagunena (artikulu honen buruan ikusten dena) Iraolak egindako marrazki bat da, 1894ko ekainaren 2an argitaratua El Thun Thun - Semanario koshkero aldizkarian.[oh 3]

Kritikaren ikuspegia aldatu

Luis Baraizarrak eta Julen Urkizak aitzindaritza garbi bat aitortzen diote Rosario Artolari euskal emakume idazleen artean:

« Aldizkariei gainbegirada bat eginez gero, XIX. mendean bertso banakak egindako emakume bat edo beste agertzen dira. Baina normaltasunez aldizkarietan idazten lehenengoa izatearen ohorea Rosario Artolari dagokio.[13] »


Maite Nuñez-Betelu[14] irakaslearen iritziz, euskal emakume idazleen aitzindari izateaz gain Rosario Artolaren lanetan argi nabarmentzen da kultura eta nortasun xedea:

« Euskal-Erria aldizkarian 1889tik 1918ra argitaratu zituen berrogei poemen ikusmira da euskara eta herri folklorea babestea, eta, aldi berean, garai hartan euskaldunen bere-berezkotzat jotzen zen ezaugarri bat adieraztea: erlijiotasuna.[9] »


Izan ere, Artolaren olerkigintzak euskaldun fededun axioma adierazten du, hau da, euskaldunak berez eta halabeharrez kristau fededun direla. Axioma hori euskal literaturara guztiz zabalduko da hurrengo urteetan, euskal nortasunaren ezaugarri nagusietako bat balitz bezala, bereziki euskal emakumearena.

Artolaren olerkiak lau arlotan sailkatu daitezke:

Alegiak aldatu

Lehen urteetan, Artolak bertsotan idatzitako alegiak dira, xede didaktiko argi batez eginak. Alegia hauen erakutsietan nabarmentzen dira benetako adiskidetasunaren balioa (adibidez, «Bi choriyak» olerkian); lanari lotzeko jarrera ona (adibidez, «Asto alperra» olerkian); edo emandako hitzari eutsi beharra (adibidez, «Aŝeriyak» olerkian). Olerki hauetan, euskal baserriari lotutako bizimolde tradizionala islatzen du, emakumea beti bigarren maila batean erakusten duena.[15]

Elegiak aldatu

 
Rosario Artolaren hilobia, Donostiako Polloeko hilerrian, Bakearen Andre Mariaren kalean. Bertan dago hilobiratuta, baita ere, anaia Pepe (2023).

Euskal idazle askoren ―haietako batzuk, Euskal-Erria aldizkariaren partaideak― heriotzean idatzitako olerkiak idatzi zituen Artolak; guztiak, gizonezkoak. Euskal kulturaren alde egindako lana eta ahalegina goratzen ditu, eta eredutzat aurkezten ditu, orobat. Olerki hauetan, Jainkoarengan bilatzen du Artolak kontsolamendua, eta azpimarratzen du hil ostean ere euskal kulturaren alde egindako lana geldituko dela bizitzan egindakoaren lekuko.[15]

Ama Birjina goratzeko olerkiak aldatu

Sail honetakoak dira Artolak idatzitako olerki gehienak. Maite Nuñez-Betelu irakaslearen ustez, poema hauek ez dira soilik idazlearen erlijiotasunak eragindakoak:

« Lehen begiratuan, irudi luke lore eskaintzak besterik ez direla, maiatzean idatziak; baina, aldi berean, oroigarri bat dira, euskal emakumeen jarraibide izan nahi duena: emakumeak izan behar du esanekoa, saiatua, langilea eta ernea, beti gizonaren agindutara eta haren kontrolpean. Ama Birjina da emakume figura bakarra Artolaren olerkietan, garai hartako diskurtso kontserbadoreak emakumeari baimentzen zion bakarra.[15] »


Olerki libreak aldatu

Sail honetako olerkietan, gutxi batzuk izan arren, eguneroko bizitzari lotutako gai mundutarragoak lantzen ditu Artolak, hala nola urtaroak, udaberria, senideak edo bere gitarra. Maite Nuñez-Betelu irakaslearen iritziz, poema pertsonalagoak dira hauek:

« Olerki hauetan ikus daiteke Artolaren sormen askatasun saio bat, lotsatia izan arren. Gai hauek hautatzea ez dator tradizioak, genero diskurtsoak edo abertzaletasunak aginduta, baizik egileak berak poesia sortzeko gogoaren erakusle dira. Kultura nagusiak lagatzen dion espazio laburrean, Artolak tarte bat lantzen du, status quo auzitan jarri gabe ere, bere interes propioak garatzeko; estrategia hori izaera bereko beste emakumeekin partekatzen du Artolak.[15] »


Luis Baraizarra eta Julen Urkiza ez dira oso bestelako iritzikoak, olerki libre hauetan Artolak erakusten duen jokabideaz:

« Ez bilatu hor bizitzako trantze latzen adierazpen ozpindurik, ez pentsamenduen sakontasunik, ez izpirituaren kutxa gordetik ateratako bitxirik. Xumea, egunerokoa, betikoa kantatzen da bertso hauetan... Baina ez dira liluragabeak eta hotzak.[16] »

Lanen zerrenda aldatu

Alegiak aldatu

  • «Aitona-illobachoaren jolascho bat». Euskal-Erria, 1896-7, 401. or.
  • «Asto alperra». Euskal-Erria, 1892-1, 479. or.
  • «Astoa ta otsoa». Euskal-Erria, 1895-7, 363. or.
  • «Aŝeriyak». Euskal-Erria, 1899-7, 406. or.
  • «Bi choriyak». Euskal-Erria, 1893-1, 185-186. or.
  • «Bi saguak. Ipuiya». Euskal-Erria, 1893-1, 213-214. or.
  • «Chori eriya». Euskal-Erria, 1893-1, 277-278. or.
  • «Farra eman ziran». Euskal-Erria, 1893-1, 326-327. or.
  • «Katu zarra ta gaztia. Ipuiya». Euskal-Erria, 1893-1, 229-230. or.
  • «Naigabea eta atsegiña». Euskal-Erria, 1893-7, 391. or.

Elegiak aldatu

  • «Errikosheme azkarra-ri [Adrian Loyarte]». Euskal-Erria, 1914-1, 491. or.
  • «Kayetano S. Irure'ri oroimena». Euskal-Erria, 1916-7, 209. or.
  • «Jauna-ren onduan». Euskal-Erria, 1912-1, 122. or.
  • «Nere aita maite biyotzeko-ari». Euskal-Erria, 1910-7, 166-167. or.
  • «On Antonio-ri oroimena». Euskal-Erria, 1904-1, 371. or.
  • «On Franzizko Lopen Alen zana-ri». Euskal-Erria, 1910-7, 26. or.
  • «Oroigarri bat». Euskal-Erria, 1910-1, 77. or.
  • «Oroimen bat. [Jose Zapirain]». Euskal-Erria, 1914-7, 215. or.
  • «Oroimen bat. [Migel Salaberria]». Euskal-Erria, 1915-1, 409. or.
  • «Oroimenchua. [Eugenio Gabilondo]». Euskal-Erria, 1913-7, 355. or.
  • «Oroimengarriya, Marzelino Soroa zanari». Euskal-Erria, 1902-7, 59-60. or.
 

Ama Birjinaren olerkiak aldatu

  • «Aranzazuko Ama Birjiñari». Euskal-Erria, 1902-7, 310-311. or.
  • «Birjiña Amari». Euskal-Erria, 1892-1, 28-29. or.
  • «Birjiñari mayatzeko loreak». Euskal-Erria, 1913-1, 408. or.
  • «Birjiñari loreak». Euskal-Erria, 1904-1, 407. or.
  • «Kontzeziyoko Birjiñari». Euskal-Erria, 1912-7, 490. or.
  • «Loriak. Birjina Amari». Euskal-Erria, 1901-1, 576. or.
  • «Mayatzeko loreak Birjiñari». Euskal-Erria, 1912-1, 414. or.
  • «Mayatzeko loreak Birjiñari». Euskal-Erria, 1915-1, 426. or.
  • «Mayatzeko loreak Birjiña'ri». Euskal-Erria, 1916-1, 399. or.
  • «Mayatzeko loreak Birjiñari». Euskal-Erria, 1917-1, 397. or.
  • «Mayatzeko loreak Birjiñari». Euskal-Erria, 1918-1, 397. or.
  • «Zerubetako Erregiña Ama Birjiña Guadalupekoari». Euskal-Erria, 1903-7, 322-323. or.; bertso-papera, Biktoriano Iraolaren etxean inprimatua.
  • «Zoriona Ama Birjiñari». Euskal-Erria, 1914-7, 129. or.
 

Olerki libreak aldatu

  • «Anayari ongi-etorriya». Euskal-Erria, 1891-1, 375. or.
  • «Baserriyan». Euskal-Erria, 1894-7, 442. or.
  • «Inozentziya». Euskal-Erria, 1901-7, 423. or.
  • «Nere anai Franzisko-ri bere egunean». Euskal-Erria, 1889-7, 444. or.
  • «Nere gitarchoari». Euskal-Erria, 1889-1, 215. or.; La Voz de Guipúzcoa, 1893-01-14.
  • «Nere lagunari bere egunean». Euskal-Erria, 1893-1, 295. or.
  • «Uda berriya». Euskal-Erria, 1894-1, 346. or.
  • «Ume zurtza». Euskal-Erria, 1904-7, 239. or.; bertso-papera.
  • «Zuri». Euskal-Erria, 1895-1, 103. or.

Sariak aldatu

  • 1892an Donostiako Euskal Jaietan, «Birjiña Amari» olerkiarekin.
  • 1892an Donostiako Euskal Jaietan, «Bi chroriyak» olerkiarekin.
  • 1896an, Kanboko Euskal Jaietan «Aitona-illobachoaren jolascho bat» olerkiarekin.
  • 1902an Oñatiko Euskal Jaietan, «Arantzazuko Ama Birjiñari» olerkiarekin.
  • 1903an Irungo Euskal Jaietan, «Zerubetako Erregiña Ama Birjiña Guadalupekoari» olerkiarekin.
  • 1904an Ordizian, «Umezurtza» olerkiarekin.
  • 1913an Donostiako Lore Jokoetan, «Ama Birjiña» olerkiarekin.
  • 1918an Donostian, «Aitona ta illoba» lanarekin.
 
Rosario Artola kalea, Donostia (2021).

Omenezko aipamenak aldatu

Rosario Artola izena darama kale batek Donostian, Antigua auzoan.[17] Hala erabaki zuen Donostiako Udalak 2010eko maiatzaren 28an, Aranzadi Zientzia Elkarteak proposatuta.[18][oh 4]

Bibliografia aldatu

  • Emakunde. Aholkulari teknikoa: M. Jesus Izquierdo Benito (1994) Las mujeres  en  la producción  artística  de Euskadi. Gasteiz, Emakunde. ISBN: 978-84-87595-30-8.
  • Luis Baraizarra, Julen Urkiza (1996) «Emakumeak bertso eta olerkigintzan, XIX. mendea – Rosario Artola» in Karmel aldizkaria, 215. zk.
  • Mikel Atxaga (1997) Emakume idazleak (1908-1936). «Bidegileak» bilduma, 9. alea. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. ISBN: 978-84-457-1221-7.
  • Gotzon Egia (2002) Donostiar haien garaia... Irun, Alberdania. ISBN: 987-84-95589-45-1.
  • Maite Núñez-Betelu (2008) «Exiliadas en su propia creación: la autoexclusión de las mujeres en la literatura vasca de ambos lados de los Pirineos» in Letras Femeninas 34. liburukia, 2. zk., 159-174. or. Asociación de Estudios de Género y Sexualidades. ISSN: 0277-4356.
  • Patricio Urquizu Sarasua (2009) Poesía vasca. Antología bilingüe. Bergara, UNED. ISBN: 978-84-362-5855-4.
  • Amaia Alvarez Uria (2011) Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan. Gasteiz, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua. ISBN: 978-84-9860-680-5.
  • Paulo Agirrebaltzategi, edizioa eta sarrerak (2018) Arantzazu bertso berritan. Arantzazu, Arantzazu E.F. ISBN: 978-84-7240-302-4.

Oharrak aldatu

  1. Bertsolaritzaren alderdi teknikoari dagokionez, Luis Baraizarrak eta Julen Urkizak (1996, 14. or.) ikuspegi kritiko bat agertzen dute, Artolaren olerkiei buruz: batzuetan «errima pobreak» erabiltzea edo «bertso berean errimak aldatzea, komenentziaren arabera» leporatzen diote; orobat Artolarena «bertsogintza ez goi-mailakoa» dela diote.
  2. Ohartarazi beharra dago Emakundek 1994an argitaratutako Las mujeres  en  la producción  artística  de Euskadi liburuan Rosario Artolaren aipamen bakarra oso era indokumentatuan egiten dela, 189. orrian: alde batetik, esaten da Errenterian jaioa zela; eta, bestetik, ez dela hari buruzko inolako daturik gordetzen.
  3. Euskal poeta eta idazleen gorputz osoko karikatura edo erretratuak argitaratu zituen Iraolak El Thun Thun aldizkarian. Ohargarria da, baina, Rosario Artolaren erretratuaren txanda iritsi zenean ez zuela gorputz osoko karikaturarik egin, baizik gerritik gorako edo aurpegiaren erretratu klasikoago bat, karikaturatik urrun.
  4. Urte batzuk lehenago, Rosario Artolaren izena aurreikusi zen Morlans auzoan egitekoa zen kale berri baterako, baina plangintzaren garapenean kale hura ez zen egitera iritsi. Ikus «Calles con nombre femenino» El Diario Vasco 2010-05-27 Noiz kontsultatua: 2021-04-10.

Erreferentziak aldatu

  1. «Bataioa Rosario Teodora, Artola, Elizechea» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
  2. «Bataioa Ramon Antonio, Artola, Larrañaga» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
  3. «Bataioa Maria Manuela, Elicechea, Alcelay» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
  4. Luis Baraizarra, Julen Urkiza (1996), 7. or.
  5. Ramon Artola. (2003). Sagardoaren graziya II. Hitzaurrea: Antonio Zavala.: Auspoa (Gipuzkoako Foru Aldundia), 8 or. ISBN 978-847907292X..
  6. a b Gotzon Egia (2002), 47. or.
  7. a b Maite Núñez-Betelu (2008), 159. or.
  8. (Gaztelaniaz) Antonio Elorza. (1978-01-01). «“Emakume”: La mujer en el nacionalismo vasco» Tiempo de historia 38: 4-17. ISSN 1185-6691. (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
  9. a b Maite Núñez-Betelu (2008), 161. or.
  10. Amaia Alvarez Uria (2011), 63. or.
  11. Emakunde (1994), 189. or.
  12. Argazkiaren iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea, https://www.kmliburutegia.eus/Record/602833
  13. Luis Baraizarra, Julen Urkiza (1996), 5. or.
  14. (Ingelesez) «Maite Nunez-Betelu | Faculty / Staff Directory» Lindenwood University (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
  15. a b c d Maite Núñez-Betelu (2008), 162. or.
  16. Luis Baraizarra, Julen Urkiza (1996), 12. or.
  17. «rosario artola» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
  18. (Gaztelaniaz) «Calles con nombre femenino» El Diario Vasco 2010-05-27 (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu